Itzuli orri osora
Oñatiko Unibertsitatea, jakintzaren sorburu
vie, 16 dic 2005 08:32:00 +0100

Inguru paregabean dago XVI. eta XX. mendeen artean Euskadiko unibertsitate bakarra izan zena. Haren barruan, euskal herritar askok eta askok Teologia, Zuzenbidea eta Medikuntza ikasketak egin zituzten. Halaber, eraikina bera garai hartako arkitektura zibilaren erakusgarri onenetakoa da.

Sancti Spiritus Unibertsitatea hartu zuen eraikina aparta da zinez, eta sortu zutenetik (1542) itxi zuten arte (1901) bertan egindako hezkuntza-lan eskergarekin ederto egiten du bat. Denbora horretan guztian, Euskadiko unibertsitate bakarra izan zen.

Rodrigo Mercado de Zuazola Avilako apezpiku, Nafarroako erregeorde eta erregeak Granadan zuen ordezkaritzaren presidente oñatiarrak sortu eta ordaindu zuen Oñatiko Unibertsitatea, Karlos V.a erregearen laguntzaz. Han, Teologia, Zuzenbidea eta, aldian behin, Medikuntza irakasten zuten. Orduko dokumentuetan agertzen denaren arabera, Mercado apezpikuak "Oñatiko eta euskal lur osoko letradunak" sortu nahi zituen.

Euskal Herrian berak eraiki nahi zuenaren moduko eraikinik ez zegoela ikusita, elizgizon gipuzkoarrak kanpoko arkitekto bat bilatu zuen. Azkenean, Rodrigo Gil Ontañon madrildarra hautatu zuen. Besteak beste, Salamancako Katedral Berriaren, Sevillako eta Segoviako katedralen eta Alcala de Henaresko Unibertsitatearen lanetan aritu zen aurretik arkitektoa.

Eraikin ikusgarria

Oñatiko Unibertsitatea estilo errenazentista platereskoari dagokio eta garai hartako arkitektura zibilaren erakusle adierazgarrienetakoa da. Bi altuerako eraikina da; beheko solairuan kapera, ikasgelak, sukaldea eta jantokia zeuden, eta lehenengoan logelak eta areto nagusia. Gainera, erdialdean klaustro xarmangarria du, xehetasun guztiak zainduz eta kontu handiz egindakoa, eta hori agerian gelditzen da, barrualdean zein kanpoaldean.

Eraikinaren fatxada nagusia hiru zatitan banatuta dago eta zenbanahi elementu apaingarri ditu, denak ere esanahi sakonekoak. Edergarriok sinismen kristau eta paganoak ekartzen dituzte gogora eta ikasleak, nola ikasketetan hala bizitzan bertan, baloreei estu lotzera bultzatzen zituzten. Fatxadaren oinean, esaterako, Herkules dago ikusgai, dagozkion beharrak betetzen; goialdean, martiri eta santuak daude.

Gerrarien irudiek ematen diote azken ukitua eraikinari. Horiek, etxeari irudi lerdenagoa eman ez ezik, jakinduria lau haizeetara zabaldu behar dela ere adierazten dute. Bestalde, gargola gotikoek eraikina jantzi eta drainatu egiten dute.

Barrualdea, xehetasunez beteta

Kanpoko atea zeharkatuta, begirada klaustrora joango zaigu halabeharrez; arkuteria bikoitza dauka, baita garaiko pertsonaia famatuen eta izaki mitologikoen medailoiak eta eskulangintza-lan mudejarrak ere. Azken horietan, lehen solairuko eskailera da nabarmenena, Gijaba avilarrak egindakoa.

Behin kaperan sartuta, Piarres Picartek, Euskadin zegoen eskultorerik onenetakoak, landutako erretaula ikusgarria da, inondik ere.

Gaur egun, Gipuzkoako Protokoloen Artxiboa, HAEEren bulegoak eta Nazioarteko Soziologia Erakundea hartzen ditu gaur egun behinolako unibertsitateak.