Itzuli orri osora
Loiolako Santutegia, euskal barrokoaren altxorra
vie, 25 nov 2005 08:31:00 +0100

Azpeitia eta Azkoitia artean dago Loiolako Santutegia. XVII. mendean eraiki zuten San Inazioren (1491-1556) omenez hura jaio zen dorretxea inguratuz. Barrokoak Euskal Herrian utzi zuen bitxirik garrantzitsuenetakoa da otoitzerako gune hau.

Loiolako Santutegia hainbat eraikinez osatutako multzoa da. Basilikaz gainera, honek alde banatara dituen eraikinak, Loiolatarren Dorretxea edo Etxe Santua, Gogartetxea, Garate Dohatsuaren Baserria eta beste hainbat etxek osatzen dute Santutegia.

1681.ean, Pablo de Oliva Jesusen Konpainiako jeneralak Loiolan eliza eta ikastetxea egiteko proiektua martxan jarri zuen, eta Carlo Fontana arkitekto erromatarra izendatu zuen horren arduradun. Guztia eraikitzeko, ordea, bi mende baino gehiago behar izan zuten, beraz, proiektuak hainbat aldaketa jasan zituen.

Martin Zaldua, Sebastian Lecuona, Ignacio Ibero, Javier Ignacio de Etxeberria... asko izan ziren lanen buru jarri ziren arkitektoak eta guztiek utzi zuten aztarnaren bat. Elizara sartzeko eskailerak, adibidez, Martin Zalduaren ideia izan ziren, aurretik ez zeuden pentsatuta.

Eliza 1738ko San Inazio egunean ireki zuten eta erabiltzen hasi ziren, baina oraindik lanak ez zeuden erabat bukatuta. Horiek mende eta erdi beranduago amaitu zituzten. Ordurako, Santutegiak gaur egungo itxura zuen.

Vatikanokoarekin alderatu daitekeen kupula

Basilika da monumentu-multzo honetako erdigunea. Oinplano borobila duen eliza bat da eta kupula erraldoi batek estaltzen du. 62 metroko altuera eta 24 metroko diametroa ditu kupula horrek eta askok Vatikanoko San Pedro elizakoarekin alderatu izan dute.

Elizara sartzeko eskailera luze eta zabala igaro behar da. Atariak kurba bat egiten du eta hiru arku ditu, gaineko tinpanoa eusten. Erroman barrokoak izan zituen ezaugarrietako asko ageri dira hemen.

Barruan, erretaula nagusia da elementu baliotsuena. Marmolez egindakoa da, barroko estilokoa, eta San Inazioren zilarrezko irudia du erdian. Inguruan marmolezko hainbat aldare eta landutako burdinazko elementu bikainak daude, baita Cavaille-Coll etxe ezaguneko organoa ere.

Elizaren ezkerreko aldean, Loiolatarren Dorretxea dago. Etxe Santua ere deitzen zaio bertan jaio baitzen 1491an Loiolako Ignazio deuna. Erdi Aroko dorretxe askok bezala, oinplano karratua, lau pisu eta lau isuritako teilatua dauzka.

XV. mendean Gaztelako Enrike IV.ak gotorleku guztiak eraistea agindu zuen, ahaideen arteko borrokekin amaitzeko. San Inazioren aitonak ere agindua bete behar izan zuen eta goiko bi pisuak adreiluz berreraiki zituen. Honela, eraikinak bi estilo ditu: gotikoa behean eta mudejarra goiko aldean.

Santutegia osatzen duten gainerako eraikinak ere bisitatu beharrekoak dira, bai eraikuntzek eurek duten garrantziagatik, baita Santutegi osoari ematen dioten itxura homogeneoagatik ere. Gogartetxea, adibidez, XVII. eta XVIII. mendeetan eraiki zuten patio lauki baten inguruan.

Iturria: Santutegiko webgune ofiziala (http://www.santuariodeloyola.com)