Andre Maria Jasokundekoaren eliza
FITXA
Izena: Andre Maria Jasokundekoaren eliza
Herria: Errenteria
Helbidea: Herriko plaza, z/g
Auzotegi: Parte Zaharra
Eskualde: Oiartzualdea
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Eliza
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Beste Mendeak: XVII, XVIII, XIX
Estiloa: Errenazentista
Beste Estiloak: Barrokoa, Neoklasikoa
Balioa: Oso ona.
Kontsebazioa: Ona oro har.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa
Autorea: Joan Garita
Eliza, kanpandorrearekin bat eginda, Errenteriako erdigune historikoan dago.
Lehenbiziko aldiz 1384. eta 1432. urteetan aipatzen da; ondoren, isilunea, 1524. urtea arte. Urte hartan hasi ziren berria eraikitzen, aurrekoaren hondakinen gainean.
Eliza lau alditan egina da. Lehenbizikoa 1524tik 1541era artekoa izan zen, eta eliza gotikoari dagokio, honako elementu hauekin: presbiterioko garaipen arkuari eusten dioten euskarriak, hiru absideetako eta alboko hormetako zenbait pilastra, eta habearteen lehen atala zatitzen duten bi zutabe handiak.
Bigarren aldian, 1541etik 1571rakoan, zehaztu zen behin betiko elizaren itxura.
XIX. mendean, 1897. urtean bukatu zen kanpandorrea, estilo gotikoan, Ramon Kortazarren agindupean.
XX. mendean, 1913tik 1914ra, baoak handitu eta beirateak ezarri ziren eta hegoaldeko fatxadako atea ireki.
Oinplano basilikala du elizak eta hiru habearte -hauetatik aise zabalena erdikoa da- garaiera berdineko bost atalekin. Gangek, XVI. mende hondarrean eginak, nerbio diagonalak dituzte tertzelete eta loturekin, eta horien bidez batzen dira beren giltzarriak erdikoarekin. Atal bakoitzeko arkuen giltzarriak linea uhindu baten bidez batzen dira. Gangak zutabeetan bermatuta daude, eta lehenbizikoak zirkulu formako nukleo bat eta zortzi fuste mehe atxikita ditu; pilastra meheak ere badira.
Gainerako zutabe pareek fuste zilindrikoa eta kapitel toskanarra dute.
Azkeneko zutabe parean bermatuta dago korua, erdiko habeartean alderik alde, eta albokoetan bi ataleko eskailera dago.
Kanpoaldean kontrahormak ageri dira gargolekin errematatuta, eta horiek beroriek, aleman estiloari jarraituz, barruan nerbioekin estalitako kaperei irekita daude.
Hormak erlaitz boladunekin errematatuta daude.
Erdiko habearteak abside poligonala du kanpoaldean, eta barrualdean zirkuluerdi formako kasetoiz hornitutako esfera laurdeneko estalkia; alboko habearteek erremate poligonala dute.
Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadetan daude sarbideak. Hego fatxadakoa berria da, estilo neogotikoan egina. Ipar fatxadakoak, harmaila eta guzti, Herriko enparantzaren alde bat betetzen du. Juan Gomez de Moraren diseinuari jarraituz Kristobal Zumarristak burutu zuen.
Sartaldeko fatxadan dago kanpandorrea.
Leihate handi batzuetatik sartzen da argia barrura. XX. mendeko beirateak dituzte horiek, eta trazeria gotikoa; alboetako bi hormetan eta sartaldekoan daude leihateok. Zirkuluerdiko bao estuak ageri dira kanporantz kaperetan, baina gehienak itxita daude.
Barrualdea eta kanpoaldea hareharrizko harlanduz egina da.
Andre Mariaren Koroatzearen edo "Amonen" erretaula da gailen eliz barruan; lan flamenkoa da, XV. mende hondarrekoa edo XVI. mende hasierakoa, eta ezker alboko lehenbiziko kaperan dago. Aipagarri dira, era berean, Anbrosio Bengoetxearen sagrario bat, 1615. urtekoa; erretaula nagusia, neoklasikoa, 1784. urtekoa, Ventura Rodriguezek proiektatua; eta bataiarria erliebez hornitua, XVI. mendekoa.