Itzuli orri osora
Begoñako Basilika, historia luzea duen eliza
vie, 25 nov 2005 08:31:00 +0100

Begoñako Amatxuren irudiari gorazarre egiten zaion eliza Bilbo inguratzen duten mendixketako batean dago. XVI. mendean eraiki zuten aurretik ermita bat zegoen lekuan bertan. Barnean Amabirjinaren XII. mendeko irudia gordetzen dute.

Sancho Martinez Arego arkitektoak, San Anton eliza egin zuen berak, hartu zuen gotiko berantiar estiloko eliza honen proiektua burutzeko ardura. Lanak 1511. urtean hasi ziren, baina mende oso bat behar izan zuten amaitzeko. Ohikoa den legez, hainbeste denbora pasa izanaren ondorioz, hasierako diseinuan moldaketak egin ziren eta eraikinari estilo arkitektoniko berrien ekarriak gehitu zitzaizkion.

Ezaugarri gotikoak zutabe exentuetan, hormei atxikitako zutabetxoen landare formako kapiteletan eta arku zorrozdun leihoetan ikus daitezke, besteak beste. Atari nagusia, aldiz, aldatu egin zuten eta azkenean garaipenaren arku manierista eraiki zuten.

Barnealdean, gurutze-gangek estalitako hiru nabe bereizten dira. Horrez gainera, hiru aldare daude, ustez Juan de Menak eginiko irudiak dituztenak. Hala ere, apaingarri baliotsuenak Ama Birjinaren bizitza irudikatzen duten mihiseak dira. Antza denez, Sevillatik ekarri zituzten XVIII. mendean, baina ez dakite nork margotu zituen.

Bilbotarrek hain maite duten Begoñako Ama Birjinaren irudia gotikoa da, XII. mendekoa. Erretaula, berriz, 1869koa da, isabeldar estilokoa. Horren aurretik zegoena, barroko itxurakoa, lehen Karlistadan desagertu zen.

Borroka ugari jasan behar izan dituen tenplua

Begoñako basilikak, baina, beste hainbat aldiz pairatu ditu gerraren ondorioak. 1794an, Konbentzio Gerran, eliz-agintariek zeukaten zilar guztia eman zuten Bilbo okupatu nahi zuten iraultzaile frantsesen aurkako gerraren gastuak ordaintzeko, hain zuzen ere, zilarrezko 1905 txanpon eman zitueztela diote garai hartako hainbat agirik.

Urte batzuk beranduago, Independentziaren Gerran (1808-1814), elizan zegoen guztia lapurtu zuten. Lehen Karlistadan (1833-1840), erretaula osteaz gainera, obusek dorrea eta aurrealdea suntsitu zituzten eta, 1902 eta 1907 urteen artean konpondu behar izan zituzten.

Borroka horietan guztietan, fededunek XVII. eta XVIII. mendeetan oparitutako apaingarri eta bestelako opari baliotsuak galdu zituen basilikak. Opari horietako batzuk marinelek emandakoak ziren. Izan ere, itsasoan istripurik ez izateko Ama Birjinari egindako eskaria betetzeagatik esker ona horrela azaltzen zioten itsasgizonek.

Marinelek asko estimatzen zuten Begoñako Ama; horregatik, itsasotik bueltan, Salbearekin agurtzen zuten basilika ikustean. Ohitura horretatik datorkio izena Salbeko Zubiari.

Urtero, abuztuaren 15ean eta urriaren 1an, erromeriak egiten dira basilika honen inguruan Amatxuren ohorez.