Itzuli orri osora
Arantzazuko Andre Mariaren Santutegia, euskal arte garaikidearen adibide ezin hobea
jue, 17 nov 2005 08:31:00 +0100

Arantzazuko Andre Mariaren Santutegia leku paregabean dago, Artia mendi-multzoaren (Elgeta mendizerra) eta Aloña mendiaren artean, Aizkorri mendikatearen magalean eta Oñatitik 9 kilometrora. Erlijioaren eta abangoardiaren elkargunea, euskal arte garaikidearen adibide ezin hobea, da Arantzazuko Santutegia.

Kondairak dioenez, Rodrigo de Balzategi Uribarri auzoko artzainari Ama Birjina agertu zitzaion elorri baten gainean eta harrituta, honakoa galdetu zion: "Arantzan zu?". Hortik omen dator Arantzazu izena eta ondorengo mendeetan frantziskotarrek gurtza, pelegrinazio, arte eta kultur gune bilakatu zuten.

Erromesen topalekuan ermita bat eraiki zuten hasieran. Hala ere, 1541ean lekua sortu zuten eta hasieran ermita bat eraiki zuten. Baina 1541ean frantziskotarrek monasterioa eraikitzea pentsatu zuten, Arantzazuk hartutako garrantziaren ondorioz.

Monasterioa suak hartu zuen 1556an, 1622an eta 1834an; batzuetan sua berez sartu zen eta, besteetan, nahita eragindakoa izan zen. Gerra karlistan liberalek tenplua erre ostean, tenplua eta komentua berriz eraiki zituzten fraideen joera absolutistei bukaera emateko, baina tenpluan ez zegoen bertaratzen ziren erromes guztientzako lekurik. Horregatik, 1951. urtean, tenplu berri bat egitea erabaki zuten frantziskotarrek.

Neurri handikoa eta artegintza modernokoa egin nahi zuten, eta santutegi hau egiteko Euskal Herriko abangoardiako artista esanguratsuenek hartu zuten parte. Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek diseinatu zuten santutegia, esaterako.

Eraikinean, kareharrizko hiru dorre nabarmentzen dira, diamante itxurako muturrez estalita, kare-harrizko paisaiaren eta elorriaren arantza zorrotzen arteko lotura indikatzen dute dorreok. Eduardo Chillidak tenpluan sartzeko lau ateak egin zituen. Jorge Oteizak, berriz, eraikinaren aurrealdeko hamalau apostoluak, bata bestearen alboan.

Garai hartan polemika eta zeresan handia sortu zuten Jorge Oteizaren apostoluek. Izan ere, apostoluak hamabi dira, baina Oteizak hamalau egin zituen. Antza denez, lekua soberan zuen eta geratuko zitzaion hutsuneak eraikina zatartuko zuenez bi irudi gehitzea erabaki zuen. Auzi honen gainean zabaldu diren istorioetako bitxienak dio auzia Vatikanoraino iritsi zela, eta bertatik artelana deusezteko agindua eman zuela Aita Santuak. Izan ere, Vatikanoaren arabera, hamahirugarren apostoluak deabrua irudikatzen zuen. Horregatik guztiagatik, urte askoan zehar Oteizak ezin izan zuen bere lanean aurrera egin eta Arantzazuko Santutegiko eraikin nagusia amaitu gabe egon zen.

Euskaldunon artean bisitatu eta maitatuenetakoa da eraikin hori, kondairarengatik, elizarengatik eta inguratzen duen paisaia basati izugarriarengatik. Bere garaian oso iskanbilatsua izan arren, gaur egun euskal arte modernoaren lanik garrantzitsuena da askoren ustez.