Itzuli orri osora

San Salbador eliza

FITXA

Izena: San Salbador eliza

Herria: Fruiz

Helbidea: Aldai,z/g

Auzotegi: Aldai

Eskualde: Mungialdea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Eliza

Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Mendeak: XIII, XVIII

Estiloa: Errenazentista

Beste Estiloak: Erromanikoa, Barrokoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Zenbait gune jakinetan eskasa.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa.

Eraikintza Data: 1731

Akatsak: Akats txikiak hormetako zenbait gune jakinetan. Akats txikiak zenbait elementu apaingarri jakinetan.

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.

Autorea: Martin Larrea

Deskripzioa eta oharrak:

Bizkaiko Uribe-Butroe eskualdeko udalerri txiki bat da Fruiz; hor dago San Salbador eliza. XIII. mendeko eliza erromaniko baten gainean eraiki zen. Gaur zutik dakusaguna, oro har, Berpizkundekoa da. XIII. mendekoak dira hegoaldeko portada eta sartaldeko sarbide errenazentistan dagoen ur bedeinkatu ontzia. Horma batean sartuta antzinako hilarri bat ere bada.

Elizak habearte bakarra du eta abside angeluzuzena, hori habeartea baino estuxeagoa. Oinplanoa angeluzuzena da eta hiru isurkiko teilatu batek estaltzen du. Luzeran hiru ataletan zatituta dago eta hauek kanpoaldetik banatuta daude hormei eusten dieten kontrahorma angeluzuzenekin.

Lauki formakoa da kanpandorrea eta habeartearen alde batean, Ebanjelioarenean, dago altxatuta; hiru atal ditu eta lau isurkiko teilatu batek estaltzen du. Dorrearen beheko atala sortaldera dagoen sarbideko arkupea ere bada. Dorrearen hormetan bao batzuk ikusten dira eta horietatik nabarmenenak, beheko atalean, saietera txaranbeldu bat eta bi leiho konopial dira, ajimezarekin eta apaingarriekin hornituta; bigarren atalean bi leiho dinteldu daude, eta hirugarrenean lau bao angeluzuzen, alde bakoitzean bat. Hego-sartaldeko ertz batean, burdin sarez itxita, gargola bat ikusten da mamu baten itxurarekin.

Zurezkoa da arkupea eta, barrualdean, mentsulen gainean edota hormetan dauden zuloetan bermatuta dago. Kanpoaldean, berriz, manposteriaz eginiko horma txiki batetik ateratzen diren euskarrietan bermatuta dago.

Eliz barrura sartzeko bi sarbide daude. Bata oinean: zirkuluerdiko arku bat da, janba leunetan bermatutako bi arkiboltarekin. Eskuinean ur bedeinkatu ontzi bat dago landare kiribilduz hornitutako kapitel erromaniko baten barruan. Bestea, nagusia, erromanikoa da, eta arku bat eta bi arkibolta ditu zutabeetan tinkatuta. Barruko arkibolta molorrika kiribilduekin apainduta dago eta giltzarrian zizelkatuta aurpegi bizardun bat erakusten du; kanpoaldeko arkibolta eta arkua, aldiz, ez daude apainduta. Portadako osagai guztiak, hau da, zutabetxoen fusteak, oinarriak, kapitelak... horiek guztiak landare eta animaliekin apainduta ageri dira. Portadaren aldamenean bataiarri bat dago alde batean eta mahai monolitiko bat bestean.

Hegoaldeko fatxadan dauden hiru bao dinteldu eta txaranbelduetatik sartzen da, batez ere, argia barruan. Badira beste bao batzuk ere, bata koru gainean, zirkuluerdiko arkuarekin eta bestea, hau ere hegoaldeko fatxadan, ojiba arkuarekin. Absidean ere badira bi leiho dinteldu, eta bi okulu simetriko burualdean.

Portadak, bao inguruak-eta, harlanduzkoak dira, baina horiek izan ezik gainerako guztia manposteriazkoa.