Itzuli orri osora

Santa Maria Parrokia

FITXA

Izena: Santa Maria Parrokia

Herria: Donostia

Helbidea: Kale Nagusia, z/g

Auzotegi: Parte Zaharra

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Eliza

Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa

Mendea: XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa

Eraikintza Data: 1743

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa

Autorea: Pedro Inazio Lizardi

Deskripzioa eta oharrak:

Santa Maria da Donostiako elizarik ikusgarriena, eta bertan egiten dira hiriko elizkizunik handienak. Parte Zaharreko bihotzean dago, kale Nagusiak eta Abuztuaren 31k bat egiten duten puntuan.

Itxuraz asko aldatu da Historian zehar. Gaur egungo eliza antzina estilo erromanikoko bat eta geroago estilo gotikoko beste bat zeuden tokian egin zuten: bi horiek ezinbestean ordezkatu behar izan zituzten, lurrikarek, leherketek-eta hondatu zituztelako. XVIII. mendean pertsona ekintzaile eta eskuartean zegoen asko etorri zen bizitzera Donostiara. Hiriak nolabait aserik zituen bere oinarrizko premiak, eta agintari ofizial eta militarrendako egoitza bilakatu zen. Caracasko Errege Konpainiak hirian eta lurraldean eragin ekonomiko handia zuen: oparoaldi hark ekarri zuen gaur egun ikus dezakegun Santa Maria eliza eraikitzea. 1759rako gangak estalita zeuden; geroago, barrualdea txukundu zen. Trazaren proiektua Domingo Iartzak egin zuen, baina egileen artean beste batzuk ere ageri dira: denen buru Pedro Inazio Lizardi.

Arkitekturari dagokionez, eliza angeluzuzena dela esan daiteke, luzetara hiru habeartetan zatitua; horien artean sei pilare sendo daude. Pilareak oktogono formakoak dira eta estalkiari eusten diote eta, ondorioz, eliza lau ataletan zatituta geratzen da. Aurreko elizaren aztarna gisa habearte bat dago iparraldeko hormari erantsita, Santa Maria izenekoa. Horrez gain, bi sakristia ditu, biak presbiterioaren aldean, baita koru bat ere, aldare nagusiaren aurrez aurre eta, elizako beste aldean, matxoi sendoen gainean bermatuta.

Osagairik ikusgarrienetakoa fatxada da, duen kalitateagatik eta kanpotik ondoen ikusten dena bera izateagatik. Bi dorre aurreratuk inguratzen duten nitxo batekin hasten da, rococo estilo garbiko elementuak dituena, hain ugariak, ezen nitxoa gainditu eta fatxada ondoko hormak ere betetzen baitituzte. Nitxoaren barruan, erdian, Ama Birjinaren eskultura dago, zerura nahian bezala. Gainean, erdian, Aita Santuaren sinboloak gordetzen dituen okulu bat, eta beste nitxo batean San Sebastianen irudia. Alboetako portadetan eskema bera ageri da behin eta berriro: inguruan pilastrak eta gainean frontoia.

Aipatutako edozein sarreratatik sartzen garela ere, hamabi zatitan banatutako espazio bat ikusiko dugu. Habearteak lotzen dituzten arkuak eta hormak ez dira homogeneoak, estilo desberdinetakoak baizik: zirkuluerdikoak, beheratuak, eliptikoak... Erdiko zutabeak, berriz, gangei eustearren, luzatu egiten dira. Garaiak dira, dotoreak, oinarri baten gainean tinkatuta daude eta horrexek ere goratu egiten ditu, eta goiko aldean taulamendua dute. Kapitelak korintoarrak dira, Ama Birjinari eskainitako eliza gehienetan bezala.

Eliz barruan badira arkitekturarekin zerikusirik izan ez arren ikusgarri direnak: erretaula multzoa eta ondasunak aipatu behar dira. Aldare nagusiko erretaula, esaterako, neoklasikoa da, Diego de Villanuevak diseinatua eta Frantzisko Azurmendik egina. Horrez gain, alboetako San Pio V.aren eta Santa Barbararen erretaulak ere aipatu behar dira, San Pedrorena, Kontsulatuarena, San Antoniorena, Bakardadearena eta Jesusen Bihotzarena. Bake eta Pazientziaren Kristoren irudia, XVI. mendekoa, Ecce Homorena eta koruko harlanduzko obra ere aipagarri dira.

Eskuarki erabilitako materialaz askotarikoa dela esan behar: toba harria ageri da gangetan, ganga horietako nerbioak, aldiz, hareharrizkoak dira. Gurutzadurako txapela, bestalde, zurezkoa da, eta presbiterioko estalkia hareharri urre kolorekoa.