Itzuli orri osora
Gernikako Batzar-Etxea, euskal politikaren ikurra
vie, 16 dic 2005 08:32:00 +0100

Gernikako Batzar-Etxea leku esanguratsua, sinbologia handiko eraikina, da oso euskal herritarrentzat. Gaur egun, Bizkaiko Batzar Nagusiek han egiten dituzte osoko bilkurak eta lehendakariak zein probintziako ahaldun nagusiak kanpoaldeko haritzaren ondoan egiten dute karguaren zina, garai batean Bizkaiko jaunak Foruena egiten zuen legez.

Batzar-Etxea Gernikaren tokirik gorenean dago, bere garrantziaren adierazgarri, eta 1826an hasi ziren eraikitzen. Alabaina, inguru hori antzinatik izan da jendearen biltoki; izan ere, garai batean, Bizkaiko elizate guztiek ordezkari bana bidaltzen zuten bertara, arazo komunak eztabaidatzera. Gernikan egiten ziren Batzar Nagusi haiei buruzko lehen aipamen idatzia 1308koa da.

Hasiera batean, Antiguako Andra Mari baseliza txikian egiten zituzten bai bilerok baita Bizkaiko jaunak Foruen zina egiteko saioak ere, eta elizkizuna ospatu ohi zuten ekitaldi politikoa bera baino lehen. Denborak aurrera egin ahala, bilkurak eliz eraikinaren barrualdera, egungo Batzar-Aretora, pasatu zituzten.

Batzar Nagusiak 1876. urtera arte, Foruak indargabetu zituzten arte, egon ziren indarrean, eta 102 urte geroago ekin zioten berriro lanari.

Estilo neoklasikoa

Batzar-Etxea Antonio Echeverria arkitektoak diseinatu zuen estilo neoklasikoan eta Antiguako Andra Mari elizaren gainean altxatu zuten. 1826an hasi zituzten lanak, baina 1833an eten egin behar izan zituzten, Lehen Karlistada hasi zen eta.

Toki hartan egiten ziren ekintza guztiak eraikin bakarrean batu nahi zituen Echeverriak; horretarako, leku angeluzuzen eta simetrikoa egitea bururatu zitzaion. Eliza-parlamentua erdian jarri eta alde banatan pabiloiak jarri zituen (batak artxiboa eta besteak armategia har zitzaten). Egitasmoa, baina, ez zuten erabat gauzatu, armategia ez baitzuten inoiz egin.

Handik hiru hamarkadatara, 1964an, Bizkaiko Jaurerriaren Museo Dokumentala eliza-parlamentuaren eta artxiboaren arteko patio irekian jartzea erabaki zuten.

Eraikinaren ondoan, Gernikako Arbola enblematikoa eta zina egiteko tribuna, zortzi zutabeko tenpluen itxurakoa, daude. Han egiten dute lehendakariak eta Bizkaiko ahaldun nagusiak karguaren zina. Gainera, inguruan, tenplete biribila dago, eta bertan gordetzen dute Arbola Zahar akituaren enborra.