Itzuli orri osora

Andre Maria Jasokundearen eliza

FITXA

Izena: Andre Maria Jasokundearen eliza

Herria: Aduna

Helbidea: Herriko plaza,z/g

Auzotegi: Herrigunea

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Eliza

Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Mendeak: XVII, XVIII

Estiloa: Errenazentista, Gotikoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa.

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.

Deskripzioa eta oharrak:

Areto erako oinplanoa du eta habeartea bi ataletan zatituta; horietatik zabalena absidea da, poligono formakoa. Presbiterioan, alde banatan, kapera bat dago zirkuluerdiko arkuarekin. Habearteko bi atalak gurutze gangaz estalita daude; hormei atxikita dauden zutabeerdi zilindrikoetan bermatuta ageri dira gangak, eta zutabeerdiok, aldi berean, bi zutabeerdi txiki erantsita dauzkate. Habeartearen oinean, arku beheratu baten gainean, koru sakon bat dago.

Eliza iluna da, hormetan hiru bao baino gehiago ez dago eta: leiho txiki bat, zirkuluerdikoa, burualdearen gainean, beste bat koruaren gainean, eta okulu bat epistola aldeko kaperan. Eraikin osoa kare-harri landuz egina da. Barrualdean erdi pareraino agerian daude harlanduak; erditik gora, nerbioak eta euskarriak izan ezik, emokatuta dago. Kanpoaldean, ertzetan, kontrahorma edo ostiko makur batzuk ageri dira. Fatxaden erremateetan erlaitz bat ikus daiteke eta hormigoizko estalki moderno bat.

Habeartearen oinean portada gotiko interesgarri bat dago arkiboltekin, arkupe batez babestuta, ia erabat itxita. Arkupeak epistola aldetik aurrera segitzen du, eta bertan irekiago ageri da: bertako sarbideak zirkuluerdiko arkua du dobelarekin. Zurezko egituraz estalita dago arkupea.

Kanpandorreak oinarri angeluzuzena du eta kontrahorma batean bermatuta dago: kontrahormak zirkuluerdi formako elementu bat du atxikita eskailerentzat. Goiko gorputzean hutsarteak ditu kanpaientzat, eta arbelezko estalkia duen piramide batek eta ertzetan dauden beste txikiago batzuek errematatzen dute. Sakristia ere gurutze gangaz estalita dago; hauen nerbioak mentsuletan bermatuta daude.

Elementu apaingarriei dagokienez nabarmena da aldare nagusia, XVII. mendekoa. Banku, bi gorputz, atiko eta hiru kalez osatzen da. Bertan azpimarragarri dira Jasokundeko Andre Mariaren, San Pedroren, San Pauloren eta beste batzuen irudiak. Badira gainera, alboetan, bi aldare biki, XVII. mendekoak, ebanjelio aldekoa Arrosarioko Ama Birjinari eskainia eta epistolakoa Jesusen Bihotzari. Ebanjelio aldean dagoen XV. mendeko Kristo gurutziltzatua ere oso ederra da.

Eliza honek jatorriz, segur aski, habearte bakarra izango zuen; gero, XVII. mende bukaeran edo XVIII. mende hasieran erantsiko zitzaizkion alboetako bi kaperak.