Itzuli orri osora
Bilboko Arriaga, antzoki bat baino gehiago
vie, 09 dic 2005 08:32:00 +0100

Arriaga Antzokia Bilboko eraikin esanguratsuenetakoa da. Areatza erdian dago eta XIX. mendearen bukaeran eraiki zuten hiritarren antzerkizaletasunak bultzatuta.

Eraikina Joaquin Rucoba arkitektoak diseinatu zuen. 1885. urtean hasi zituzten lanak eta 1890eko maiatzaren 31n inauguratu zuten. Arriaga Antzokia dagoen toki berean lehenago Hiriko Antzokia izenekoa egon zen, azken hau, 1834an eraiki zuten, baina eraitsi egin behar izan zuten egitura oso kaltetuta zuelako Karlistadetan eta Bilboko setioetan jazandako erasoen ondorioz. Antzoki zaharra bota eta hil gutxitara Arriaga egiten hasi ziren.

Arriaga Antzokia (Nuevo Teatro de Bilbao, jatorrizko izena) egia izateko lehen pausoak 1882. urtean eman zituzten, eraikitzen hasi baino hiru urte lehenago. Orduan, Bilboko Udalak Antzokia egingo zuen enpresa aukeratzeko lehiaketaren oinarriak prestatu zituen. Bertan, lanen aurrekontua (625.000 pta), erabili beharreko materialak, edukiera (1.500 pertsona) eta eraikinaren kokapena zehazten zituen. Horrekin batera, eraikinaren lehen solairuan dendak jarriko zirela ere jasotzen zuten. Izan ere, inguru horretan merkataritzarako jarduera handia zegoen.

Giro horren adierazgarri da Antzokia zabaldu eta hil gutxira Bilboko Burtsa jaioberriaren saioak bertan egiten zirela. 1901. urtean Burtsako saioak Arriagan egiten hasi ziren berriro ere, nahiz eta zeregin horretarako Plaza Berriko egoitza eta Banco de Bilbao egon.

Antzokia eraikitzeko material mota ugari erabili ziren. Aurrealdea eta hormak material arruntez eginak daude, harlanduz eta adreiluz, gehienbat. Egitura eta euskarrietarako burdina erabili zuten, berrikuntza handia garai hartarako, suteen aurreran beste material batzuk baino gogorragoa izango zelakoan. XIX. mendearen amaieran suak antzeko eraikin ugari suntsitu zituen eta Arriagan gauza bera gertatzea ekidin nahi izan zuten. Burdinazko zutabeak apaindura moduan ere aprobetxatu zituzten. Bilbon egin zituzten, Boluetako Santa Ana enpresan.

Antzokiaren oinplano trapezoidala egin behar izan zuten lur sailaren ezaugarriengatik. Arriaga diseinatzerakoan garai hartan Frantzian egin ziren antzoki berrienak hartu zituzten eredu moduan, eta horiek bezala neobarroko estiloari jarraituz altxatu zuten. Neobarrokoaren ezaugarriak aurrealdeko apainduretan ikusten dira argien.

Sugarrek suntsituta

Suteak ekiditeko hartu zituzten neurriek ez zuten eragotzi 1914ko abenduaren 22an Arriagak su hartzea eta eraikina oso-osorik erretzea. Federico de Ugalde arkitektoak zuzendu zuen berreraikitzea eta honek eraikinaren egitura guztiz berriztatu, segurtasun neurriak gehitu eta antzokia handitu zituen.

Antzokiak 1919ko ekainean zabaldu zituen berriro bere ateak eta kultur ekintzak eskaintzen jarraitu zuen 1978. urtera arte berriz, birmoldatzeko itxi zuten arte, hain zuen. 1980an, konpontzen hasi zirenean, Arriagaren egoera uste baino kaskarragoa zela konturatu eta lanak luzatu egin behar izan zituzten.

1983ko uholdeek zaildu egin zituzten Antzokiaren konpontze-lanak. Egoera ikusita, Udalak eraikina itxuraldatzea erabaki zuen. Beheko solairuko dendak kendu, eskailera inperiala egin eta harrera handitu zuten, besteak beste. Behin lanak amaituta, Arriaga Antzokia berriro ireki zuten 1986ko abenduaren 5ean.