Itzuli orri osora

San Bartolome eliza

FITXA

Izena: San Bartolome eliza

Herria: Ibarra

Helbidea: San Bartolome plaza,1

Auzotegi: Ibarra

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Eliza

Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Mendeak: XVIII

Estiloa: Errenazentista, Barrokoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har. Zenbait gune jakinetan eskasa.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa.

Akatsak: Akats larriak hormetako zenbait gunetan.

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.

Deskripzioa eta oharrak:

Eliza hau Ibarra udalerri gipuzkoarrean dago, Tolosaldean. XVI. mendean eraikitzen hasi baziren ere, XVIII. mende hasiera arte ez zen burutu.

Habearte bakarra eta gurutze latindar formako oinplanoa du. Hasieran ez zen beharbada honelakoa izango, baina ondoren sakonera txikiko bi kapera erantsi zizkioten alboetan, gurutzadurako besoak osatzen dituztenak. Burualde oktogonalaz gain, hiru atal ditu. Lehenengoa gurutzadurari dagokio, eta azkenekoan korua aurkitzen da, arku karpanel baten gainean. Gangak nerbio bakunekoak dira, eta gurutzadurakoa izartua. Nerbio diagonaletako giltzarriek ez dute inolako betekizun arkitektonikorik; apaingarri hutsak dira. Barrualdea emokatuta dago, harlandua imitatuz.

Argia epistola aldeko bao multzo batetik sartzen da: obaloak dira burualdean, bigarren atalean eta behe koruan, eta zirkuluerdikoak lehen eta hirugarren ataletan. Azken hauek beirak dituzte. Sakristia, epistola aldean, elizari erantsita dago.

Kanpoaldea kareharrizko harlanduz egina dago, eta hainbat kontrahorma ditu. XVIII. mendeko fatxada kanpandorrearen mende geratzen da. Kanpandorrea zirkuluerdiko hiru arku dituen ataripe batean hasten da, eta erdikoa, handixeagoa, sarrerari dagokio. Arkupea zirkuluerdiko arkuekin irekitzen da alboetan ere. Dorreak hiru zati eta errematea ditu. Lehenengoa aipatutako arkupeari dagokio, eta bigarrenak eguzki erlojuak ditu izkinetan. Hirugarren zatia oktogonala da, lorez apainduta ageri da, eta alde bakoitzean kanpaientzako zirkuluerdiko bao bana du. Dorrea errematatuz lore handiak daude ertzetan, kupulatxoa eta tenplete koroadun bat. Etenik izan ez dadin, arkupeko muturrak arku ugariren bidez lotzen zaizkio dorreari. Ertzetako kontrahormetan, dekorazioa osatuz, lore handiak daude.

Barrualdean San Bartolomeri eskainitako erretaula nagusia nabarmentzen da, XVII. mendearen amaieran egina. XV. mendeko sagrario bat ere badago. Erretaulak bankua, bi atal eta atikoa ditu, eta goitik bera hiru kale bere kaletarteekin. Atikoan titularraren irudi bat eta Kalbarioa daude. Alboetako kaleetan Nekaldiari buruzko erliebeak ikus daitezke, eta kaletarteetan santuen irudi exentuak. Alboetako erretaulak ez dira berdinak, eta epistolakoa Jesusen Bihotzari eskainita dago eta ebanjeliokoa Sortzez Garbiari. Gurutzadurako besoetan daudenak, berriz, berdinak dira, bata San Joseri eskainia eta bestea Sortzez Garbiari.