Itzuli orri osora
Bilboko Arte Eder Museoak hiru erakusketa handi hartuko ditu 2011n
vie, 24 dic 2010 17:32:00 +0100

Bilboko Arte Eder Museoak guztira sei erakusketa hartuko ditu datorren urtean. Horietatik, emakumearen paperak Erdi Aroan jasandako aldaketa, kolonaureko urregintza eta Antonio Lopez margolariaren obra aztertzen dituzten hiru erakusketak izango dira esanguratsuenak.

Horrez gain, beste hiru erakusketa txikiagorekin osatuko du urteko egitaraua museoak; Daniel Tamayo margolari bilbotarrari, Txileko Matta artista surrealistari eta XX. mendeko 70. hamarkada bukaeretan Estatu Batuetan emandako paisaia-argazkilaritzari eskainitako erakusketak izango dira.

'Hay más en ti. Imágenes de la mujer en la Edad Media (siglos XIII-XV)' izango da urteko lehen erakusketa handia; 2011ko otsailaren 7tik aurrera egongo da ikusgai. Erdi Aroan artista europarrek emakumearen papera nola ikusten zuten aztertzen du erakusketa honek Louis de Bruges Flandesko bildumagilearen eskuizkribu batzuen bidez.

2011ko ekainean iritsiko da Bilbora 'Oro Sagrado. Arte prehispánico de Colombia' bilduma. Kolonaurreko kultura ezberdinetan egindako urrezko, zeramikazko eta material litikozko 253 pieza jasotzen ditu, guztiak ere Bogotako (Kolonbia) Errepublikako Bankuaren Urrearen Museokoak. Beren interes antropologiko eta historikoa dela eta aukeratutako maskarak, bularrekoak, lepokoak eta besokoak dira besteak beste; batzuek 2.500 urtetik gora dituzte.

Arte Eder Museoak Antonio Lopez margolariaren atzera begirakoarekin bukatuko du urtea. Artistak 40-50 hamarkadetan egindako lanetatik hasi eta egin berriak direnetara arteko ia 100 marrazki, olio-pintura eta eskulturak osatzen dute bilduma hau. Thyssen-Bornemisza museoarekin elkarlanean sortua da erakusketa eta 2011ko urritik 2012ko urtarrilera arte ikusi ahalko da.

Hiru erakusketa txiki

Datorren urtean zehar, Daniel Tamayo margolari bilbotarrari eta Txileko Matta margolari surrealistari eskainitako erakusketak ere hartuko ditu Bilboko museoak.

'Daniel Tamayo. Fabulario' izeneko erakusketan artistak 2000-2010 urteetan egindako hogei margolan (tamaina handi eta ertainekoak) jaso dira. Bere ibilbide hasieran, hirurogeita hamarreko hamarkadan, pop art estiloarengandik ikasitakoaren arrastoak eta marrazki geometrikoen eta kolore bizien erabilera atzematen dira Tamayoren obretan.

Bere mendeurrenean Txileko Matta margolari surrealistari eskaintzen zaion erakusketaren bidez artistaren ibilbidea osorik aztertu nahi da 1939-1999 bitarteko tamaina handiko 32 margolanen bitartez.

Bilboko Arte Eder Museoak argazkilaritzari ere egingo dio lekua 2011n. Horretarako, New Yorkeko George Eastman House museoak 1975ean antolatutako 'New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape' bilduma berreskuratu dute. Estatu Batuetako paisaiaren inguruko ikuspuntu berritzailea zuten bederatzi argazkilari amerikarrek egindako obrak dira.

Obra gonbidatua

Horrez gain, eta bederatzigarren urtez jarraian, 'Obra gonbidatua' izeneko programa abiatuko du museo bilbotarrak. Lau margolan erakutsiko dira honen baitan: Juan de Arellanoren Bodegón con flores; William Turneren Rough Sea with Wreckage; René Magritteren La Belle Societé eta Anselm Kieferen Sefer Hechaloth.

(Argazkiak: Bilboko Arte Eder Museoa)