Itzuli orri osora

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

Elkarte hau eratzeko asmoa XVIII. mendearen erdialdean Peñafloridako Kondeak bere Azkoitiko Insausti jauregian izaten zituen solasaldietan jaio zen. Han biltzen ziren Munibe bera, Narrosko Markesa, Inazio Manuel Altuna, Joakin Maria Egia, etab. Denak ere jende aberatsa ziren, Europan zehar ibilitakoak eta Euskal Herria atzeratuta ikusten zutenak. Zerbait egin nahi zuten egoera hura aldatzeko. 1763an egina zuten elkartearen egitasmoa, hurrengo urtean eratu zuten Bergaran eta 1765ean egin zuten lehen Batzar Nagusia. Urtero biltzen joan ziren eta bilkura horietan elkartea lau sailen arabera antolatzea erabaki zuten: nekazaritza, zientziak eta arte erabilgarriak, industria eta merkataritza, eta politika eta letra onak. Elkarte honen bazkide izan ziren garai hartako aurrerazalerik handienak: Foronda ekonomialari gasteiztarra, Andaluziako Intendente izan zen Olavide, Samaniego alegialari eta Tolosako alkate izan zena eta beste batzuk. Adiskideen Elkarteak Bergarako Errege-Mintegia sortu zuen gazteak hezteko. Ikastetxe hartan garrantzi berezia izan zuen Kimikaren eta Mineralogiaren irakaskuntzak. Arlo horretako ikertzaileak izan ziren Proust kimikari frantziarra eta wolframioa isolatzeko prozedura asmatu zuten Elhuyar anaiak. Gasteizen, Bilbon eta Bergaran 1779an eta geroxeago Donostian eta Soraluzen Marrazketa-Eskolak jarri zituzten.