Itzuli orri osora
Koruko Andre Mariaren basilika, artea eta fedea bat eginda
vie, 24 feb 2006 08:32:00 +0100

Koruko Andre Mariaren basilika Donostian fededun gehien biltzen dituen eliza da. XVIII. mendean eraiki zuten Pedro Inazio Lizardiren diseinuari jarraituz. Urgull mendiaren magalean dago, Kale Nagusiaren eta Abuztuaren 31ko kaleen artean, Alde Zaharrean, eta, historiak dioenez, eraikin honetan ez zuen eraginik izan 1813ko suteak.

1774an zabaldu zituen ateak ofizialki eliza honek, nahiz eta hamar urte lehenago bukatu zituzten lanik handienak. Garai hartan barrokoa zen modan zegoen estilo arkitektonikoa eta horixe da nagusi hemen ere, nahiz eta beste hainbat estilotako ezaugarriak ere badauden. Horren aurretik, beste eliza bat egon zen hemen eta haren arrasto batzuk (ezaugarri gotiko eta erromanikoak) nabariak dira oraindik ere.

Egiturari dagokionez, laukizuzen formako oina dauka, hiru nabetan banatuta. Erdiko nabea beste biak baino zabalagoa da eta absidea du aldarearen aldean. Elizaren atal bakoitzak sabai mota bat du: nabeak gurutze-gangaz estalita daude, presbiterioa labe-gangaz, eta beste alde batean ganga trenkatuak daude. Azkenik, gurutzaduraren gainean, kupula bat dago.

Kanpotik, elizaren ataria da jendeak ikus dezakeen horma bakarra, gainerakoak Alde Zaharreko eraikinek estaltzen baitituzte. Erretaula baten antzera apaindu zuten horma nagusi hori, Hego Amerikako eliza kolonialen estiloari jarraiki. Basilika hori egiteko dirua Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak eman zuen, eta hori nabaria da elizak dituen hainbat xehetasunetan.

Elizaren ataria hiru zatitan banatuta dago: erdikoa (atea inguratzen duena) eta pixka bat aurreratuago dauden bi dorre simetriko alboetan. Estilo churriguereskoa da nagusi eta irudi asko ditu apaingarri gisa: eraikuntzaren arduradunek Ama Birjinaren bizitzako hainbat pasarte azaldu nahi izan zituzten horien bidez (zeruratzea, esaterako). Aurrealdeko horma horren goiko partean, atearen gainean, San Sebastianen irudia ere jarri zuten, horma-hobi batean.

Donostiarrek gehien maite duten Ama Birjina

Apaingarriei dagokienez, barruan ere altxor ugari gordetzen ditu elizak. Horietatik esanguratsuena eta herritarrek gehien maite dutena Koruko Andre Mariaren irudia da. Kondairak dioenez, tailu hori koruan omen zegoen hasiera batean, eta basilikako apaizetako bat egunero igotzen omen zen haren aurrean otoitz egitera. Halako batean, ordea, gora eta behera ibiltzeaz aspertu eta bere etxera eraman nahi izan zuen. Baina atera gerturatzean, mugitu ezinda gelditu zen eta ezin izan zuen handik atera. Ordutik, aldare nagusian dago Donostiako zaindariaren irudia.

Koruan beste bi altxor daude: Cavaille-Coll etxeko organo erromantiko bikain bat (1863koa) eta Francisco Bocente y Mendiak egindako aulkiteria erdi zirkular ikusgarri bat. Organoa Gipuzkoako onenetakoa da, Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako elizetakoekin batera.

Aldare eta kaperetako erretaulek arreta berezia merezi dute. Horietako hiru (Koruko Andre Mariaren erretaula nagusia tartean) klasizistak dira, hiru rococo estilokoak eta beste bi neoklasikoak.

Ateak zabaldu zituenetik fededun ugari bildu izan dira Koruko Andre Mariaren elizan eta ohitura zahar asko gorde dira bertan. Esate baterako, bertan bataiatzen dituzte "joxemaritarrak" (eliza honen inguruko kaleetan jaiotzen diren donostiarrak). Bestalde, Salbea (Aste Nagusietako ekitaldirik esanguratsuena) ere hemen egiten dute urtero, abuztuaren 14an. Horrez gain, Donostiako danborradaren aitzindaria izan zen prozesioa ere eliza honetatik abiatzen zen Antiguoko elizara.