Itzuli orri osora
Santa Maria katedrala, Gasteizen historia irakasten duten hormak
mié, 25 ene 2006 08:32:00 +0100

Santa Maria katedrala harro eta tente dago Gasteizko Alde Zaharraren erdian, hiriko lehen eraikuntzak jaso ziren tontorraren gainean. XIII. mendean eraikitzen hasia, hasiera batean Gasteiz babesten zuen harresiaren parte bat ere izan ziren bere horma zurrunak.

Gasteizko katedral zaharraren gunea hainbat garaitan jasotako eraikuntzek osatzen dute. Erdigunea Santa Maria eliza da (gaur egungo katedrala). 700 urte baino gehiago ditu; izan ere, XIII. mendean hasi ziren eraikitzeko lanak.

Hegoaldean Santiagoren kapera dago (gaur egun Santa Maria parrokia). Mendebaldean elizaren oinetan, aldiz, abside itxurako elizpe handi bat altxa zuten eta horren gainean dago katedralaren kanpandorre ikaragarria. Azkenik, ekialdean erabilera anitzak dituzten eraikin txikiak daude.

Santa Maria katedralaren historia Alfonso VIII.aren garaian hasi zen. 1200. urtean Gasteiz konkistatu zuen Gaztelako Erregeak eta hainbat proiektu jarri zituen martxan: hiria mendebaldera zabaldu, kale berriak sortu... Horietako bat defentsa funtzioa beteko zuen eliza handi hau eraikitzea izan zen. Handik urte gutxira, ordea, Alfonso X.ak (1252-1284) erabat aldatu zuen hasierako proiektua eta horri esker, estilo gotikoa dauka orokorrean. Hala ere, ondorengo mendeetan zehar gune berriak eraiki eta hainbat lan egin dira, eta beraz, beste estilo batzuk ere ikusten dira elizan.

Katedralaren oinplanoa gurutze latindarraren itxurakoa da, eta hiru nabe (erdikoa beste biak baino altuagoa), girola eta deanbulatorioa (kaperetara joateko pasabidea) dauzka. Guztia estaltzen puntadun arkuak oinarri dituzten gurutze-gangak daude.

Santiagoren kapera (gaur egungo parrokia) geroagokoa da, XIV. mendearen bigarren erdikoa. Nabe bakarra eta lau kapera dauzka. Ganga harri-landuz egindako lan bikaina da, lodiera handikoa. Nahiko fenomeno bitxia da hori, katedrala estaltzen duena nahiko fina baita.

1498an, ordu arte parrokia zen Santa Maria kolegiata izendatu zuten eta, handik aurrera, agintariak eliza handitzen eta dotoretzen aritu ziren. XVI. mendea arte korua, kapera ugari (San Joanena, Andre Maria Sortzez Garbiarena, Kristoren Aldarearena eta San Rokerena), elizpea eta dorrea eraiki zituzten.

XVI. mendean egindako lanek arazo handiak sortu dituzte

Lehenengo lana mendebaldeko elizpea egitea izan zen. Apaingarri gisa eskultura multzo bat jarri zuten, hainbat mentsularen gainean. Horrez gainera, apaindutako hiru atari daude elizpean, baita arku fajoiak dituzten hiru ganga zabal eta arin ere. Azkenik, elizpe horren lehenengo atalaren gainean, kanpandorre handi bat eraiki zuten XVI. eta XVIII. mendeen artean. Oinplano oktogonala du eta lau aldetatik zabalik dago.

Fase honetan egindako lanetako batzuk dira gaur egun Santa Maria katedralak dituen gaitzetako askoren arrazoi nagusi. Izan ere, eraikuntza berri horiek pisu handia erantsi zioten horretarako diseinatuta ez zegoen eraikuntzari.

Hori dela eta, XVII. mendetik aurrera, arazo horiek konpontzen saiatu dira eta gaur egun ere, konponketa lanetan ari dira Santa Maria katedralean. Gainera, lan horietan hasi direnean, altxor arkeologiko handiak aurkitu dituzte eta ezezaguna zen Gasteizen historiaren zati bat argitzen lagundu dute.

Aurkikuntza garrantzitsuenetako bat hiriko sarrera zen ateetako batena izan da. Iparraldeko hormaren parte bat zen ate hau, ezagutzen diren guztietan zaharrena. Zazpi metroko luzera eta lau metro eta erdiko zabalera zeukan. Horrela, argi gelditzen da eliza hiria inguratzen zuen harresiaren parte izan zela hainbat mendez. Horrekin batera, beste bi elizaren aztarnak aurkitu dira lur azpian; beraz, leku honetan bertan hainbat tenplu egon direla ondorioztatu dute.

Lanak egiten ari badira ere, bisitak jasotzen ditu Santa Maria katedralak. Berau kudeatzeko ardura duen Fundazioak azken urteetan egin diren aurkikuntzak eta eliza bera erakusten dio hara doanari, eta bisitetatik ateratzen duten dirua lan horiek finantzatzeko erabiltzen dute.

Oharra: Argazki guztiak Santa Maria Katedrala Fundazioak utzitakoak dira.