Itzuli orri osora
Ziortza, atsedena eta lasaitasuna Donejakue Bidean
vie, 02 dic 2005 08:31:00 +0100

Ziortza-Bolibarko Kolegiata Bizkaiko kolegio-eliza bakarra da. Mendixka baten gainean dago, Oiz mendiaren magalean, eta Donejakue Bidea egiten zutenen atsedenlekua izan da hainbat mendetan zehar.

Tradizioak dioenez, Ziortzako Kolegiata 986. urtean sortu zen. Kondairaren arabera, urte horretan, Andre Mariaren egunean (abuztuaren 15) arrano bat sartu zen Gerrikaizko elizan eta hango hilobi batetik hegan alde egin zuen, burezur bat hartuta. Ondoren, gaur egun kolegiata dagoen lekuan utzi omen zuen burezurra. Gertakari hau miraritzat hartu zuten eta eliza eraiki zuten bertan.

Kondairak kondaira, dena den, leku honen berri ematen duen lehen idatzia 1082koa da, Lope IƱigez jaunak emandako ondasun batzuei buruzkoa. Ziortza eliza soila izan zen 1379a arte, eta orduan hartu zuen kolegiata (abade bat buru duen eta kalonjeak bizi diren eliza) izaera.

Ahaideen borroken garaian, oinaztarren alde jarri ziren kolegio-eliza honetako arduradunak. Ondorioz, ganboatarrek sarritan eraso zieten eta Joan I.a Gaztelako erregeari babesa eskatu behar izan zioten. Honek, ordainetan, Santiagora zihoazen erromesentzako ospitale bat eraikitzeko agindu zien eta 1386an zabaldu zuten erietxe hori.

1851. urtea ere garrantzitsua izan zen tenplu honen historian, parrokia-eliza izatera pasatu zen eta. Izan ere, Karlistadetan liberalak garaile atera ondoren, elizen desamortizazioa hasi zen.

Gaur egun, eraikin hauek osatzen dute Ziortzako Kolegiata: gotiko berantiar estiloko eliza, kapitulu-gela, klaustroa, abadearen eta kalonjeen etxea eta Gurutze Bidea. Hori guztia itxita zegoen garai batean, baina gaur egun zabalik dago, plazatxo baten inguruan.

Aurretik zeuden beste batzuen lekuan eraiki zituzten eraikin hauetako asko. Oraindik ere, XII. eta XIII. mendeetako hilerri baten eta eliza erromaniko baten aztarnak gelditzen dira.

Gaur egungo eliza XVI. mendekoa da, gotiko berantiar estiloan egindakoa, eta gurutzadura ganga batek estalitako nabe bakarra dauka. Sarrera nagusia janbak eta arkiboltak erabiliz apaindu zuten eta, tinpanoan, Kristo ageri da musika jotzen ari diren aingeruekin batera. Hegoaldeko aterpeak, aldiz, apaindura dotorea dauka: figura geometrikoak, izarrak, eguzkiak, baita otso baten burua ere.

Barruko elementu garrantzitsuena erretaula da. Plateresko estilokoa da, baina baditu ezaugarri barrokoak eta Andre Mariaren XIV. mendeko irudi bat ere. Bi pertsonaren artean eraiki zuten: Juan de Ayalak hasi zuen 1543an eta Guiot de Beaugrantek amaitu.

Elizaren ondoan bi solairuko klaustroa dago, Errenazimentu garaikoa. XVI. mendearen erdi aldera eraiki zuten eta Donejakue Bidearen sinboloa diren maskorrak ditu apaingarri gisa, hainbat zutaberen kapiteletan.

XX. mendean, 1984a eta 1993a bitartean, berrikuntza eta egokitze lanak egin zituzten kolegiatan. Ondoren, monasterio zistertarra jarri zuten bertan eta ospitalean erromesentzako aterpetxea prestatu zuten.