Itzuli orri osora
Kexaa, aialatarren leinu boteretsuaren egoitza
mié, 07 dic 2005 08:32:00 +0100

Kexaan, Aiara Haranaren erdian, aialatarren leinuak Erdi Aroan altxatutako eraikuntza multzoa dago. Arabako leku eder hau oso garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, Gaztelaren eta Bizkaiko itsasoaren artean garraiatzen ziren merkantziak bertatik igarotzen zirelako. Bada, aialatarren familia boteretsuaren kontrolpean zegoen inguru osoa.

Jauregia, Domingotarren Komentua, Cabelloko Ama Birjinaren Dorre-kapera eta San Joan Bataiatzailearen Eliza altxatu zituzten aialatarrek eta horiek guztiek Euskal Herriko Monumentu Historiko-Artistiko izendatu zituzten 1984an.

Jauregia, estilo gotikokoa, Fernan Perez de Ayalak eraiki zuen 1300. urtean eta patio baten inguruan egituratuta dago. Familiaren bizilekua zenaren aurrealdea eta sarrera dorre bik zaintzen dituzte.

Jauregiaren jatorrizko aurrealdearen zati batzuk eta dorreetako bat gaur egunera arte gorde dira. Dorrea XVIII. mendean konpondu zuten eta harlangaitz-hormazko jatorrizko zatiek aurrealdea solairu bitan egituratuta zegoela erakusten dute. Erdi Aroko beste atal batzuk ere gorde dira Kexaan, besteak beste, patioko leiho batzuk, arku zorrotzak dituztenak, eta hormaren kanpoaldeko zati batzuk. Jauregiko ate nagusiak, bestalde, arreta berezia merezi du. Arku zorrotza du honek ere eta, itxura hori emateko, kareharrizko dobelak (falka formako harri landua) erabili zituzten.

Gaur egun, Jauregiaren alde batean moja domingotarrak bizi dira eta bestean museoa dago. Aialatarren leinuaren historia jasotzen duten dokumentuak, irudiak, maketak eta bestelako objektuak daude eraikinean.

Komentua, Jauregiaren ondoan dago eta Fernan Perez de Ayalak sortu zuen 1378. urtean, moja domngotarrentzat.

Fernanen semea, Pedro Lopez de Ayala, aialatarren arteko ospetsuenetakoa izan zen. Enrique III.a erregearen agintaldian, Gaztelako kantziler nagusi izatea lortu zuen eta Artziniega eta Agurain gehitu zizkien familiaren lurrei. Gainera, Kexaan, Cabelloko Ama Birjinaren kapera altxatu zuen Andre Mariari emandako hitza betetzeko.

Pedro preso hartu zuten Portugalen aurkako gerran eta Obidoseko Gaztelura eraman zuten. Orduan, Gaztelutik bizirik irtenez gero Aiaran Ama Birjinaren omenezko beste eraikin bat egingo zuela zin egin zuen, eta 1399. urtean, Dorrea altxatzeko lanak hasi zituenenean, bere hitza bete zuen. Gaur egun, Dorrearen beheko solairuan, Cabelloko Ama Birjinaren Kapera eta kantzilerraren, eta bere gurasoen eta emaztearen hilobiak daude, harzuriz eginak. Dorreak beste bi solairu ditu eta almena formako teilatua.

Ama Birjinaren ile bat

Aiarako arte pieza estimatuena Ama Birjinaren erlikia-ontzia da. Dorreko kaperan gordeta dago eta XIV. mendeko urregile frantsesek egin zuten zilarrez. Kondairak dioenez, koroan Ama Birjinaren ile bat dago, haitzezko kristal batek babestuta.

Dorrearen kaperan, margo gotiko garrantzitsuak zituen erretaula egon zen 1913ra arte. Orduan, erretaula arte-merkatari atzerritar batzuei saldu zieten eta gaur egun Chicagoko Arte Institutuan (AEB) dago. 1953an, dorrea konpondu zutenean, erretaulan zeuden margoen kopiak egin zituzten.

San Joan Bataiatzaileren Eliza 1694. urtean altxatu zuten. Barruan, XVII. mendean egindako erretaula barroko ederra eta Pedro de Aialaren semearen eta haren emaztearen hilobiak daude.