Neoklasizismoko hirigintza eta arkitektura Euskadin

Artikuluaren egilea: Jose A. Barrio Loza

Aurreko txostenean, maisutasunez azaldu da zer ideiatan oinarritu ziren Neoklasizismoa eta Ilustrazioa hasieratik. Eta nik, askoz apalago, eztabaida egiten jarraitzeko balio duten elementu fisikoak, egileak eta zenbait ideia adierazi baino ez dut egingo. Gehienak Bizkaiarekin lotuta daude, eta oso gutxi dira ezezagunak. Izan ere, horri buruzko bibliografiatik hartuak dira, edo, bestela, behin baino gehiagotan azaldu ditudan nire ondorioetatik atera ditut.1 

Hasi baino lehen, esan beharra daukat euskal ondare neoklasikoaren ezagutza oso urria dela, bai dokumentazioan bai katalogoetan, Gipuzkoan, batik bat. Gipuzkoan, ez zen leku komunetatik aparte gauza handirik egin, Donostia hiriaren berritze lanak, adibidez. Araban, bestalde, Olaguibelek Gasteizen egindakoa aipatu behar da. Nik espero dut biltzar honetan denok espero duguna egingo dela: alderdi horiek berrikusi eta horretan aurrera egin, eta gaur egun ezagutzen duguna aberastuko duten ekarpen zehatzak egin. Hemen biltzeko deialdia bera eta txostenak eta komunikazioak aurrerapausoa dira, estilo neoklasikoa ez baita maiz izaten ikertzaileen lehentasuna.2 

Ilustrazioa deituriko oinarri ideologikoari dagokion bertsio artistikoa da neoklasizismoa (estilo neoklasikoa, literatura neoklasikoa, arte neoklasikoa). Hitz hori, hala ere, ez zuten inoiz garai kultural hartako protagonistek erabili, eta ez da zentzuzko beste aukerarik inoiz proposatu. Ilustrazioaren espiritua XVIII. mendean eratu zen pixkanaka-pixkanaka; Ilustrazioa mugimendu kritikoa eta berritzailea izan zen funtsean, eta eragin handia izan zuen literaturan eta Arte Ederretan. Eta ilustratuen oinarrizko ideia antzinako formak berritu beharra zen -egiturak argitu eta apaindurak hobetu beharra-. Hots, gustu ona berreskuratu behar zen. Ilustratuen iritziz, gustu ona arrazoiarekin lotuta zegoen, zentzuzko gauzekin eta Grezian eta Erroman egindako artearekin, eta, beraz, berritu beharra zegoen, barrokoko gustua hortik aldendu zelako.

Horien iritziz ere, Espainian barrena zabaldu behar ziren antzinako eredu artistiko horien printzipioak. Horretan aritu ziren garai hartako izpiritu ospetsuenak, hainbat kasutan gogo biziz gainera. Hiru belaunaldietako egileek ere printzipio horiek gauzatzeari ekin zioten, batzutan utopiak mamitu nahian eta beste batzutan errealitatearekin bat etorriz.

Euskadi buru-belarri sartuta egon zen eztabaida teorikoko eta jarduera jakin batzuetako prozesu hartan, eta, probintziakeria handia izan arren, lan handia egin zen, nahiz eta krisi politikoak eta sozialak izan, Espainia osoan batzuk eta Euskadin beste batzuk. Krisi eta gerra ugari izan ziren, beraz (Konbentzio Gerra, Independentziako Gerra, Lehen Karlistada), hemen estilo neoklasikoa indarrean egon zeneko hiru mende laurdenetan.

Aurrekoa egia izanik, eta zenbait gabezia egonik (Gipuzkoan, gehienbat), estilo neoklasikoa ez zen homogeneoki ezarri Euskadin. Eraikinen inbentarioak aztertuz gero, landa eremuan estilo neoklasikoko elementuak falta direla ikusten da nabarmen, elizateetan eta herrixketan; hirietan, aldiz, nahikoa finkatu zen estilo hori, hiru hiriburuetan, batik bat; izan ere, hiriburuetan bizi ziren garai hartako espiriturik abangoardistenak. Baina beste eskualde handi batzuetan ez dago estilo horretako ia ezer.

Aldeko egoera

Estiloa ez zen hain ongi ezarri izango, baldin eta aipatutako ezbeharrekin batera aldeko zenbait egoera sortu izan ez balira: gizakiekin lotutako zenbait egoera, baliabide ekonomikoekin lotutakoak baino gehiago. Hain zuzen, Frantziako Iraultzaren kutsua zuen izaera berritzailea ari zen XVIII. mendearen erdialdetik zehazten. Mugimendu kultural hori hiritarra zen batik bat, eta, beraz, Euskadiko hirietan gauzatu zen gehien; herri txikietan, berriz, ez zuen ia eraginik izan. Frantzian burgesiak bultzatu zuen iraultza, noski, baina iraultza hori odolgabea izan zen Euskadin, eta burgesiako, aristokraziako eta kleroko espiritu liberalek defendatu zuten: Alamedako Markesak, Aguirrek, Samaniegok, Verasteguik, Ponzek, Azarak, Forondak, Armonak, Montehermosok, Prestamerok... Horien ekintzarik aipagarriena Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzea izan zen; 1763. urtean sortu zuten, Peñafloridako Kondearen ekimenez. Hasiera-hasieratik, espiritu libreak eta solidarioak izan ziren elkarteko kideak -herrialdekoak bertakoak batzuk, eta kanpokoak beste batzuk-, eta kontzeptu modernoei buruz eztabaida landuak egitea gustatzen zitzaien; adibidez, gai hauei buruz: ekonomia, kultura, higienea eta osasungarritasuna, ohitura onak, herritarren erosotasuna eta ongizatea, aurrerapena, gazteen hezkuntza, bizimodu zoriontsu eta zentzuzkoa, begirunea, eta eraikinen apaindurak.

Arteak ere interesatzen zitzaizkien, arteen alde teorikoa nahiz praktikoa, eta haien iritziz, gustu ona zen jarraitu beharreko eredua: oreka, edertasun lasaia, neurritasuna, soiltasuna¿ Alderdi horiek oso gertu zeuden eredu grekoerromatarretik, eta oso urruti barrokoko gehiegikerietatik eta rococoko lizunkeriatik.

Jarduera artistikoekin loturiko ekintzetatik, Marrazketa Eskolak (Escuelas de Dibujo) sortu zituztela aipatu behar da. Gauetan izaten ziren, doan, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bultzatu zituen. Ilustrazioko berezko utilitarismo filosofia zuten oinarri, eta 1774. urtetik egon ziren martxan Gasteizen, Bilbaon, Bergaran eta Donostian, eta, gero, baita beste leku batzuetan ere. Marrazketa Eskoletan, marrazketa landu zuten, lanbide artistikorako gramatikarik egokiena zela uste zutelako, San Fernando Errege Akademian (Real Academia de San Fernando) egiten zutenaren antzera. 1757. urtetik, akademia horretan bakar-bakarrik erakusten zituzten Arte Ederrak, eta 1786. urtetik, gainera, fondo publikoen bidez finantzatutako eraikuntza proiektu guzti-guztiak isilean pasatzen zituen akademiak. Baina, Marrazketa Eskoletan, marrazketa eskulangileen mailan lantzen zuten, gehienbat -marraztutako xehetasunetatik abiatuta lantzen zuten-, artisten mailan baino gehiago, ikasketa planetan eta sorrerako idearioan argi eta garbi ikusten den bezala. Eta, gerora ere, halaxe jarraitu zuten, eskolak desagertu eta horien ordez Arteen eta Lanbideen Eskolak deiturikoak (Escuelas de Artes y Oficios) sortu zirenean. Alderdi hori oso ondo aztertu du Mariano Ruiz de Aelek.3 

Eskulangile eta artista ugari prestatu ziren eskola horietan, eta, horietako batzuk, Madrilgo San Fernando Akademian ibili eta gero, Euskadiko arkitekturaren berriztatzaileak izan ziren.

Aldaketaren protagonistak

Teorikoki, espiritu ilustratu apartak izan ziren aldaketaren eragileak, baina, benetan, arkitektoen hiru belaunaldik berritu zuten arkitektura. Euskadikoak bertakoak ziren gehienak, baina baziren kanpoko arkitekto bikainak ere. Ventura Rodriguezen, Olaguibelen, Silvestre Perezen, Ugartemendiaren eta beste batzuen ezaugarriak nahiko definituta daude aspalditik. Miranda, Belaunzaran, Echevarria, Humaran, Goycoechea, Saracibar eta beste zenbait arkitekto antzeko mailakoak izango ziren, baina ez zuten hainbesteko zorterik izan. Eta, azkenik, bigarren eta hirugarren mailako hainbat eta hainbat maisu izan ziren, ezezagunak ia-ia; horiek lagundu zuten, ordea, eraikitako paisaia neoklasiko garrantzitsua eratzen. Esate baterako: Regil, Aguirre, Vidaurre, Bernaola, Elcoro, etab.

Proiektuak, batzuetan, utopikoak izaten dira, eta hori gertatzen da asko esperimentatzen delako, eta genero berri samarrak esperimenturako eremuak izaten direlako; esate baterako, hilerrien eta iturrien arkitektura, eta parkeen eta lorategien trazatua.

Nik neuk, duela urte batzuk, probintzietako arkitekto horiek hiru belaunalditan ordenatzeko aukera zegoela azaldu nuen, gutxi gorabeherako jaiotza data eta Euskadin lanean emandako hamarkadarik oparoenak kontuan hartuta. Orduan bezala pentsatzen dut orain ere, baina badakit arazoak daudela zenbait kasutan. Adibidez, Silvestre Perez 1790. urtean hasi zen Euskadin lanean (Arabako Dulantzirako proiektu bat, egin gabe gelditu zena); eta Belaunzaranek eta Lascurainek, urte askoan bizi izan zirenez, ia mende erdia eman zuten lanean.

Ez dago alde handirik hiru belaunaldi horien eta Estatukoen artean, baina esan behar da azken belaunaldia dezente luzatu zela, Akademiako azken promozioetakoek artifizialki eutsi ziotelako neoklasizismoari, inertziaz; gero, neoklasizismoa erromantizismo bilakatu zen pixkanaka-pixkanaka, XIX. mendeko hirugarren laurdenean.

 Lehenengo belaunaldi koek (1770-1808) aurreko estiloarekin hautsi zuten eta beste arkitektura bati ekin zioten. Euskadin Ventura Rodriguez izan omen zen estilo hori erabili zuen lehenetakoa, baina adina zela-eta -1714an jaio zen-, besteetatik pixka bat arroztuta geratu zen. Oso lan garrantzitsua egin zuen: Madrildik, Akademiaren eta Gaztelako Kontseiluaren (Consejo de Castilla) bitarteko lanak egin zituen, eliztarrek erregeari eskatutako erlijio eraikinetako obretan, erregea baitzuen benetako nagusia. Hori gertatu zen Larrabetzun (1777), Durangon eta Zaldibarren. Euskadin, lehenengo lana Azpeitiko parrokiako atariko obra izan zuen (1771): lan hori hartzen da arkitektura neoklasikoaren Euskadiko lehenengo adierazgarritzat. Obra bertako hargin batek egin zuen: Ignacio Iberok. Madrilgo geroagoko beste akademiko bat Juan Milla izan zen, Juan de Villanuevaren laguntzailea. Gortetik, Aldeacuevako (Karrantza) eliza egiteko proiektua agindu zioten Villanuevari (1789), eta, horrela, bertan eliza barrokoa egiteko hasiera bateko asmoa bertan behera geratu zen.

Bertako aitzindari batzuek (Justo Antonio de Olaguibel, Manuel Martin de Carrera, Alexo de Miranda, Agustin de Humaran) erabat kohesionatuta jardun zuten estiloa ezartzen: Akademian jasotako ideiak ezartzen, hain zuzen. Foru Aldundietan eta udaletan egiten zuten lan zenbaitek (Olaguibelek Gasteizen eta Araban, eta Mirandak eta Humaranek Bilbaon eta Bizkaian), eta erakunde horien korrespontsal edo mandatari lanetan aritu ziren, gustu on berri hura zabaltzen. Beso egile bilakatu ziren erabat zentralizatutako erakunde haietan. Erakundeek behin eta berriz botatzen zituzten atzera bertako betiko harginek aurkeztutako proiektuak, eta Akademian ibilitako arkitektoak gomendatzen zituzten inolako lotsarik gabe. Harginak obra zuzentzen baino ez zituzten jartzen (horixe gertatu zitzaion, adibidez, Gabriel de Capelastegui harginari Bermeoko Andra Mari elizaren obran). Dena den, badirudi hargin batzuk "birziklatu" egin zirela, Manuel eta Francisco de Echanove eta Francisco Xavier de Capelastegui, esate baterako. Lehenengo belaunaldikoen garaian, estilo neoklasikoa ia indarrez ezarri zen: konposizioen, eraikuntza ordenen eta estalduren modu berriak. Lehenengo belaunaldia besteak baino lotuago egon zen San Fernando Akademiaren eta irakasleen ideal bateratzaileekin.

Estiloa hartu eta gero eta betiko maisu harginak beste lan batzuetan jarri eta gero, bigarren belaunaldikoen garaia (1814-1835) hasi zen; gerrarteko garaia izan zen, eta arkitektoek lan asko egin zuten, berritu beharreko gauza ugari baitzeuden. Garai hartan, Fernando VII.a izan zen erregea, eta funtsezko fasea izan zen, lan asko egin zelako eta estiloa garbi-garbi aplikatu zelako. Gainera, aukera handiko garaia izan zen.

Silvestre Perez garai horretan aritu zen lanean, nahiz eta, dakigun bezala, aurreko fasean ere jardun zuen Euskadin. Baina Jose Bonaparteren arkitektoa izandakoak Parisko erbesteratzetik itzuli zenean diseinatu zuen hemen bere obraren zati handiena, bere multzo eta eraikin onenak. Perez izan zen, hain zuzen, neoklasizismoko egilerik nabarmenena Euskadin.

Juan Bautista Belaunzaran arkitektoa Perez baino bi urte gazteagoa zen. Gipuzkoarra zen jatorriz, baina lan artistikoa Bizkaian egin zuen; hasieran hargin lanean jardun zuen Lekeition eta igoz joan zen, titulua lortu zuen arte, Hermenegildo eta Pedro semeek bezala. Pedro Manuel de Ugartemendiak antzeko adina zuen, eta herri berekoa zen, Andoaingoa; militarra zen, Akademiako titulua zuen, Tolosako Marrazketa Eskolan irakasle lanean jardun zuen, eta nahiko lan zailak agindu zizkioten Gipuzkoan. Antonio de Echevarriaren lanetatik, Gernikako Juntetxeko multzoa azpimarratu behar da. Antonio de Goycoechea, Manuel Angel Chavarri, Francisco Maria de Aguirre, Mariano Jose de Lascurain eta Domingo Maria de Regil dira belaunaldi hartako beste egile ospetsu batzuk, besteak beste. Horiei buruzko zerbait esateko, diseinuak eta obrak baino ez ditugu aztertu behar, eta aztertu ondoren, esan behar da duintasun handiz eutsi ziotela estilo neoklasikoari Euskadin. Horietakoren batek egitura zorrotz-zorrotzetarako eta apaingarrien purismorako joera zuen, Espainiako estilorik zorrotzenerako joera, seguru asko.

Baina neoklasizismoa ez zen hirugarren belaunaldikoen garaira arte (1840-1860) hedatu lekurik urrunenetara, herrixketara. Orduan, lan hauek egin ziren herrixketan, besteak beste: iturri xumeak, harraskak, hilerrietako portadak eta aisialdirako lekuak. Garai horretan, Isabel II.a izan zen erregina, eta orduantxe hasi zen egoera aldatzen: ez zen kanpotik maisurik etortzen (aurreko garaietan erakundeen eta, oro har, jendearen interesa bereganatzen zuten); eta, gainera, Euskadiko profesionalak Karlistadaren ondorioz sorturiko egoera espezifiko batzuetan murgildu ziren, kalte haiek lehenbailehen konpondu behar ziren eta.

Logikoa denez, belaunaldi horretakoek arkitekturari buruz zituzten ideiak ez ziren bat etorriko aurreko belaunaldikoek zituzten ideiekin. Askotan, proiektuak ez zituzten Akademian ibilitako arkitektoek gauzatzen, aldundiek prestaturiko lan maisuek baizik. Baina prestakuntza alde hura ez zen emaitzetan gehiegi ikusten. Martin de Saracibar arkitekto gasteiztarra eta Pedro Belaunzaran eta Rafael de Zavala bizkaitarrak izan ziren onenetakoak. Baina XIX. mendearen erdialdean herrietan lan egiten zuten beste hainbat euskaldun ere aipatu behar dira: Pedro Jose Astarbe eta Juan Antonio Eguren durangarrak, Arratia eskualdeko Pedro Luis Bengoechea eta Cristobal de Bernaola, lehen aipatutako Lascurain, Vidaurre, Echeveste, Garaizabal, Escoriaza, Iradier¿

Eztabaida landuetatik aparte, hirugarren belaunaldikoak arazo praktikoak konpontzen ahaleginduko ziren, seguru asko. Kutsu monumental txikiko obrak izaten ziren ia beti, eta horien estilo neoklasikoan gero eta eragin handiagoa zuten Akademiako tradiziotik aparteko estiloek; zenbaitetan, ordea, estiloak trebetasun handiz nahastu zituzten (Markina-Xemeingo hilerria, Lascurain, 1851). Arkitektorik prestatuenek egin behar zutena egin zuten: tradizio hura alde batera utzi zuten; hots, hautsi egin zuten tradizioarekin (Pedro Belaunzaran, Areetako Santa Ana ermita neogotikoa, 1852). Beste batzuek, aldiz, tradizio klasikoari eutsi zioten, prestakuntza akademikoa zutelako.

Isabel II.aren erregealdiko neoklasizismoaren ezaugarria neoklasizismo zorrotzaren forma soilak pixkanaka-pixkanaka leuntzea izan zen. Eta nola leundu zituzten forma horiek? Ordena klasikoak tratatzeko askatasun handiagoa hartu zuten; era askotako apainketak sartu zituzten; eta tradizio grekoerromatarretik aparteko elementuak erabiltzen hasi ziren, Egiptoko tradiziokoak, adibidez. Bertsio leunago horri -estilo neoklasikoarekin hausteari, azken finean- estilo erromantikoa esaten zaio: erabateko askatasuna zegoen estilo historikoak imitatzeko (historizismoa) eta gero nahi bezala nahasteko (eklektizismoa); hau da, galdu egin zen estilo neoklasikoarekin lorturiko batasuna.

Neoklasizismoaren amaierarekin batera, beste egoera batzuk sortu ziren zenbait arlotan. Lehena arlo akademikoan izan zen: beste irakaskuntza sistema bati ekin zioten, Arkitektura Eskola (Escuela de Arquitectura) sortu ondoren. Eskola 1844an sortu zuten, San Fernando Akademiaren ordez. Bestalde, gizartea aldatzen ari zen, eta burgesia deitutakoak beste behar batzuk zituen. Besteak beste, etxe nagusia handia eta erosoa izatea nahi zuten -Donostiako zabaldura (1864) eta Bilbaokoa (1873)-, eta, horrez gain, beste etxe bat nahi zuten atseden lekuetan, itsasoaren ondoan -Portugalete (1852tik aurrera), Areeta eta Donostia-. Bezero horiek nekez izango zituzten gogoko Akademiako azken promozioetako tituludunak, akademian ikasitako postulatuei artifizialki eusten zieten eta. Horrenbestez, Euskadin, neoklasizismoa 1855-1860 aldirako amaitu zela esan daiteke, hiru mende laurden luzeko bilakaeraren ondoren.

Ingeniaritza

XVIII. mendetik, aurrerapena zientzia berri batekin estu-estu lotuta egon zen, orduan oso zehaztuta ez zegoen zientzia batekin: ingeniaritzarekin. Egia esateko, Espainian, XVIII. mendean ez zen zientzia autonomoa izan, gai militarretan izan ezik. Adibidez, Madrilen, Bide eta Ubideetako Ingeniarien lehenengo eskola (Escuela de Ingenieros de Caminos y Canales) 1802koa da. Baina XIX. mendea hasi baino lehen, Bilbaon, bere buruari ingeniariak deitzen zioten batzuk hasi ziren lanean -kanpoko abizena zuten-, alor hauetan: hidraulikan, ur hartuneetan, nabigazioan, kaietan eta itsasadarrean, oro har. Lan horiek maisu hidraulikoek egiten zituzten Erdi Arotik: era askotako lanetan aritzen ziren, eta lan artistikoak ere egiten zituzten, erretaula bateko eskultura diseinatzea eta gauzatzea, esate baterako. Karlos V.aren erregealdian, ingeniari gehienak kanpotarrak ziren, flandestarrak, batik bat. Baina, inguruko beste lurralde batzuetan gertatu ez bezala (Asturiasen eta Kantabrian, esaterako), kanpoko ingeniari haiek ez ziren funtsezkoak izan bertako neoklasizismoaren sorreran, ez eta bilakaeran ere. Euskadiko katalogoetan ez da ontziola, portu edo gotorleku garrantzitsurik agertzen. Baina ez da falta maisu espainiar polibalenterik, lan zailak -hirigintza, bideak eta ur hartuneak, adibidez- bere gain hartu zituenik.

Hauxe adierazi nahi dut azalpen horien bidez: arkitekto akademiko batzuek ikaragarrizko gaitasuna zuten gaur egun ingeniarien arduratzat hartzen ditugunak beren gain hartzeko. Oso prestakuntza teoriko eta praktiko egokia zutelako izango zen hala. Eta lur neurtzaile (gainazalak neurtzeko adituak) aritzeko ere prestatuta zeuden, eta askotan deitzen zituzten horretarako. Hirigintza beste epigrafe batean aztertuko dugun arren, lan batzuk aipatu behar ditugu hemen. Adibidez: Olaguibelek Herrera mendatetik zehar Errioxara joateko bidearen trazadura egin zuen, eta Haroko iturri monumentala eta Tirón ibaiaren gaineko zubia (Cerezon, 1805) diseinatu zituen; eta Araba osoa igaro eta Miranda de Ebroraino doan bidearen arduraduna Echanove izan zen. Silvestre Perez ere bide ingeniari lanetan aritu zen, bi bide hauen trazadurak egin baitzituen 1819an: Bilbaotik Balmasedara doan bidea, eta Durangotik Bermeora doana (Durangoko Martin de Echaburu lan maisu bikainak lagundu zion batzuetan). Ingeniaritza pixka bat garatu zenean ere, jakintza handiko akademiko horiek zubiak trazatzen eta egiten aritzen ziren, bai eta ur hartuneak planteatzen ere. Batzuk azpimarratuko ditugu: Martin de Saracibar eta Antonio de Goycoechea, Hermenegildo Belaunzaranekin batera, Bilbaoko Arenalean burdinazko zubi bat egiteko aukera aztertzen aritu ziren 1845ean; askoz lehenago, 1793an, Alexo de Mirandak begi bakarreko zurezko zubi bat diseinatu zuen, ausardia handiz, Bilbaoren eta San Frantzisko komentuaren artean.

Gobernu ilustratuak azpiegiturak sortzen eta komunikazio azkarrak eta erosoak lortzen saiatu ziren beti, baita estilo neoklasikoa azaldu aurretik ere. Lan hauetan oinarritzen ziren: zubiak, bideak (zubi eta guzti), itsas portuak, ubideak eta itsasargiak.

Madrilen planifikatutako bide erradialek erabateko eragina izan zuten Araban eta Gipuzkoan, baina, benetan, Foru Aldundiek eta Adiskideen Elkarteek bultzatu zituzten bideak. Arestian aipatutako zenbait arkitekto eta beste batzuk aritu ziren lan horietan. Esate baterako, Lascurain (Arlaban mendatea), Pedro Ignacio Lizardi (Donostiako portua egiteko proiektua aztertu zuen 1773an) eta Juan Bautista Belaunzaran. Azken horrek, 1821ean, ubide baterako proiektu bat idatzi zuen Foru Aldundirako, Gernikako itsasadarrean berriro nabigatu ahal izateko. Baina proiektua eginezina izan zen, ihitokiei eta belardiei kalte ekologikoak eragingo zizkielako eta onura komertzialik ekarriko ez zuelako. Eta lehorreko ubide baten beste proiektu utopiko batek liluratu egin zituen proiektuaren plano egilea, Francisco de Echanove, eta Arabako elitea: Ebro ibaia eta Bizkaiko Itsasoa Zadorra eta Deba ibaien bidez lotu nahi zituzten.

Agustin de Humaranek Bilbaoko itsasadarrerako 1802an prestaturiko proiektua ere oso interesagarria zen, baina utopikoa: Abandoko ibarra lerro zuzenean moztuko zuen ubide handi bat egin nahi zuen, ur-lasterraren bihurguneak alde batera uzteko eta, horrela, alde horretan erraz nabigatu ahal izateko.

Egin ziren ingeniaritza lanak ez dira oso interesgarriak, erabilgarriak direlako monumentalak baino gehiago; horien atzean dagoen ideia, agian, zertxobait interesgarriagoa da. Bestalde, oraindik gordetzen diren oroitzapenezko monumentu batzuek erakusten dutenez, sustatzaileentzat oso-oso garrantzitsua zen lurraldea eta bertako azpiegiturak berritzeko eginkizuna. Hona hemen monumentu horietako batzuk: Durangotik Montecalvorako igoeran dagoen Pilastra; Gasteiztik Errioxarako bidean eta Burgoskorako bidean Puente Nuevon eta Rivabellosan dauden obelisko itxurako bi mugarriak; Landako obelisko iturria, Bergararako bidean, Javier de Mariateguik Madrilgo Glorieta de las Pirámides izenekoan egindako bi obeliskoetatik Saracibarrek zuzenean kopiatutako lehena.

Arabako Lautada gurutzatzen duen bideari erreparatuta, dorre batzuk ikusten dira muinoetan. Dorre horiek ez dute inolako zerikusirik arkitektura militarrarekin; hots, ez dira gotorleku militarrak, telegrafo optikoaren estazioak baizik, 1830eko hamarkadan telegrafo optikoa martxan egon baitzen penintsulako errepide erradialetan. Arabakoak erregearen agindupeko ingeniariek egin zituzten, bai eta Miranda, Pancorboko haizpitarte eta Briviesca inguruko eskualdekoak ere. Dozena erdi elementutik gora dira katalogatzeko modukoak; estazio batzuk birgaitzen ari dira (ondo eginda), gorde ahal izateko.

Optikaren alor horretan, itsasargietan, nik dakidala, ez dago adierazgarri interesgarririk, baina Bermeoko itsasargi zaharra aipatzekoa da, gaztelu itxurakoa, sua eta merkurio lanparak erabiltzen zirenekoa. Ez da aspaldikoa izango, Madozek Matxitxakoko harkaitz horretan, tamalez, linternarik ez zegoela adierazi baitzuen.

Arkitektura militarrari dagokionez, Gipuzkoako ekialdean zeuden babeserako zenbait gotorleku aipatu behar dira: Urgull, San Martzial, Guadalupe, etab. Dena den, badirudi horiek guztiak XIX. mendearen bigarren erdialdean amaitu zirela.

Hirigintza

Ilustrazioan, garrantzi handia ematen zioten herritarrek bizimodua egiteko erabiltzen zuten lekuari, eta hori ideia jakin batzuen aplikazioa baino ez zen, alderdi hauekin loturiko ideien aplikazioa, hain zuzen: komunitatearen erosotasuna ongizate pribatuaren aurka; herrien aurrerapena; apaindura publikoa; osasungarritasuna; bizimodu zentzuzkoagoa eta parte hartzekoa. Espainian eta Euskadin, hiri berriak eraikitzeko proiektuak egin ziren, besteak beste, bai eta plan partzialak ere, arazo jakin batzuk konpontzeko. Eta hori guztia bizimodu zibila garatzeko asmo berri haren baitan.

Euskadiko hirigintza ilustratuari buruz hitz egitean -Argien Hiriari buruz, alegia-, zenbaitetan ezin gauzatuzko helburuak izan zituztela aipatu behar da, bi proiekturik garrantzitsuenak ez baitziren gauzatu. Proiektu horietako bat Donostia berritzeko proiektua zen. Izan ere, hondamen handia izan zen Independentziako Gerran: 1813ko abuztuaren 31n, tropa aliatuek su eman zioten Donostiari (eta ez Napoleonen tropek, paradoxikoa izan arren), eta seiehun etxetik gorako hiri hura ia erabat suntsituta geratu zen. Goitik behera berritu behar zen den-dena, eta horretan hasi zen udala, ardura handiz; proiektua Pedro Manuel de Ugartemendia udal arkitektoari agindu zioten.

Napoleon bota ondoren sorturiko itxaropen giro hartan, proiektu bikainak -eta utopikoak- egin ziren, Ugartemendiak Donostiako istmorako egindako lehena (1814), adibidez. Frantziako lorategi barrokoen antzeko formula erabili eta hiria lur sailen sare baten antzera diseinatu zuen; lur sailak berdinak ziren guztiak, eta zortzi kale berdinen eta plaza oktogonal handi-handi baten alboetan ordenatu zituen, eta, erdian, beste bi plaza txiki jarri zituen, karratuaren bi aldetan. Plazan eraikin zibil garrantzitsuenak egingo ziren, Santa Maria eliza ez baitzen erre; bideetan, herritarren etxeak egingo ziren, inolako hierarkiarik finkatu gabe.

Marraztutako hiria bizitegi hiria zen, besterik gabe, Amerikako hiri berrien antzera. Baina lurren jabeek, bertako burgesiako familia nagusiek, ez zuten kaleen hierarkia galdu nahi, eta plana eten egin zen. Horren ordez, beste plan sinpleago bat egin behar izan zuten Ugartemendiak berak eta Alexo de Mirandak (1815). Bigarren plan horretan, erretako hiriaren egitura bera jasotzen zen, erdian plaza angeluzuzen bat zuelarik. Etxeen bolumena (berdindu egin ziren) eta fatxaden konposizioa bakarrik aldatu ziren; fatxadak egiteko, Ugartemendiak emandako ordenantza batzuk bete behar izan ziren. Europa osoko hiri proiekturik berritzaileena izango zena proposamen etsigarria izan zen azkenean, eta horixe bera adierazten dute Donostia berritzeko lanak aztertu dituzten guzti-guztiek.

Donostiarako proiektuak berdintasun handiko bizitegi hiri bihurtu nahi zuen Gipuzkoako hiriburua. Bilbao zaharraren ordezko hiria izango zen Bakearen Porturako (Puerto de la Paz) Silvestre Perezek 1807an egindako proiektuan, berriz, portu hirien ezaugarri guzti-guztiak agertzen ziren: itsas zirkulazioaren eta merkataritzaren zerbitzura egongo zen hiri hierarkizatua izango zen. Baina proiektu hori ere utopikoa izan zen azkenean.

Bakearen Portua Bizkaiko jaurerriaren proposamena izan zen, ez baitzeuden batere gustura, Bizkaiko Itsasoko inguru horretan Bilbaok merkataritza monopolioa zuela eta. Izan ere, hiri itxia zen, deserosoa, eta ez zuen inolako erraztasunik ematen beste merkatari batzuk bertan finkatzeko, ezta salgaiak biltegiratzeko ere. Abandoko ibarra (geroago Bilbao hedatuko zen bertan) eskaini zioten Silvestre Perezi beste hiri bat trazatzeko. Errespetatu beharreko elementu gutxi batzuk zituen: hiru edo lau komentu eta San Vicente eliza. Gainerakoa ibar ia laua eta zabala zen, eta iparraldean itsasadar nabigagarria zuen.

Gaur egun gordetzen den marrazkiak perimetro poligonal irregularra du, Italiako Errenazimentuko hiri ideal batzuen antzera. Itsasadarraren zerbitzurako hiria zen erabat: itsasadarra sigi-saga eginez sartzen zen hirian, ibarraren erdiraino, eta, itsasadarrean zehar, kaiak zeuden programatuta; ertzetan, berriz, nasak eta biltegiak. Bestalde, kaleak programatzean, zonifikazio formularen antzekoa erabili zen: auzo handiagoak eta lur sail zabalagoak etorbide handi baten hegoaldean, San Mames komentu zaharra eta Bilbao barruko itsasadarraren kurba lotzen zituen etorbidearen hegoaldean, hain zuzen. Horrez gain, plaza eta plazatxo ugari zeuden, biribilak, karratuak eta haizemaile itxurakoak; erregearen eta haren familiaren ohorezko izenak eman zizkieten, Frantzian eta barrokoan egiten zen antzera.

Ezin izan zen hiri alternatibo hura eraiki, Bilbaoko nahaspilak zirela eta, lehendabizi, eta Independentziako gerra orduantxe hasi zelako, ondoren. Eraiki izan balitz, ohiko ibai portu atlantiko europarra izango zen, 1666ko Londres berriaren antzekoa, batzuen iritziz; Wrenen eta Evelynen plaza txikien diseinuen plurifokalitatearen antza ere ba omen zuen. Carlos Sambriciok eta beste batzuek sakon aztertu dituzte alderdi horiek.

Herrixka batzuk ere hasi ziren berritze lanetan, beste maila batean izan arren. Zenbaitetan, elizaren eraikuntza edo berritze lanen ondorioz, inguru guztia planifikatu zen, eta elizate guneak sortu ziren, nahiko homogeneoak. Horixe gertatu zen, adibidez, Ajangizen, Nabarnizen, Zaldibarren eta Iurretan.

Bibliografia zabala dago hiriak berritzeko aipatutako bi planei buruz -Donostiakoa eta Bakearen Portukoa-, baina ez dira atzean gelditzen Euskadiko hiru hiriburuetako plaza nagusien plan partzialak. Egindako lehena eta ezagunena Gasteizko Plaza Berria da (Espainiako Plaza, gaur egun). Hasierako izenak erakusten du San Miguel elizako eskaileren azpian zegoen plaza zaharraren alternatiba izan zela; plaza zaharra muinoko gune horretako gremioen kaleen inguruan zegoen (gaur egungo Andre Maria Zuriaren Plaza).

Justo Antonio de Olaguibelen lehen lanetakoa da (1781). Olaguibel arkitektoak bertako Marrazketa Eskolan eta San Fernando Akademian ikasi zuen, eta garai hartan hogeita bederatzi urte izan arren, heldutasun handia erakusten zuen. Plaza karratua da eta bi solairu ditu behealde arkupedunaren gainean. Plazak multzo bat osatzen du etxebizitzen bi segmenturekin ( Juicio eta Ala ), horiek ere arkupedunak (1787 eta 1802) eta plazaren eta hiri zaharraren artean eraikiak. Los Arquillos deituriko zati horretan, argi eta garbi ikusten da hirigintza jakinduria handiz landu zela, hiri bateko bi eremu desberdinak lotzean: Erdi Arokoa eta modernoa. Horixe da, beraz, azpimarragarriena. Bestalde, argi dago Olaguibel ez zela "ex nihilo" hasi plaza diseinatzen, espazio itxiak eta arkupedunak egiteko Espainiako tradizioan oinarritu zela erakusten baitu plazak.

Plaza azoka egiteko eta leku ludikoa izateko zegoen proiektatuta, zezen ikuskizunetarako, zehatzago esateko, eta udaletxea leku horretan jarri zuten, udalak proiektu horretan interes handia zuela erakusteko. Eta hori nabarmen ikusten da udaletxearen tamainan eta fatxadaren nagusitasunean (edo, hobeto esanda, bi fatxaden nagusitasunean), behealdean hautsi egiten baita aurrealdean pilastrak dituzten arkupeen segida; horien ordez, zutabeen bidez dintelduta eta eginda dago aurrealdea. Gainera, buruan, Gasteizko armak jarri zituzten frontoi handi samarrean. Gainontzean, arkupe estu eta baxuko plaza da, eta arkupeek espazio huts zabala mugatzen dute.

Inork ez esan arren, hiria Villasuso muinoko hegoaldeko lautadarantz zabaltzean, Gasteizko plaza oso-oso garrantzitsua izan da zabalgune neoklasikoaren bilakaerarako, noski, eta, horregatik, ez du inoiz plaza zaharra erabat ezkutatu, ekitaldi jendetsuetarako gaur egun oraindik erabiltzen baita.

Bilbaokoari ere Plaza Berria deitu zioten hasieratik, eta, Gasteizen bezala, espazio horrek ez zion plaza zaharrari protagonismorik kendu. Plaza zaharra ontziralekukoa zen, eta, urte askoan, herri ikuskizunetarako lekurik gustukoena izan da, baita azoka egiteko lekua ere, eta erakunde garrantzitsu batzuen egoitzak bertan daude, udaletxea eta Kontsulatua, esaterako.

Begiratu batez, Gasteizko plazaren antz handia du, eta biak ere pasagune perimetraleko plaza itxiak izateko proiektatu ziren. Baina Bilbaokoa itxurosoagoa da, handiagoa delako, arkupe zabalagoak eta altuagoak dituelako, eta hiritarragoa eta alde handirik gabekoa delakoa; izan ere, Foru Aldundiaren eraikina, erakunde publikoen eraikin bakarra, ez da ia batere nabarmentzen. Gainera, Gasteizkoa baino plastikoagoa da, eta garbiagoa tradizio klasikoko elementuetan (toskanar entregak pilastrei). Eta obra motak Erromako Marcelo antzokia gogorarazten du, Perezek, plano egileak (1821), han egon zenean ezagutu zuen antzokia, hain zuzen ere. Lurralde degradatua zuen kanpoan, baratzez, teilapez eta putzuz beterikoa, eta harremanetarako leku duina lortu nahi izan zuten: azoka ezagunetik aparte, euri egunetan pasieran ibili ahal izateko leku estalia. Horrez gain, hiria berritzeko planen barruan sartu nahi zuten, eta alokatzeko etxeen eskaintza hiri itxi hartan handitzeko politika gauzatzeko ere erabili nahi zuten (Loredo Plana, urte batzuk lehenagotik indarrean). Familia garrantzitsuenetako batzuk proiektuaren aurka jarri ziren, higiezinen sektorean interes handiak zituztelako, baina aurrera atera zen proiektua, Fernando VII.a erregearen laguntzari esker, eta, horregatik, azkenean, errege haren izena jarri zitzaion plazari, ordain moral gisa.

Gauza bat eta beste, Silvestre Perezen proiektua denboran luzatuz eta hedaduran murriztuz joan zen -karratua laukizuzena izan zen azkenean-, baina, funtsean, bete egin zen, eta obra zuzendu zuen bertako Antonio de Echevarria arkitektoak errespetu handiz jokatu zuen horretan.

Hirugarren plaza, Donostiako Konstituzio Plaza (angeluzuzena), beste ideia batzuetan oinarrituta proiektatu zen, eta, itxia izan beharrean, zenbait kalek zeharkatzen dute. Plazaren proiektua Ugartemendiaren eta Mirandaren 1815eko proiektu orokorretik dator. Fatxadarik itxurosoena, alde txikietako batean dagoena, ordea, pixka bat geroago zehaztu zen, 1819an, Silvestre Perezek udaletxerako egindako proiektu on batean. Beste bi plazekin alderatuta, balkoien sistema ere desberdina da (balkoi luzeak ditu). Gainera, Konstituzio Plazak ez du beste biek bezain itxura noblea, eraikuntza material zarpiatuak erabili zirelako, besteak beste. Udaletxea aparte utzi eta plazaren itxurari erreparatuz gero, barrokoko plazen antz handia duela esango genuke. Edonola ere, burututako lana Ugartemendiak lehen proiektuan proposatutako oktogono bikain haren oso desberdina da.

Herrixka txikietan ere, Ilustrazioko berritzeko gogo hura zela eta, lan partzial batzuk egin zituztela esan dezakegu: Bizkaian, Areatzako plaza (iturri eta eskolak) eta Otxandioko plaza (iturria, frontoia, pasealeku estalia eta bolatokia), etab.

Hona hemen landa kolonizatzeko asmoz egindako lanen artean mailarik beherenekoa: Berriozabaleta auzoa, Elorrion; jauregi bat, ermita, galtzada, soro bat eta iturri bat egin zituen Miguel de Elcorok 1832tik aurrera, Placido de Berriozabalbeitia indianoaren ekimenez. Eta goren mailan, Gasteizko Florida parkea dugu.

Neoklasizismoan, hain zuzen, kai muturrak, parkeak, pasealekuak, zelaiak, zuhaiztiak, bulebarrak eta beste zenbait elementu agertu ziren leku askotan, eta herritarrak leku horietara joaten hasi ziren, aisialdian pasieran ibiltzera. Esate baterako: Bilbaoko Arenala, Markina-Xemeingo Zelaia, Gasteizko Pradoa, Bergarako Espoloia, Durangoko Ezkurdia, Gasteizko Senda, Laguardiako Collado pasealeku erromantikoa, Aguraingo harresien ingurua, etab. Horietan makalak, ezkiak edo zumarrak egoten ziren ia beti, eguzkitik babesteko; baita kanapeak ere, atseden hartzeko; pilota partidak eta bolatokiak, gazteen atseginerako (Markina-Xemeinen, Durangon, Arrasaten, Gasteizen); ur gezako iturriak, etab. Landa urbanizatzeko lanak estu-estu lotuta zeuden Ilustrazioan behin eta berriz azpimarratutako ideiekin. Gasteizko Valentin de Foronda ospetsua poz-pozik jarriko zen osasungarritasunari eta ohitura onei buruzko bere ideiak zein garrantzitsuak izan ziren ikusi izan balu.

Lorategiei buruz hitz egin behar badugu, Gasteizek merezi du txapela. Hiri txikia izan arren, egile ilustratu ugari bizi izan ziren bertan. Parke eta pasealeku zaharrak azpimarratzekoak dira, Espainiako Plaza egiteak ekarri zuen zabalgune neoklasikoan oinarrituak. Florida parkea, 1820. urtean Manuel Angel Chavarrik egina, paisaian egindako ekintzen adibide paregabea da. Proiektua erromantikoa da neurri batean (ingelesa): muino artifizialak, haitzuloak eta urmaelak. Eta frantsesa da beste neurri batean: parke geometrikoa eta parterre erregularrak.

Arkitektura

Erlijio arkitektura

Utopiez beteriko munduan, proiekturik posibilistenak erlijio proiektuak ziren, elizak eta hilerriak, gehienbat. Bi epigrafetan aztertuko dira; izan ere, zabal azter daitezke biak, horrelako lan ugari daudelako Euskadin eta oso kalitate onekoak direlako; batzuk, gainera, Espainia osoko lan neoklasiko bikainenetakoak dira. Estiloa, hain zuzen ere, parroki elizen bidez sartu zen Euskadira. Baina beste eraikin batzuk ez ziren hain asmo handikoak: funtzionaltasunak aginduta egin ziren, eliztarren benetako beharrak betetzeko, alegia.

Dena Larrabetzun hasi zen (1777), Ventura Rodriguezek, Akademiaren aginduz, eliza egiteko eredu bat proposatu zuenean. Ereduak izugarrizko arrakasta izan zuen, Euskadiko elizarik onenetan antzeko eskema erabili zen eta: gurutze greko bat laukizuzen batean inskribatua. Baina eredu hori aldatuz joan zen, eta modulu zentrala indartu egin zen, espazio eta bolumen guztien elementu antolatzailea baita. Askotan esan da Larrabetzukoak -Andaluzian faksimileak ditu- barrokoaren ukituak zituela, Reesek erakutsi zuenez, eta itxura soila ez zela izan erabat izaera neoklasikoaren ondorioa, ekonomiaren ondorioa baizik, Espainiako zenbait eskualdetako landako eliza haiek Rodriguez mandatariak presako prozeduraz egitea agindu baitzuen. Gaur egun, zaharberrituta dago eliza, eta, zarpiaturik gabe, egitura ikusten zaio, biluzia, hotza eta lineala, eta, hori ikusita, ez nuke esango barrokoaren halako kutsurik duenik, baina badakit modulu zentrala estaltzen duen ganga trenkatuak ez duela ondorengo elizetako kupulen zentzu bera, eta ez duela geroago Bermeon, esaterako, lortu zen batasun zentzurik.

Karrantzan, Aldeacuevako San Bartolome elizak (1789, Juan Milla) badu kupula, baina oso sinplea. Eliza hotza da barrualdetik, burualdea, batik bat, baina alderdirik deigarriena klasizismoa da: fatxadak bi dorre ditu albo banatan, eta sarbideak eta baoak listelez molduratuta daude; azken horiek Escorialetik zuzenean hartuta daudela dirudi, plano egileak bertatik hartu baitzituen, Escorialen jardun zuen Juan de Villanuevaren aparejadore laguntzaileak, hain zuzen ere. Euskadiko neoklasizismoak, beraz, maisu onak izan zituen hasiera-hasieratik, nahiz eta Karrantzako hori, purismo klasizistaren ikuspuntutik, nahiko kasu bakana izan; hemen ez zuen ia ondoriorik izan.

Hona hemen oinplano zentratuko beste eliza batzuk: Nabarnizkoa eta Aramaiokoa (Alexo de Mirandarenak biak, 1800), Ajangizkoa, (Juan Bautista Belaunzaran, 1819) Mandaitakoa (Martin de Saracibar, 1830), Muruetakoa (Antonio de Goycoechea, 1848), Erdoltzako ermita Gipuzkoan, etab.

Hainbeste eliza zentratu daudenez, beste aukera batzuk daude espazioa ulertzeko. Esate baterako, oinplano basilikala dute Herrerako elizak (Domingo Maria de Regil, 1824), Galdamesko San Pedro elizak eta Arrietakoak. Bigarrena Juan Bautista Belaunzaranek egin zuen 1825ean, eta hirugarrena ere egile berarena omen da; azken bi horietan, zutabeak hormetan entregatuta daude. Gurutze formako oinplanoko batzuk ere badaude. Adibidez, gurutze latindarreko oinplanokoak: Antzuolakoa, Bovedakoa, Barriobustokoa eta Marietakoa. Eta gurutze grekoko oinplanokoak: Arantzazukoa, Bizkaian, eta Loinazkoa, Gipuzkoan.

Barriobustoko elizan, adibidez, kanpoko itxura ez dator bat barrualdearekin. Kanpotik ikusita, mailaketa bolumetrikoa oso dotorea da, eta are dotoreagoa egiten du harearrizko silarriz landuta osaturiko aparailu bikainak. Barrualdea, ordea, erabat tradizionala da: trenkatutako ertz gangak ditu. Antzuolako elizak, berriz, itxura dotoreagoa du barrualdetik. Muruetakoa, bestalde, planteamendurik ederrenetakoa da, eta angeluen segregazioak Ventura Rodriguezek Silosen proposatutakoa gogorarazten du. Edonola ere, sakonago aztertu beharko lirateke gainetik aipatutako horietako batzuk.

Egin gabe geratutako proiektuetako bat Agustin de Humaran arkitektoak 1825ean Galdakaorako diseinatutakoa da. Esan bezala, ez zen gauzatu, baina oraindik gordetzen diren planoei erreparatuta, oinplano basilikaleko eliza bikaina izango zela esan daiteke, eta barrualdean zutabe atxikiak izango zituela, Galdamesko eta Arrietako elizen antzera.

Bi elizarik garrantzitsuenak eta ezagunenak Mutrikukoa eta Bermeokoa dira, Silvestre Perezen diseinuetan oinarrituak biak (1798 eta 1797-1807-1820, hurrenez hurren). Besteak ez dira hain garrantzitsuak, monumentalak ez direlako, nahiz eta batzuk hortxe-hortxe ibili (Ajangizkoa, Aramaiokoa -harmailadia eta zutabez dinteldutako arkupea-, Nabarnizkoa, Iurretakoa), edo eraikuntza materialak oso soilak direlako (harlangaitza mortero bidez oso bildua, eliza berberetan). Euskadin, Mutrikuko eta Bermeoko elizak izango dira, seguru asko, erlijioarekin loturiko arkitektura neoklasikoaren maila gorenaren adierazgarriak. Gauza asko antzekoak dituzte, baina Bermeokoak anbizio handiagoa erakusten du, ikaragarri handia delako; baina anbizio horrek kalte egin zion, ezin izan baitzen inoiz amaitu. Inguruan nabarmentzeko asmoa ikusten zaie biei, Mutrikuko eta Bermeoko elizei; izan ere, plazan eraiki ziren, beste eraikin batzuen aurrean, eta hori Silvestre Perezek eskatutako baldintza izango zen, seguru asko, halako erronkak izugarri gustatzen zitzaizkion eta. Nabarmendu nahi hori fatxadan ikusten da: aurrealdean arkupe nartexak ditu, bai eta harmailadi axialak ere (doriar hexastiloa, Mutrikokoa); elizara igotzen hasten denari erromatar tenplu batean sartzen ari dela irudituko zaio. Mutrikuko elizara Nîmesko Maisón Carré izenekora bezala igotzen da. Handitasun hotz horretan, nire iritziz, zerikusi handia du kareharri grisezko testuraren esterotomia ezin hobeak; eta handitasun horrek barne korrelatua du kupula zentralaren eta gurutze besoen ikaragarrizko hutsune biluzian. Hutsune handi hori makla simetriko biluziek mugatzen dute kanpotik, bolumen garbikoek, batzuk besteetan hierarkizatuta; biluzik, apaintzeko inolako aukerarik gabe, horman zuzenean moztutako bao termal handiak barne. Geometrismo gordina kupularen estradosean ere ikusten da; izan ere, estilo barrokokoak globo formakoak badira ere, horiek prisma itxurakoak dira, eta ikaragarrizko soiltasunezko estalkien sorta ikusgarria da nagusi.

Eta barrualdean, espazioaren batasun zentzua nabaritzen da, begirada batez espazio osoa ikusgai baitago, erromatar termetako areto zentrala izango balitz bezala, goitikako argi uniformez argituta; argia, gainera, bao termaletatik sartzen da eta elementu guztiak berdin argitzen ditu. Eta horixe izan zen, hain zuzen, eliza barrokoetako berezko ilunantz eta bazter ulertezinak alde batera uzteko urrats erabakigarria.

Dena den, badira desberdintasunak Mutrikuko eta Bermeoko elizen artean. Bermeokoak eremu angeluzuzen ikaragarria hartzen du, eta lau kalez inguraturik dago; horiekin lotzeko, arkupeak programatu ziren alboetan, baina ez ziren egin. Horrez gain, barrualdearen eta kanpoaldearen arteko lotura zehatzagoa da, eta espazioaren batasun zentzua garbiagoa. Neoklasizismoko zorrozkeria eta erradikalismoa gaizki ulertuta, Bermeoko eliza gozatu egin zuten geroago: petxinak eta sototribunak pintatu egin zizkioten, eta, horrela, hasierako kutsua arindu egin zen. Bermeoko eliza, gainera, eliza batzuen zerrenda burua da; zerrenda horretan daudenen artean, Nabarnizkoa eta Ajangizkoa aipatu behar dira, barrualdea berdin-berdina baitute, angeluetan exedra erdizirkularrak eta guzti.

Eliza monumental batzuen eta eliza ez hain monumentalen kasuan aipatu bezala, sistema zentraturako joera zegoen neoklasizismoan. Joera horrek beste elementu batzuetan ere eragina izan zuen, Elciegoko parrokiako sakristian (1789) eta Otxandiokoan, adibidez; Olaguibel arkitekto gasteiztarrarenak dira biak.

Asko daudenez eta oso ederrak direnez, ez da ahaztu behar Arabako erlijio paisaia neoklasikoa elizetako dorreek osatzen dutela askotan, familia kutsu handikoak eta Olaguibelek zabalduriko eredu batean oinarrituak. Dorre olaguibeldarrak ( olaguibelescas ) deitzen diete Araban, nahiz eta denak Olaguibelenak ez izan. Eredua San Fernando Akademiak eskualdeko proiekturen bat zuzendu ondoren sortuko zen, seguru asko, Gipuzkoan Martin de Carrerak 1779an jada erabili baitzuen Oñatiko San Miguel elizan. Arabako dorre horien artean, Berantevillakoa, Arriagakoa, Dulantzikoa eta Antoñanakoa ditugu, besteak beste; masta ospetsuak, Arabako lautadetan mugarriak izango balira bezala nabarmentzen direnak.

Araban, bestalde, eliza zaharren barrualdea aldatu egin zen batzuetan, estilo neoklasikoa emateko: Antoñana, Arraia-Maeztu, Izarra, Amarita, Gamarra Nagusia, Oreitia, Zekuiano, Audikana, etab. Igeltseroek egin zuten, eta igeltsero haiek italiarrak ziren askotan, iztukaduran diseinu landuak erabiltzen zituztelako.

Hilerrien arkitektura

Arestian esan dugunez, eliza zentratuetarako joera zegoen, eta joera hori hilerrien arkitekturan ere ikusten da. Horren adibide ditugu Bilbaoko bi hilerri: Mallonako hilerri zaharra, argazkiak direla eta ezagutzen duguna, eta San Frantzisko komentuko baratzeko nekropolia, inoiz amaitu ez zena, neurriz gainekoa proiektatu zelako. Bi horiek arkitektura neoklasikoko Bizkaiko lanik garrantzitsuenetakoak dira.

Bilbaoko bi nekropoli horietan, fatxada nabarmendu nahi zen, arkupe dintelduen bidez, toskanar zutabeen tarteek modulatuta, taulamendu lau, frontoi eta guzti, den-dena tradizio klasiko handikoa. Kaperak Bermeoko ereduaren kopiak ziren: karratutan inskribatutako gurutze formako espazioak, eta, kanpoaldetik, makla lehor geometrizatuak eta hierarkizatuak (kupulak ezkutatzen zituen prismatik begiratuta). Mallonakoa, Juan Bautista Belaunzaranena (1828), Belaunzaranen beste proiektu bat atzera bota ondoren egin zen; atzera botatako proiektua eliptikoa zen, Silvestre Perezek diseinaturiko proiektu utopikoaren -zirkularra- ildoan, nolabait. Mallonako proiektuan, galtzadetatik sartzea lortu nahi zen, biratuta jarri baitzen, perspektiba joko paregabea eginez; gainera, oso-oso arkeologikoa zen, eta, azkenean, toskanarren arteko erromatar garaipen arkua zirudien, Bilbaoko Plaza Berriaren zati bat izango balitz bezala; bertatik nekropolira sartzean dohatsuek lortuko duten garaipenaren ikurra, nolabait esatearren.

Bestea Agustin de Humaranek trazatu zuen, pixka bat lehenago, 1822an; proiektu hori "ezinezkoa helburu" adierazpenak esan nahi duenaren barruan sartuko genuke. Bestearekin alderatuta, kaperaren formaz gain, hilobi sistema ere berdina da: horma hilobiak zutabedun arkupe dintelduen azpian, eta, aparte, sarkofagoak (dokumentuetan hilobi bereizgarriak deituak), den-dena estalia, eta, erdian, lorategi bat. Hilerri arkupedun horien jatorria Erdi Aroko Italian dago; bestalde, Madrilgo Iparraldeko Akademiaren (Academia del Norte) bidez zabalduriko ereduan ere oinarritu ziren: 1804an Juan de Villanuevak diseinatutakoan, hain zuzen ere. Bada, hilerriek arrakasta handia izan zuten Bizkaian: Markina-Xemein (1851, Mariano Jose de Lascurain), Elorrio (Rufino Lasuen, 1858), Amorebieta-Etxano (desmuntatua), Abadiño (1854, Rafael de Zavala). Eta Euskadiko gainerako lekuetan eta Espainian baino arrakasta handiagoa, gainera; leku horietan, badira garai hartako adibide bakan batzuk, neurri batean estaliak, behintzat (Reinosa, Valentzia, Bartzelona, etab.).

Bizkaian, landa inguruetan, badira nekropoli arkupedun pobre batzuk -eta lehen gehiago izan ziren-. Horietan, zurezko zutabe sinpleak daude zutabe dotoreen ordez, baina atzean dagoen espiritua bera da. Mañarikoa horren adibide dugu: hilerri arkupedun txikia ardura handiz berritu dute. Elorriokoa, aldiz, ez zen inoiz amaitu, eta egin zena estu eta larri egin zen, harriz egin beharreko zutabeak zurez egin baitziren. Neurriz gaineko proiektua izan zen hori ere, beraz.

Nekropoli arkupedun monumentalenei erreparatuta, ponpeiarren etxe baten irudia datorkigu gogora, edo, bestela, etxe helenistiko baten peristiloa. Irudi hori, ordea, ez dugu aurkituko ez Araban ez Gipuzkoan. Horietan, nekropolietako portadak baino ez dira kontuan hartzekoak, eta interes gutxikoak dira, gainera.

Jose Bonaparteren mehatxu gogorrak zirela medio, 1811. urteko Santu guztien egunetik extra-ecclesiam hobiratu behar zen, nahitaez, baina Euskadin ez ziren agindu horiek bete, espiritu prestatuenekoek beti hala eskatu bazuten ere. Horregatik, nekropoli batzuk geroago egin zirenez, ukitu grekoerromatarreko neoklasizismoa Akademiatik kanpoko ukituekin nahastu zen, Markina-Xemeingo hilerriko kaperako pilono erdigrekoen siluetan, adibidez. Eta gauza bera gertatzen da hirugarren belaunaldiko arkitekto batzuek diseinaturiko elizetan eta eraikinetan ere.

Udal eraikinen arkitektura

Genero honen barruan, zenbait udaletxe eta antzeko beste eraikin batzuk azpimarratu behar dira, bereziki; esate baterako, Arabako Foru Aldundiaren eraikina eta Gernikako Juntetxea.

Azken multzo hori oso-oso garrantzitsua da eta esanahi sinboliko handia du, nahiz eta proiektua bukatu gabe gelditu. Proiektua Bizkaiko Aldundiak bertako Antonio de Echevarria arkitektoari agindu zion, 1827an; arkitektoa aditua zen obra zuzendaritzan, peritutza lanean eta eraikinen diseinuan.

Erronka ez zen batere erraza. Zenbait funtziotarako balioko zuen eraikina proiektatu behar zen Gernikako basoan, herri senatua eta eliza aldi berean izango zena. Eliza egin behar zen, Espiritu Santuari Juntetako ahaldunen espiritua aurrera zuzen eraman zezala eskatu ahal izateko. Bi funtzio horiek eta sortutako dokumentuak gordetzeko zeregina, traba askorekin, Erdi Aroko ermita kalamastra batean egin izan ziren mendeetan zehar, Antiguako Andre Mariaren ermitan, hain zuzen ere. Garai hartako optimismoak bultzatuta sartuko zen Jaurerria halako proiektu korapilatsuan; baina aipatutako optimismoak ez zuen luze iraun.

Antonio de Echevarriak ezin hobeto eman zion irtenbidea erronkari. Zeharkako eraikin zentral eliptikoa programatu zuen zelai sakratuan, antzoki baten harmailen antzekoa; ahaldunak eseriko ziren bertan. Gero, presidentetzarako, eremu angeluzuzen nabarmendua proiektatu zuen, elizaren absidea ere izango zena.4 Korridore axial bat proiektatu zuen, absidetik zuhaitz sakratura eta zin egiteko tribunara joateko. Kanpoko inguru hori da, hain zuzen, inguru sakratu nagusia, euskaldunen baso sakratua. Eta hortxe hazten da, gainera, askatasunen zuhaitza; zuhaitz horren itzalean egon zen, mendeetan eta mendeetan, zurezko tribuna soil bat, eztabaidak egiteko eta foruen errege zinetarako.

Zin egiteko tribunaren zati hori eskalan egina da: lurretik altuera batera, korintoar zutabez osaturiko arkupea programatu zen, sakonera gutxikoa. Batzuen ustez, Erromako Agriparen Panteoiko arkupearen antz handia zuen.

Juntetxea, bestalde, konposizio lan bikaina da, eta izugarri baloratu da alderdi hori, ulertzekoa den bezala. Proiektuan, elementu zentralari eman zitzaion garrantzi handiena, eliza/parlamentuari. Bi solairukoa proiektatu zen, bigarren mailako beste bi bloke baxuagori lotuta; eta blokeak arkupeen bidez formulatuta zeuden laukizuzen handiaren muturretan, eta, albo banatan, patioak proiektatu ziren. Mendebaldeko blokea artxibo lanetarako erabili izan da hamarkada askotan, baina bestea ezin izan zen egin, Lehen Karlistada zela eta.

Multzo osoa proiektu berekoa da, baina Tribuna beste eskala batean dago eta erregistro artistiko desberdina du, estilo berekoa izan arren: aukera klasiko arinagoa eta gozoagoa, garaiari hobeto zegokiona. Baina Etxea oso handientsua da; elizara sartzeko arkupea dixtiloa da, eta zutabe itzelak ditu antatan, doriar estilokoak.

Arabako Aldundiko eraikina antzekoa da nolabait, arabarrek lortutako askatasunak sinbolizatzen baititu. Gasteizen egin zen, hiritik kanpo. Eraikinaren aurreko plaza hirigune zaharraren ingurunea zabaltzeko asmoz egin zen; asmo horri Espainiako Plazarekin eman zitzaion hasiera. Arabako Aldundia Martin de Saracibarren lana da (1833), eta Gernikako obra baino pixka bat modernoagoa da. Gaur ikusten duguna berak trazatutakoa baino gehiago da, solairu bana gehitu baitzaizkie hegalei eta bigarrena aldatu egin baita erdialdean; bao termal bereizgarriak kendu zaizkio, esaterako. Eraikinak laukizuzen etzanaren itxura du eta, bertan, erdiko harmailadia da gehien baloratzekoa: harmailaditik arkupe dinteldu atzeraeman batera igotzen da. Eta gutxien baloratzekoa, berriz, leiho guztietako frontoien gehigarri apaingarriak dira, hasierako proiektukoak barne, kutsu erromantikoa ematen baitiote guztiari, programan aurreikusten ez zena.

Euskadin, udaletxeek, administratuen etxeek, barrokoko mendeetan bizi izan zuten urrezko aroa. XVII. mendeko klasizismokoetatik hasi (Bilbaoko udaletxe zaharra, Elorriokoa, Elciegokoa, etab.) eta rococora artekoak (Oñati, Arrasate, Elgoibar, Labastida), antzekoak ziren ia guztiak: arkupe baxua eta solairu noble bat zituzten, kanpoaldera balkoi korritu eta guzti. Eraikinik nabarmenenetako batzuek beste solairu bat ere izaten zuten.

Halako nahikoa eraikin zeuden, baina, Independentziako gerraren ondorengo optimismoaren eraginez, eta, halaber, gerrak eragindako hondamendien ondorioz, besteak beste, udaletxeak egiteko zenbait proiektu garrantzitsu landu ziren. Adibide batzuk ez ditut aintzat hartuko, etxe arkitekturaren barruan sartu beharko liratekeelako; izan ere, XVIII. mendeko baserri arkupedunen antza dute Ispasterkoak, Garaikoak, Zamudiokoak eta Zeberiokoak. Horiek aparte utzita, beraz, mailaketa bat erakusten duten hiru adibide aztertuko ditut.

Gernikakoa, foru hiribilduaren bonbardaketan suntsitua, Juan Bautista Belaunzarani agindu zioten (1814). Eraikinean ez dago arkitektura klasikoko elementurik. Udaletxea XVIII. mendekoa zela uste izango genuke, dokumentuek kontrakoa adieraziko ez balute. Garrantzirik gabeko beste alderdi zoli batzuek ere erakusten dute ez zela XVIII. mendekoa: balkoiei eusten dieten mentsula talonatuek eta teilatu hegaleko harburuen forma geometrikoak. Arkupeko arkuak molduratuta daude eta bao dintelduak xafla lauen bidez mugatuta daude, barrokoan egiten zen antzera, nahiz eta garaia beste bat izan. Alderdi horiek direla eta, eraikina arkaikoa da nabarmen, Belaunzaranen beste obra batzuk ez bezala (besteak klasikoak dira, nagusiki). Arabako Dulantziko udaletxea ere antzekoa da: arkupea arku multzoak molduratua du. Dena den, logikoagoa da eraikin hori halakoa izatea, 1788koa baita.

Silvestre Perezek Bilbaorako diseinatutako proiektua (1819) beste mota batekoa da, garaiari dagokiona. Lur saila nahiko estua zen, udaletxe zaharreko bera agian; behe solairuak hiru arkuko arkupea zuen, silarriz zorrotz landuta, kuxinduta ia-ia, udal erakundearen sendotasuna sinbolizatzeko asmoz. Horren gainean, beste bi zati zeuden hiru kaletan modulatuta, toskanar zutabe exentu jiganteen bidez modulatuta, hain zuzen ere. Eta zutabeak friso batek lotuta zeuden, taulamendu sendo zuzen batez; bertan, balkoi gainjarri dintelduak zeuden. San Fernando Akademiaren gustukoa izan zen proiektua: fatxada nabarmentzea eta aukeratutako ordenaren garbitasuna baloratuko zituzten, ziurki. Baina ez zen inoiz egin.

Urte hartan bertan Perezek Donostiarako diseinatutakoa, ordea, bai, egin zen, nahiz eta aspalditik beste gauza baterako erabili. Konstituzio plazako alde txikietako batean dago, eta Bilbaokoren antzekoa da, baina hura baino askoz handiagoa. Eraikin horren alderdirik azpimarragarriena fatxada nabarmendu nahia da: toskanar zutabeak ditu, jigante ordenakoak horiek ere, eta bost kaleak mugatzen dituzte. Euskadiko udaletxe neoklasikorik garrantzitsuena eta udal erakunderik interesgarrienetakoa da.

Hona hemen estilo horretako beste udaletxe interesgarri batzuk: Orendaingoa, gehiegizkoa leku horretarako (Olaguibelena omen da); Ordiziakoa, oso eraldatua (Alexo de Miranda, 1798); Ondarroakoa, elizari zuhurkeriaz atxikia (Mariano Jose de Lascurain,1850); Laguardiakoa (Manuel Angel Chavarri, 1829); Aulestikoa, gehiegizko eraikina hori ere (Pedro de Belaunzaran, 1843); eta Mañarikoa (Pedro Luis de Bengoechea, 1860).

Laguntzarako eraikinen arkitektura

Aspaldi-aspalditik, osasun laguntza ongintzazko ekintza zela pentsatzen zuten, kristau karitatekoa. Erdi Arotik, Elizak bere lantzat hartzen zuen, eta parrokiekin loturiko elkarte pribatuek, kofradiek eta partikularrek eusten zioten ongintza sare horri. Horixe gertatzen zen, adibidez, Bilbaon: batzorde batek zuzenduriko ospitalea izan zuen Santos Juanes elizan, hiritik kanpo. XVIII. mendetik, ordea, aldatu egin ziren zerbitzu horiekin loturiko legeak, eta aldaketa horiek, azken finean, ospitaleak eraikitzeko bultzada izan ziren.

Bilbaoko ospitale horren aztarnak oraindik ere ikusten dira hiri topografian. Horren ordez, leku berean, beste bat egin zuten, izugarria; eta bigarren horren ordez Basurtokoa egin zen, duela mende bat. Lehengoan, oso hondatuta daude barrualdeko oinarrizko zenbait elementu; baina osorik dago kanpotik.

Elkarren artean lotutako moduluz osaturiko eraikina da. Sistema hori ospitaleak pabiloi bakanetan egiteko modaren aurretikoa da, mende bukaerako moda horren aurretikoa, alegia. Hegoalderantz orientatu zen, zentzuz, eta hiruhortz eran antolatu; bestalde, arkuzko galerien bi patio eguzkitsu zituen. Honako sistema hauen guztien desberdina zen: Errenazimentuko Espainiako sistema kruziformearen desberdina; Ballsek marrazturiko sistema erradialaren desberdina; eta Sabatinik Madrilerako egindako sistema porotsuaren desberdina. Esperimentu ingelesen kopia zirudien, Plymouthen esperimentuena, adibidez.5 

Silarrizko aparailuak eta beste elementu batzuk maila handiz landuta ditu, eta erabat neoklasikoa dela azpimarratu behar da: horman zuzenean zulatutako bao dinteldu handiak, ordena eta simetria kontuan hartuta moldatuak, eta toskanar zutabeko fatxada tetrastilo izugarria. Fatxadan, gainera, perspektiba joko ederra egin zen (Belaunzaranek Mallonan imitatu zuen). Obra Gabriel Benito de Orbegozorena da (1818). Benito de Orbegozo Bilbaoko Marrazketa Eskolan ibilitako negozio gizona zen. Silvestre Perezek proiektuaren aldeko txostena egin zuen, baina zuzenketak egin zituen, ohikoa zen bezala. Bestalde, Agustin de Humaranen proiektu alternatibo bat bidali zen Madrilera, eta Humaranek, 1823. urtean, ordainsaria eskatu zuen, egindako planoen eta obra zuzendaritzaren truke.

Dokumentaturiko beste ospitale neoklasiko bat Gasteizko Santiago ospitalea da. Gaur egun, erabili egiten da oraindik ere, baina oso aldatuta eta handituta dago: fatxada berregina du eta hegal bat duela gutxi gehitu zaio. Mateo Garayk trazatu zuen, 1804an, ondo orientatuta eta Gasteiztik kanpoko leku zabal batean.

Ur hartuneekin loturiko arkitektura

Hiriek, hiribilduek eta herrixkek -haiek lehendabizi eta besteek ondoren- ahalegin berezia egin zuten higiene azturak gauzatzeko modua bilatzeko, eta, horregatik, jarduera ugari jarri zituzten martxan, ur osasungarrietarako hartuneak jartzeko eta iturriak egiteko (iturriak beste epigrafe batean aztertuko ditugu). Horrez gain, Euskadin, behintzat, oso genero garrantzitsua da, elementu interesgarri asko baitaude azpimarratzeko modukoak.

Lan horiek eskatu zituzten herriek nahiz lanak egin zituzten arkitektoek estimu handitan zuten genero hori, eta, beraz, arkitektoek ez zieten ezetzik esaten halako aginduei. Genero horretan, egia esateko, argi eta garbi ikusten da estilo neoklasikoaren bilakaera, egileen belaunaldien bilakaeraren bidez.

Urarekin loturiko lanen arkitektura ez zen genero berria Euskadin, Erdi Aroko berriak eta ebidentziak baitaude (Labraza, Benasperi), bai eta Errenazimentukoak (Bermeo) eta Barrokokoak ere (Elorrio, Turtzioz, Oion, Kontrasta). Dena den, Euskadiko iturri monumental gehienak estilo neoklasikokoak dira. Mendearen erdiko hamarkadak izan ziren oparoenak, herrixketan orduantxe onartu baitzuten, inolako erreparorik gabe, osasungarritasuna lortu behar zela (urak, harategien eta arrandegien garbitasuna). Herri askotan, gainera, iturri publikoan baino ez da ikusten estilo neoklasikotik aurrera egin zela, Arabako mendebalde osoan eta Arabako Lautadan, esate baterako.

Historia Luis Paretek Bilbaorako diseinatutako bi iturriekin hasten omen da (1785); Colon de Larreategui korrejidore ilustratuak hala nahi izan zuelako diseinatu zituen. Rococoko margolariak -Iruñakoak ere hark diseinatu zituen- bi bertsio proposatu zituen: iturri bat zutabean, exentua eta gurutze formakoa, Santiago plazarako, eta beste bat ontziralekuaren ondoan, atxikia, plaza zaharrean. Osagarriek -plakek eta pitxerrek- argi eta garbi erakusten dute elementu horiek abangoardistak zirela garai hartarako.

Pantailako iturrietatik, Bilbaoko Alde Zaharreko Txakurraren iturria da erregina; lehen San Miguelen zorrotadak izeneko iturria egon zen lekuan dago. Txakurraren iturria bi gauzagatik baloratu behar da, batik bat: batetik, arkeologismoagatik, aska estrigilezko sarkofago erromatar baten kopia baita; eta bestetik, abangoardismoagatik, Napoleonen marrazkilariek Egiptotik Europara ekarritako esperientziak hedatu baino urte batzuk lehenago, 1800. urterako, interpretatu baitziren Bilbaon egiptoar zutabeak, palmetak eta lehoiak, beren neme eta guzti. Parisko rue des Colonnes -eko etxe bateko (Frantziako Iraultzako garaikoa) ataripearen konposiziotik kopiatuta egongo da Bilbaoko iturria, baina ez dago garbi nork sartu zituen hemen berrikuntza horiek -nahiz eta dokumentuetan bilatzeko ahalegin handia egin den-; dena den, berrikuntzek ez zuten ondoriorik izan.

Hori azaldu ondoren, aspergarria izango litzateke iturrien zerrenda ematea, baita gutxi gorabeherakoa ere. Hala ere, iturririk monumentalenetako batzuk azpimarratuko ditut, tipologiaren arabera ordenatuta. Zutabe iturrien artean (edo pilare edo obelisko iturriak), errementari herri izandako Otxandioko plazan Vulkanoren ohorez egindakoa azpimarratu behar da; iturria Martin de Saracibarrek egin zuen (1850). Duela hiru edo lau urte, iturria berritu egin dute, baina kalte baino ez diote egin, zoritxarrez. Berritze lan horretan, Areatzako plazarako Neptunoren ohorez programatutako beste baten kopia egin nahi izan zuten. Areatzako horri buruz esan behar da izugarrizko astakeria zela, eta, azkenean, beste iturri handi bat egin zutela, Alkatxofaren iturria , itxura monumentaleko zutabea.

Pentsatzekoa da diseinu horietako batzuk Akademiako tratatuetatik edo ikasleen ariketa praktikoetatik sortu zirela, Madrilgo Castellanako iturriaren (Mariategui,1833) antz handia baitu Amorebieta-Etxanoko Urgozo iturriak, adibidez. Lezakoa, Araikoa eta Lagrangoa (1855) ere zutabe iturri eder-ederrak dira. Xumeagoak dira Armiñongoa (1852, Saracibar) eta Elorrioko Berriozabaleta auzokoa (Miguel Elcoro), oso bitxia, landan dagoelako. Eta nahiko umoristikoa da Azkoitikoa (1835, Lascurain): errematezko pitxer egokia eta bi barrika ditu, eta bertatik isurtzen da ura. Landako (Araba) obeliskoa ere azpimarratzekoa da.

Pantailako iturriak ere parekoak dira. Ordena kronologikoan, lehenengoa Olaguibelek Harorako diseinatutakoa da (1794) eta, gero, Bilbaokoa, lehen deskribatutakoa. Iekorakoa, Villamadernekoa, Ubidekoa eta beste batzuk ere azpimarratzekoak dira; horietan estilo neoklasikoaren batasunari eutsi zitzaion.

Horma iturri, arkosolio edo garaipen arku motako iturrietatik, adibiderik aipagarriena Lantziegokoa da; nabarmena, benetan. Fatxada pilastrek mugatua eta frontoi zuzenez amaitua da, eta erdi puntuko horma-hobi bat dago, iturrietarako eta askarako.

Iturrietan estiloaren bilakaera argi eta garbi ikusten dela erakusteko, Durangoko erromantikoak aipatuko ditut. Bi Juan Antonio Egurenenak dira (1860); Eguren Durangoko bertako arkitektoa zen, eta hirugarren belaunaldiko arkitektoen artean aipatu dugu lehen.

Elementu garrantzitsuen katalogo horretan ez dira falta elementu benetan konplexuak, eta esan beharra dago lan horiek oso-oso ondo egin zituztela maisu ia ezezagunek (Berriozabaletako iturria, Miguel Elcororena, esaterako). Baina katalogo horren aitzakian ezin da beste katalogo zabalago bat alde batera utzi. Katalogo zabalago hori jardunbide apaleko profesionalez eta elementu funtzionalez beteta dago. Kasu horietan, iturriak beste proiektu handiago batzuen barruan egoten ziren, asken eta herri harrasken proiektuen barruan (Azpeitian, Lascurainena, 1842; Hernanin; Bovedan; Villamadernen; Tuestan; Lantziegon, etab).

Horietatik guztietatik, Lantziegokoa da interesgarriena: funtzioak hierarkizatuta daude, iturritik hasi eta harraskaraino, eta herri horretako funtsezko bide zor baten oztopoa argitasun handiz dago gaindituta. Bestalde, zenbait iturri harategiekin eta arrandegiekin lotuta daude (Markina-Xemein, Durango). Instalazioak egitean, ur kirasdunak inguruko ibaietara bota behar zirela izan zuten kontuan: Balmasedako hiltegia (Lorenzo Francisco Moñiz); Bergondako harategia, arkupe, erloju dorre eta guzti; etab.

Ur osasungarriekin beste genero arkitektoniko bat dago lotuta: bainuetxeen generoa. Esan beharra dago jendea lehenago hasi zela bainuetxeetara joaten itsasoan bainatzen baino. Mirandak eta Ugartemendiak bi proiektu egin zituzten Zestoako bainuetxerako, eta lehena aukeratu zen. Horrez gain, halako beste zenbait eraikin ere badira, gaur egun beste funtzio bat izan arren. Adibidez, eraikinik garrantzitsuenetako bat aldatuta dago eta beste gauza batzuetarako erabiltzen da orain: Beleringoa, Elorrion (1869).

Beste zerbitzu batzuk

Ilustratuen iritziz, oso garrantzitsua zen erabilgarritasun publikoa lortzea, eta horixe ikusi dugu, hain zuzen, aurreko orrialdeetan aztertutako generoetan eta elementuetan. Baina, gaia ez da hor amaitzen; arkitektura neoklasikoak beste alor batzuk ere hartu zituen barne. Horietako batzuk gainetik aipatuko ditut, eta, beste batzuk, aldiz, sakonago aztertuko ditut. Aztertu beharreko lehenengo elementua antzokiak dira, baina ez pentsatu epigrafe hau horiek aipatzeko soilik egin denik; izan ere, Euskadiko estilo neoklasikoa nolakoa izan zen hobeto jakiteko, objektiboki, oso garrantzitsua da antzokiak aztertzea.

Ezagutzen ditugun hiru antzoki neoklasikoetatik bi aztertuko ditugu atal honetan: Gasteizkoa eta Bilbaokoa, galduak biak. Lehenengoa, oso ezaguna, Silvestre Perezena da (1817). Gasteizko eraikin eder horrek ezin hobeto erakusten zuen zein zorrotza zen Silvestreren eskaintza neoklasikoa. Fatxada orekatua proposatu zuen, zentrora aurreratua: fatxadak, behe solairuaren gainean, goitik taulamendu zuzen batez errematatutako gorputz bati eusten zion; eta goiko solairuan, berriz, joniar zutabe soil-soilek mugaturiko hiru kaleri. Jigante ordenakoak dira, eta aurretik, leiho dintelduak eta, horien gainean, bao termalak nahasten dira; bao termalak alboko ardatzetan ere badaude, diskretuagoak, baina behar bezalako estereotomia sistemaren adierazgarriak, Silvestreren ezaugarria baita hori.

Antzokia galdu egin da, zoritxarrez, eta, horrekin batera, genero horretako eraikinik interesgarrienetakoa, burgesia ilustratuaren egitura argitasuna eta erabateko zorroztasuna hobekien erakusten zituen eraikina, seguru asko.

Bilbaoko Ronda kaleko Komedien Koliseoak (Coliseo de Comedias) bizitza laburra izan zuen. Alexo de Mirandak eta Agustin Humaranek diseinatu zuten 1799an. Gasteizkoa baino zaharragoa da, beraz, baina kanpoko itxura kaskarragoa du, fatxada soil-soila baita. Barrutik, aldiz, gordetako diseinuari erreparatuta, elipse formako antzoki klasiko horretan lan ona egin zela esan daiteke.

Bilbaon, burgesiak bultzatuta, zaletasun handia zegoen antzerkirako, komedietarako; izan ere, burgesiaren iritziz, hura herria hezteko beste modu bat zen. Horregatik, Ronda kaleko Koliseoa erre ondoren, behin-behineko beste bat egon zen Arenaleko teilape batean. Eta, horrez gain, enpresaburuak zenbait ekimen martxan jartzeko prest egoten ziren beti, ikuskizunetarako antzoki egonkorrak egin zitezen. Baina arazoa bera izaten zen beti: oso-oso zaila zen Bilbaon leku librerik aurkitzea. Geroago, 1839. urtean, antzoki bat egin zen gaur egun Arriaga dagoen lekuan, Juan Bautista de Escondrillasen planoei jarraituz.

Zerbitzu eraikinen generoaren barruan, aduanen generoa oso garrantzitsua da. Zenbait aduanaren berri dugu, eta horietako batzuek, gainera, bere horretan jarraitzen dute gaur egun. Monumentalena eta adierazgarriena Urduñakoa da: Foruen plazako lau aldeetako batean dago. Eraikin ikaragarria da, laukizuzen etzanaren itxurakoa, eta lau hormarte ditu patio angeluzuzen baten inguruan. Fatxada nagusian, behe solairua arkupeduna da, ohiko azoka plaza baten antzera funtzionatu ahal izateko; gainean, beste bi solairu ditu. Dena oso soila eta zorrotza da, eta ataria modulatzeko formak Olaguibel gazteak Gasteizko Los Arquillos eta Espainiako plazarako diseinatutako sistemaren antza du. Bestalde, arkupeak dituenez, oso desberdina da beste aduana batzuekin alderatuta, Sabatinik Madrilerako diseinatutakoaren oso desberdina, adibidez; arkupeak, ziur asko, programaren baldintza izango ziren, plazari begira baitago.

1807. urtean, Alexo de Mirandak Pisu publikoa eta Alondegia egiteko proposamen bikaina diseinatu zuen. Eraikina Zamudioko atarian egon zen, baina, gaur egun, ez dago ezer, planoak izan ezik. Planoei esker, plano egilea maila handikoa zela adieraz daiteke, antologiek ospetsu egin dituzten beste arkitekto batzuen maila berekoa, hain zuzen ere. Behe solairuan, fatxadan, kuxindura aparailuko elementu ezpondatua proiektatu zuen, eta, gainean, hiru solairutan, bi ardatzeko hegalak bi aldetan, eta beste gorputz handi bat erdian, zutabe jiganteek modulatuta. Errematea taula horizontal zurruna zen, zati horretan bakarrik. Bizitza laburra izan zuen.

Gaur egun, badira Donostiako Alondegiaren argazkiak. Lur sail estuan, hiru eleko fatxada eta lau solairu proiektatu ziren, erremate horizontaldunak, eta, albo bakoitzean, jigante ordenako bi joniar zutabe barnesartu zituen, Arabako dorre olaguibeldarretan erabilitakoen antzekoak. Alondegia, oso-oso estrukturala, Ugartemendiak trazatu zuen 1829an; penagarria izan da eraikina desagertzea, baita epigrafe honetan aipatutako beste elementu batzuk desagertzea ere.

Zerbitzuetarako beste eraikin batzuk, aldiz, ez dira desagertu, ezta herritarren harremanetarako leku interesgarri batzuk ere, lurraldean zehar sakabanatuta daudenak. Elementu hauei buruz ari naiz, besteak beste: Durangoko Kalebarriko eskola, Martin de Echabururena (1826); Areatzako eskola, Pedro Luis de Bengoechearena (1862), gehiegizkoa; Otxandioko pasealeku/bolatokia (Antonio Echanove, 1828); eta Legutianokoa, zutabe klasikoko arkupe dinteldu eta guzti. Klasizismoa, aldiz, galdu egin zen Bilbaoko Bizkaia Ikastetxe zaharrean (Colegio Vizcaya). Lana Pedro Belaunzaranena izan zen (1847), eta eraikinak erromantizismo kutsua zuen, eklektizismo kutsua ia-ia, eraikuntza elementuak laxotasunez administratuta zeudelako. Hiriburuetan lan monumentalak hartzen zituzten arkitektoek, segur aski, joera handiagoa zuten aldaketarako, herrietan eta herrixketan jarduten zutenek baino. Eta hori esanda, erantzunda dago lehen azaldutako galdera bat.

Etxe arkitektura

Etxea, herritarren bizilekua, interes handiko elementua izan da artearen historiako garai batean baino gehiagotan. Italian, Errenazimentuan, esaterako, Palladiok adibide bikainak marraztu eta eraiki zituen, eta Ingalaterran, Barrokoan, Iñigo Jonesek. Ilustrazioan ere halaxe jarraitu zen, eta komitente eta arkitekto ugarik interes handia izan zuten gai horretan, eta etxeekin loturiko zenbait plan proposatu zituzten. Euskadin, aparteko interesa izan omen zuten egileek. Izan ere, 1766. urtean, ilustrazio aurreko garaian ia-ia, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak etxeen erosotasunari buruzko Hitzaldi saiakera inprimatu zuen, Peñaflorida familiaren Azkoitiko Insausti Jauregiari aplikatuta, gainera.6 Argi eta garbi, Errenazimentuko tratatuetako ideia ahaztuei eutsi zitzaien atzera, eta, horien artean, ez dira Albertiren komoditak falta, izenburuak berak erakusten duen moduan, garai hartako burgesiaren berezko soiltasunak orraztuak.

Fatxada garbiek ez dute moldurarik izaten, eta baoak ere zuzenean egoten dira horman zulatuta, silarrizko lan zorrotzak definituta. Ez dute apaindura osagarririk (ez mentsularik, ez karelik¿), ezta ikur heraldikorik ere. Beraz, tamaina eta itxura masiboa baino ezin dira azpimarratu, bai eta baoen lerro bat ere (laukizuzen etzanaren eran), goiko solairuan, eta hori izaten da, hain zuzen, fatxada guztietan ageri ohi den konposizio erreferentzia.

Nahiz eta hiriko etxe bakoitzaren atzean arkitekto edo lan maisu baten proiektu onartua egon, horietan eragina izaten zuten etxe eraikitzaileek , betiko igeltsero eta zurginek eta harginek; izan ere, proiektuetan, askotan, baliabideen ekonomiak agintzen zuen.

Bestalde, kostaldeko nekazaritza etxeek, Euskadiko bereizgarrienek, interes tipologikoa galdu zuten, ohiko arkuzko atari barrokoa egiteari utzi zitzaiolako, nahiz eta halako ataria inguru batzuetan egiten jarraitu zuten (Bizkaiko ekialdeko kostaldean) XIX. mendeko erdialdera arte. Kostaldeko salbuespen horietatik aparte, alde guztietan, herrixketan eta elizateetan, nekazaritza etxeak egin zituzten, betiko baserrien oso desberdinak: hiru bao ardatzeko eta hiru solairuko eraikin kubikoak, azken solairua besteak baino baxuagoa zutenak. Ez dira hiribilduetako estilo horretako etxeetatik ia ezertan bereizten, exentuak izateaz salbu, eta ez atxikiak.

Horrela, bada, etxe eraikinik interesgarrienak hiribilduetako eta hirietako etxetzar batzuk dira -nire ustez, horixe da eraikin horietako gehienak aipatzeko izenik egokiena-: Bilbaoko Santa Maria eta Ronda kaleetakoak; Markina-Xemeingo errebaletakoak -horietako batzuk margotuak-; Elciegon, Laguardian, Agurainen, Gasteizko Prado pasealekuan eta Durangon sakabanatuta zeuden batzuk; eta, noski, Donostiako Alde Zaharreko multzoa. Bestalde, hona hemen arkitektura genero hori ez baloratzeko beste alderdi bat: neoklasizismoan, ez ziren batere erakargarriak ez apainketa landua, ez burdineriazko, arotzeriazko eta heraldikako osagarrien urreizunak.

Etxeekin loturiko panorama ilun horretan, multzo koherenteren bat azpimarratzekotan, elizateetako abatetxeak aipatu beharko lirateke. Hiru probintzien arabera katalogatu izan dira, garai horretakoak gehienak: Arratzu, Loiu, Mendata, Ajangiz, Narbaxa, etab.; denak antzekoak dira eta denetan ikusten dira apaindura garbiketaren ondorioak.

Horregatik, eraikinen bat interesik gabekoen multzo horretatik kanpo badago, azpimarratzekoa da benetan. Hauek azpimarratu behar dira, besteak beste: lehen aipatutako Azkoitiko Insausti etxea, nahiz eta kronologiagatik ez genukeen hemen sailkatu behar; Gasteizko El Campillokoa, Echanove arkitektoarena; Veena-Viana izeneko landako jauregi hondatua Zeberion (diseinu ederreko fatxada du material pobre-pobreen bidez egina); eta Diaz de Espada gotzainaren etxe garrantzitsu-garrantzitsua -jauregia, hobeto esanda- Armentian (potentzia estruktural handiko zutabe jiganteek fatxadaren ardatz nagusia definitzen dute; Olaguibelena da, 1806).

Oharrak

  • 1. Eraginkortasuna lortu nahian eta irakurlea ohar aspergarriekin asper ez dadin, argitalpen honetako epigrafe bibliografikoa gomendatzen dut; esan behar dut argitalpena Euskadin artearen historia berrikusteko proiektu orokorraren barruan egindako ahalegin txalogarria dela. Bertan agertzen dira nire ekarpenak. Hona hemen nagusiak: "Aproximación a la arquitectura del neoclasicismo en Bizkaia" in CENICACALAYA, J. eta SALOÑA, I: Arquitectura neoclásica en el País Vasco (1990) eta "Algunos aspectos del arte" in Bizkaia,1789-1814 (1989).
  • 2. Agian, askok ez dute jakingo Eusko Jaurlaritza ondare monumental neoklasikoa katalogatzeko ahalegina egiten ari dela. Nik idatzitako orri hauek inprimategira heltzean, Eusko Jaurlaritzak informazio literarioa eta grafikoa izango du lau lizentziatuk osaturiko taldeak Bizkaian eta Araban katalogatu dituen obra guztiei buruz; taldea nik neuk zuzentzen dut Deustuko Unibertsitateko DEIKER institutuan.
  • 3. RUIZ DE AEL, M.: La Ilustración artística en el País Vasco. La Real Sociedad Vascongada de Amigos País y las Artes (1993).
  • 4. Oinplano eliptikoaren funtzionaltasunari eta sinbolismoari buruzko informazioa izateko, artikulu hau irakurtzea gomendatzen dut: RODRIGUEZ G. DE CEBALLOS, A, "La planta elíptica. De El Escorial al clasicismo español", ANUARIO del Departamento de Historia y Teoría del Arte, VII. liburukia (1990), 151.-172. or.
  • 5. GONZALEZ DE DURANA. J.: "Antiguo hospital de Achuri - Bilbao" in Monumentos de Vizcaya , I. liburukia (1986), 289.-290. or.
  • 6.  Discurso sobre la comodidad de las casas que procede de su distribución exterior e interior y el palacio de Insausti izeneko liburuaren argitalpen moderno bikaina egin zuen Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) 1990. urtean, J. CENICACELAYA arkitektoaren saiakera eta guzti (glosa kritikoa, gehienbat).
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana