Itzuli orri osora
Mendozatarren dorretxea, heraldika museoa hartzen duen gotorleku ohia
vie, 23 dic 2005 08:32:00 +0100

Mendozatarren dorretxea XIII. mendean eraiki zuten eta zutik dirau oraindik ere, altxatzeko erabili zituzten materialei esker eta 1963an, Arabako Foru Aldundiaren eskuetara pasatu zenean, zaharberritu zutelako. Heraldika Museoa jarri zuen bertan foru-erakundeak.

Mendozatarren dorretxea Mendozan bertan dago, Gasteizko hirigunetik 12 kilometrora. Kokaleku estrategikoa du; izan ere, Gaztelaren eta Ebro ibaiaren inguruko bideek bat egiten duten gunean dago. Hortaz, ondo erraz zuten Dorrearen jabeek pertsona-merkantzien joan-etorriari behatzea.

Gaur egun kontrakoa badirudi ere, Mendozatarren dorretxea ez zegoen bakarrik, isolatuta; ezpada gotorleku txikia osatzen zuen beste hainbat dorrerekin batera zegoen. Martiodan, Mendibilen, Estanonan eta Otobarrenen ere dorreak zeuden antzina, baina haietako lehenak baino ez dirau zutik gaur egun.

Leinu boteretsua

Dorrea bera XIII. mendean eraiki zuten, baina mendozatarren leinua XI.ekoa da, gutxienez. Hasiera batean, ez zuten inolako noble-titulurik; Urraka Gaztela eta Leongo erreginaren (1080-1126) maiordomoak izan ziren eta, gerora, Arabako kofradiakide eta itsasoko almirante tituluak lortu zituzten, besteak beste.

Apurka-apurka, mendozatarrak Arabako lurraldeko sail luze-zabalak berendu eta aurrerapauso nabarmenak egin zituzten, diru-kopuruari eta botere-mailari dagokienez. Hori guztia erdiesteko, borroka odoltsu ankerrak izan ziren zonaldeko beste leinuekin, Guevara, Orozko eta Velasco familiekin, besteak beste.

Mendozatarren artean, IƱigo Lopez de Mendoza nabarmendu behar da, Navas de Tolosako borrokan (1212) almohadeen aurka aritu baitzen. Horrek eraginda agindu zuen, hain zuzen, Dorrea eraikitzea.

Halaber, 1312 eta 1350 urteen artean, mendozatarrak boterearen altzora bildu ziren ostera ere, Alfontso XI.a Gaztelakoaren agintaldian erantzukizun handia izan baitzuten Estatuaren zuzendaritzan. Gainera, Ameriketan itzal handia utzi zuten eta hainbat hiri sortu ere egin zituzten.

Esparru gotortua

Mendozatarren dorrea inguru itxi karratu baten erdian dago. Harresiak kareharrizkoak dira eta 25 metro neurtzen dituzte, alde bakoitzeko. 5 metro altu eta 1,70 metro lodi dira, gainera, eta murruaren erpinetako bakoitzean 3 metroko diametroa duen dorre zilindriko bat dago. Eraikin horiek barrualdea gordetzeko eta kanpokoak pasatzen ez zirela egiaztatzeko erabiltzen zituzten.

Harresia, dena dela, ez da inolako oztopoa Dorrea ikusteko, azken honek 21 metroko altuera baitu. Altxatzeko, harlanduxkoa (hormaren lodiera osoa hartzen ez duen harria) erabili zuten eta material gogor horri esker eutsi dio eraikinak gaur egun arte zutik, hiriburuko eguraldi zakarrari aurre eginda.

Barrualdetik bost solairu ditu Dorreak, eta gelak, otoitz egiteko tokia eta zalditegia jarri zituzten berorietan. Azken hiru solairuetan, baoetan, defentsarako geziak zituzten. Teilatua, azkenik, lau isurkikoa da.

Mendozatarren dorretxea 1963an zaharberritu zuten, Arabako Foru Aldundiaren eskuetara pasatu zenean. Gaur egun, heraldika museo bat hartzen du.