Itzuli orri osora

San Martin Tourskoaren eliza

FITXA

Izena: San Martin Tourskoaren eliza

Herria: Berastegi

Helbidea: Elizalde,1

Auzotegi: Elizalde

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Eliza

Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Mendeak: XVIII

Estiloa: Errenazentista

Beste Estiloak: Gotikoa, Neoklasikoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa.

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.

Deskripzioa eta oharrak:

Berastegiko Elizalde auzoan dago eliza hau, herrigunetik aparte samar.

XVI. mendean barrena aritu ziren eliza altxatzen eta, jakina, egile bat baino gehiago aritu zen horretan. Habearte bakarra du eta gurutze latindar formako oinplanoa, gurutzadura, eta horren bi besoetan kapera batzuk. Habeartea lau ataletan zatituta dago; azken biak, kanoierdiko gangarekin estalita, geroago eginak dira. Lehen atala abside poligono formakoari dagokio, eta oso tertzelete konplexuz hornituriko ganga du; hurrengo atalekoa bakunagoa da. Kaperetako gangak are bakunagoak. Gurutzadurako kapera baten arkua zorrotza da, bestearena, berriz, zirkuluerdikoa. Bata zein bestea pilastra gotikoen gainean bermatutako molduraz daude apainduta, eta irtenena mentsula txiki batzuen gainean, zeinetan mamu itxurako aurpegiak dauden zizelkatuta. Gangak ere pilastra gotikoen gainean daude bermatuta, eta Gipuzkoako gotikoenak direlako eta kapiteletan giza irudi landuak dituztelako (herrialde honetan ez da hori beste inon ikusten) oso nabarmenak dira. Ebanjelio aldean ere kapera bat dago, bataiategiari dagokion zirkuluerdiko arku baten azpian.

Epistola aldeko lehen hiru ataletan leiho bana dago eta horietatik sartzen da argia barrura. Absideak kanpoaldetik okulu bat du, barrualdetik ikusten ez dena. Epistola aldeko gurutzaduraren besoan beirate bat ageri da herriko armarriarekin.

Epistola aldean dago sakristia, eta bi sarbide dira bertara joateko: batak, burualdean, arku karpanela du, eta besteak arkua bihurgune konbexu askorekin, azken garaiko gotikoan ohi zenez. Korua arku beheratu baten gainean dago. Bikoitza da, eta bai goikoa bai behekoa bi zutabe toskanarretan bermatuta daude.

Dorrearen gorputza barruan zentratuta dago, kanpoaldera irten gabe, eta alde bakoitzean leiho zirkuluerdi formako bat du, beste bat lauki formakoa eta beste bat zirkuluerdi formakoa, bata bestearen gainean jarrita. Arkuak, baoak, leihoak eta abar izan ezik, barrualdean ia gainerako guztia emokatuta dago.

Kanpoaldean harlandua ageri-agerian ikusten da. Kontrahorma sendo ikusgarriak ditu eta horiek dentikuluz eta gargolaz hornitutako erlaitz batek errematatzen ditu. Atzeko aldea, geroago eraikia, manposteria emokatuz egina da.

Epistola aldea atari batek babestuta dago; ataria, poligono formakoa, gehiena manposteriaz egina da, gune batzuetan harlanduz hala ere. Bi garaiera ditu, goikoa leihoekin argia sartzeko, eta behekoa hiru sarbiderekin. Sarbide horiek aurrealdean eta alboetan daude, bi zirkuluerdiko arkuarekin eta bat dinteldua; badira zirkuluerdiko bost leiho ere. Zurezko zutoin zuzenen gainean dago bermatuta estalkia. Atarian portada erromaniko berantiarra edo gotiko hasierakoa dago. Herritarren bilera lekua zen eta, oraindik ere, bertan dago bilerak egiteko erabiltzen zuten mahaia.

Kanpandorrea, oso bakuna, linterna zilindro formakoa da eta euskarri kubiko baten gainean dago kanpaientzako hutsarteekin.

Burualde poligono formakoaren ondo-ondoan, sakristiaz gainera, apaiz etxea edo serora etxea dago.

Erretaula nagusia Anbrosio Bengoetxearena da, 1600. urte aldera egina. Zokalo beltzaren gainean altxatzen da bankua, oso altua, eta friso zabal batek, Kristoren Nekaldiarekin hornituta, bereizten du beste hiru gorputzetatik eta Kalbariotik. Bankuan dute hasiera hiru kaleek eta hiru kaletarteek. Erdiko kalean zenbait eskultura ikusten da solte. Kaletarteetan ere bada zenbait irudi. Bi kale erliebez hornituta daude. Kaperako erretaula bikiak barroko estilokoak dira, XVII. mendekoak. Sakristian zilarrezko intsentsu ontzia eta XVI. mendeko apaingarri bordatuak ikus daitezke.