Itzuli orri osora
Miramar Jauregia, unibertsitatearen egoitza bihurtu den errege-etxea ohia
vie, 30 dic 2005 08:32:00 +0100

1888an hasi ziren Jauregia eraikitzen Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoa erreginaren aginduz, garai hartako eraikin ingelesen estiloari jarraituta.

Jauregiak berak, parke batek eta hainbat lorategi eta eraikinek osatzen dute Miramarko eremua, eta Donostiako lekurik ikusgarrienetakoan dago, Loretopean, Ondarreta eta Kontxako hondartzek bat egiten duten tokian. 34.000 metro koadrotik gorako azalera hartzen du inguruak, eta kokaguneak zein bertako ikuspegi ikaragarriak toki paregabea osatu dute.

Han, oroz gaindi, Miramar Jauregia gailentzen da. Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoa erreginaren (1858-1902) aginduz eraiki zuten 1888. urtean, udak bertan pasatu nahi zituen agintariak eta.

Erreginak Movianako kondeari lurrak erosi eta ia berehala hasi zituzten eraikina altxatzeko lanak, gero bost urte iraun zutenak. Jatorrizko lur eremua txikiagoa zen, baina zabaldu egin zuten, alboko lurrak erosita eta Donostiako Udalak emandakoak hartuta.

Ezaugarri ingelesak

Proiektuaren ildo nagusiak Selden Woknum arkitekto ingelesak jarri zituen, bere herrialdean nagusi ziren irizpideei jarraituta, baina Benito Olasagastik zuzendu zituen lanak, Jose de Goikoa Udaleko arkitektoaren gidaritzapean. Britainia Handian ohikoak diren teila lauetan eta kanpoko horma eta errefortzuak estaltzen dituzten adreilu gorrietan nabari da Woknumen eragina.

Jauregiak, 5.600 metroko azaleran, sotoa eta hiru solairu ditu. Lehenengo biak erreginaren familiak erabiltzen zituen eta hirugarrena neskame-morroiek. Etxearen albo baten, sarrera dago. Tudor arku forma du eta erliebeak ditu, apaintzeko. Aurrealdean, habsburgotarren armarria eta dorre oktogonala dira elementurik aipagarrienak.

Hainbat jabe

Miramar Jauregia Donostiako Udalarena da 1972az geroztik, baina berentzeko lehen saiakera 1927an egin zuen hiri-erakundeak. Urte hartan, Alfontso XIII.a erregeari (1886-1941) eskatu zion Miramar Jauregia saltzeko, baina erregeak ezetz erantzun zion. Geroago, 1933. urtean, Bigarren Errepublikaren garaian, Miramarko eremua Udalaren esku gelditu zen, baina erakunde honek jabetzari uko egin zion Gerra Zibila bukatuta.

1944. urtean, Miramar Alfontso XIII.ari eman zioten, herentziaz berari baitzegokion. Hala ere, erregea hilda zegoenez Juan Borboi-Battenbergekoaren eta bere anaien esku gelditu zen, baina, erabili ez zutenez, hutsik egon zen sasoi batean. Azkenean, 70eko hamarkadan, Donostiako Udalak Miramarko eremua erosi zuen.

1985ean, Miramar Jauregiko Partzuergoa sortu zuten Eusko Jaurlaritzak, hiriko udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta elkarte berri horrek eraikina zaharberritzeko lanak abiatu zituen.

Gaur egun, Jauregiak Euskal Herriko Unibertsitatearen udako kurtsoak hartzen ditu Donostian.