Itzuli orri osora
Victoria Eugenia Antzokia, kultura nonahi
vie, 16 dic 2005 08:32:00 +0100

Victoria Eugenia Antzokia, Gipuzkoako hiriburuaren bihotzean kokatuta, eraldatze-prozesu sakonean murgilduta dago gaur egun, eta 2007ko udaberrian berriro irekiko dute, guztiz itxuraldatuta.

Victoria Eugenia Antzokia Donostiaren bizitza kulturalean erabat uztartuta egon da beti. 1912ko uztailaren 20an inauguratu zutenetik, ekitaldi kultural asko hartu ditu eta unean uneko ikuskizun onenen protagonistak igo dira haren eszenatoki gainera.

1940an, Musika Hamabostaldiari esker, musikari onenak ere hasi ziren Victoria Eugenian aritzen eta antzerki-eskaintza oparoa osatu zuten horrela.

Halaber, Fritz Lang, Alfred Hitchcock, Vittorio Gasman, Orson Welles, Elisabeth Taylor, Bette Davis eta zinemaren goi-mailako beste izar askok ere bertatik bertara ezagutzen dute antzoki dotorea.

Egitasmo handia

Victoria Eugenia Antzokia 1912an ireki zuten, baina haren hazia hamar urte lehenago erein zen, Donostiako Sustapena elkartea, aretoaren bultzatzailea, jaio zenean.

Zezen-plaza zaharraren lurrak aukeratu zituzten egitasmoaren sustatzaileek Antzokia jartzeko, eta Udalari eskaera egin zioten. Egitasmo hartan, hotel bat (egun Maria Cristina Hotela dena) eraikitzea ere aurreikusi zuten.

Eskariak baiezko erantzuna izan zuen: Donostiako Udalak Antzokia Zurriolako pasealekuan (gaur egun, Argentinar Errepublikaren Pasealekua) eraikitzeko proiektua onartu baitzuen abenduan. Handik bost urtera, Udalak Donostiako Sustapena elkartearen esku utzi zituen lurrak.

Parisko Nazioarteko Erakusketa

Francisco de Urcola arkitektoak diseinatu zuen Victoria Eugenia Antzokia eta estilo platereskoari dagokio. Orduan, oso modan zegoen eredu hori, Espainiak Parisko Nazioarteko Erakusketan jarritako pabiloia estilo horretakoa zelako eta berealdiko arrakasta izan zuelako. Hiru urte iraun zuten lanek (1909-1912) eta, tarte horretan, Vienako eta Parisko antzokiak ere begiz jo zituen arkitektoak.

Eraikinaren fatxadetan elementu edergarri hauek ikus daitezke: erdi-puntuko arkuak, arku beheratuak, arku eliptikoak, hainbat kurbaduratako arkuak, eta hutsune zuzen eta isolatuak.

Halaber, barrualdean ere dekorazio elementu aipagarriak daude, hala nola Ignacio Ugartek sabaian egindako lana eta sarrerako triptikoa, Ascensio Mariarenak urrezko mosaiko-hondoaren gainean margotutako hiru panelek osatua.

2001. urtetik, Antzokia zaharberritzeko lan eskerga egiten ari dira eta 2007ko udaberrirako ireki nahi dute berriro.