Itzuli orri osora

Santa Maria Jasokundekoaren eliza

FITXA

Izena: Santa Maria Jasokundekoaren eliza

Herria: Legazpi

Helbidea: Euskal Herriko Enparantza

Eskualde: Goierri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Eliza

Tipologia Zehatza: Erlijiosoa

Mendea: XIV

hiribildua.Época: Berant Erdi Aroa

Balioa: -.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa.

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.

Beste Izenak: Alkaingo Santa Maria

Deskripzioa eta oharrak:

Legazpiko parrokia herri erdian dago. Agirietan egiten den lehen aipamena 1407koa da, Legazpiko orduko haran eta burdinoletako guarda eliza honetako hilerrian karguaz jabetu zenekoa. Halaber, 1533an herri batzarrak eliz atarian egiten jarraitzen zutela esaten da.

Elizan aldaketa eta zaharberritze lan etengabeak egin dira, baina gaur egun jatorrizko elizatik kanpai handia baino ez da geratzen, egin zen urteko grabazioarekin (1480). Lehen zaharberritze lan handia 1560an hasi zen: presbiterio berria eta gurutzadurako atalak eraiki ziren, eta antzinako absidea eraitsi zuten. 1565, 1594 eta 1618an ere zaharberritu zela dioten agiriak badira, baina, XVII. mende hondarrean eliza nola zegoen ikusita, hainbat horma bota eta berriro eraikitzea proposatu zen.

Gaur egunera iritsi den eraikina 1700ean hasi ziren egiten, eta 20 urteren buruan amaitu. Ondoren, 1725ean, sakristia berritu zuten, eta 1769an arkupe berria. 1905ean egin zen presbiterio berria eta, jada XX. mendean, 1955 eta 1963 bitartean, kanpandorrearen barrualdea eta Santi Kutzen kapera zaharberritu, tenplua oro har konpondu, hainbat bao ireki, sakristia berria egin eta bi solairuko parroki gelak eraiki zituzten.

Badirudi antzinako tenplua, zeinaren egitura eta materialak ezagunak diren, askoz txikiagoa zela, ermita gisakoa, batez ere zurez egina eta, nahitaez hala behar zuten tokietan, harrizkoa. Tenplu hura, esan bezala, gutxienez XVI. mendea arte kontzejuaren bilera tokia izango zen, bai hilerrian bai eliz atari edo arkupean.

Uste denez, kanpoaldean hilerri txiki bat zuen eta, XVI. mendeko lehen zabalkundearen ondorioz, barrualdean ere famili hilobiz osatutako beste bat; azken horri buruzko aipamenak aurki daitezke XVIII. mendeko agirietan, hilobiak zeuden lekuak zirela-eta hainbat liskar gertatu zelako.

Santa Maria Jasokundekoaren eliza harlanduz egina da eta oinplano basilikala du hiru habearterekin, erdikoa alboetakoak baino garaiagoa eta zabalagoa delarik. Burualdea laua da, eta gurutze gangaz estalita dago, sei zutabe errenazentistaren gainean bermatzen direnak. Zutabeok oinarri eta fusta ildoxkagabeak dituzte, eta kapitelik ez dutelako nabarmentzen dira, ojibak, zuzen, fustetik ateratzen baitira; ondorioz, gurutze gangak palmera itxura du.

Alboetako habearteetan bi kapera daude, bi albo aldare, lau tumulu, horietako bi Elorregi eta Bikuña etxeetako armarriekin, eta bi hilobi idazkunik gabe.

Fatxada nagusiak, ezkerraldean, estilo barrokoko sarbide dinteldua eta tinpano zorrotza ditu. Ipar eta hegoaldeko sarrerak ere dintelduak dira.

Iparraldeko sarrera nagusiaren gainean kanpandorrea dago, oinplano lauki formakoa eta bi solairukoa, kanpaientzako lau bao dituela.

Eliza osoa inguratuz zirkuluerdiko arkuz osatutako arkupe bat dago.

Barrualdean nabarmen dira erretaula nagusia, Arrosarioko kapera, Pedro Quintanak 1713an egina, eta koruko aulkiteria, XVIII. mendekoa.