Itzuli orri osora
Estibalizko Santutegia, harribitxi erromanikoa
vie, 23 dic 2005 08:32:00 +0100

Estilo erromanikoa da nagusi Estibalizko Santutegian, baina gotikoaren hastapeneko hainbat elementu ere baditu Erdi Aroko euskal arkitekturak utzi duen erakusgarri onenetakoa den honek. Tenpluaren barrualdean, Ama Birjinaren, Arabako zaindariaren, irudi bat dago, XII. mendekoa.

Estibalizko Andre Mariaren Santutegia Gasteiz hiriburutik 10 kilometrora dago, ArgandoƱa inguruko muino batean gainean, Arabako Harana jagoten. Kokapen ezin hobe horri esker, hamar mendetan baino gehiagotan Araban gertatu den ororen lekuko zuzen izan dira Santutegiko harresi sendoak.

Egunak joan egunak etorri bisitariak etengabe harritzen dituen tenplua XII. mendean eraiki zuten, baina leku horretan bertan beste monasterio bat egon zen aurretik. Donemiliaga Kukulako artxiboek diotenez, eraikina bazegoen 984. urtean.

Jakina da, halaber, joan-etorri handiko tokia zela orduan, baita azoka garrantzitsua hartzen zuela ere. Gaur egun bertan hainbeste jende batzea ohiko ez bada ere, Estibalizko Andre Maria Arabako zaindariaren egunean, irailaren bigarren igandean, arabar asko biltzen dira Santutegiaren inguruan. Egun seinalatu horretan, herritarrak bertara joan, eta eukaristian zein euskal kulturarekin lotutako ekintzetan parte hartzen dute, Arabako zaindariaren ohoretan.

Klunitar eta beneditarrak

Denboran atzerako jauzia eginda dokumentu batzuek esaten dutenez, 1074. urtean Estibalizko kondeak aldare bat eman zuen, tenpluan Done Milian gurtzeko. Gainera, 1138an, tenplua Najerako Santa Maria la Real tenpluko monje klunitarrei eman zieten opari, eta horiek hartu zuten haren ardura, XV. mendean ordena desagertu zen arte.

1923an, beneditarrek beste ordena bat sortu zuten Estibalizko Santutegian eta, gaur egun, monje-talde txiki bat bizi da bertan. Ordena batek tenplua zuzentzeari utzi zionetik besteak hartu zuen arte, parrokia-eliza izan zen.

Erdi Aroko arkitektura

Hastapenetako gotikoaren hainbat elementu izanda ere, Estibalizko Andre Mariaren Santutegia estilo erromanikokoa da nagusiki. Nabe bakarrean, hiru tarte ditu, kanoi zorrotzeko gangak estalita, eta gurutzadura bat eta hiru kapera independente erdizirkular daude bertan.

Elizak bi portada ditu, bata hegoaldera eta bestea mendebaldera begira. Lehenengoa Arabako erromanikoaren bitxitzat hartu dute askok eta askok eta Porta Speciosa esaten diote. Teila batzuek bi altueratan banatzen dute eta goiko aldean puntu erdiko arkiboltadun leiho bat dago, hainbat zutaberen gainean. Hura baino gorago, kanpai-horma agertzen da, pareta bakarrekoa eta bao bikoa. Beheko aldean, berriz, arku zorrotzeko atea dago, apaindutako hiru arkibolta dituena. Horiei eusteko, kapitel eta janbadun hiru zutabe daude, irudi ederrez apainduta.

Barrualdeari dagokionez, kapitelen dekorazioa oso interesgarria da, Jatorrizko Bekatuan oinarritutako irudiek janzten baitituzte. Bataiarri gotikoa eta Estibalizko Andre Mariaren irudia ere ikustekoak dira. Azken horretan, gainera, begi-bistan dago hainbat artistak moldatu eta zaharberritu dutela, baina jatorrizko estilo borgoinarraren ezaugarriak ez ditu galdu, hala ere. Berezko estilo horren jatorriari dagokionez, litekeena da klunitar monjeei zor izatea; izan ere, Estibalizen XII. eta XV. mendeen artean bizi izan ziren elizgizonok monasterio garrantzitsua zuten Borgoina Frantziako lurraldean.