Itzuli orri osora
'Berre-click artea', Playmobileko panpintxoekin egindako artelanen irudikatzeak
mié, 01 dic 2010 00:04:00 +0100

Bilboko Berreginen Museoak urteak bete ditu. Laurogei urte pasa dira ateak lehen aldiz ireki zituenetik eta erakusketa berezi bat aukeratu du urtemuga ospatzeko. 'Berre-click artea' du izena eta bertan, era askotako artelan ezagunak irudikatzen dira ehunka kliken bidez ¿Playmobil jostailu-etxeak ezagun egin zituen irudiak-. Da Vinciren La Última Cena koadroa edo Beatles musika taldearen disko baten azaleko argazkia dira ikusgai dauden lanetako batzuk. Bilboko museoak urtero antolatzen dituen Gabonetako Tailerretako ekintzetako bat da erakusketa hau eta Gabon jaiak bukatu ostera arte egongo da zabalik

Berreginen Museoa Europako onenetakoa da arte klasikoko obrak igeltsua erabiliz irudikatzen. Oraingoan, pausu bat aurrera eman du eta plastikozko irudiei esker, aski ezagunak diren artelan ezberdinak beste ikuspuntu batetik erakusten dituen proiektua garatzen ausartu da. Egileak, Luis Fernandezek, margolaritza, argazkilaritza eta musikako hainbat obra esanguratsu irudikatu ditu besteak beste, Bilbon oinarrituta dagoen 14m²-ko kolorez betetako maketa baten barruan dauden panpinatxoekin.

Erakusketaren parte diren margolanen artean, aipatzekoak dira, Diego Velazquezen Las Meninas eta La rendición de Breda, Leonardo Da Vinciren La Última Cena, Vincent Van Goghen El dormitorio en Arlés, eta Francisco de Goyaren Los fusilamientos del tres de mayo eta El pelele.

Jostailuzko hiri xelebre honetan artearen beste esparru batzuek ere, argazkilaritzak adibidez, badute beren lekua. Izan ere, Robert Caparen La muerte de un milicianoren (Guda Zibileko argazkirik famatuena) irudikapena ere izango da ikusgai eta baita Charles Ebbetek New Yorkeko Rockefeller Center eraikin ezaguna altxatzen ari zirenean ateratako Almuerzo en lo más alto del rascacielos izeneko argazkiaren eszena ere.

Beatles taldearen lanik ezagunenaren, Abbey Roaden, azaleko irudiaren berreginez egiten dio erakusketak keinua musika munduari. Horretarako lau klik jarri dituzte Beatleseko taldekideak bailitzan Londresko kale ezaguneko zebra-bidetik pasatzen. Berregiteek errealitatearekin duten antza izugarria da. Kasu honetan, esaterako, Paul McCartney irudikatzen duen panpinatxoa ortozik doa, benetako argazkian bezala. Giuseppe Verdiren Aida opera eta rock kontzertu bat dira hiri berezi honek biltzen dituen beste eszena batzuk.

Bilboko Berreginen Museoa bera ere sartu dute egun museoaren egoitza den eliza irudikatuz eta baita barruan hartzen dituen hainbat eskultura ere, El friso de las Panateneas besteak beste. Bilbo Zaharrari ere lekua egin diote Mariaren Bihotza plazan dagoen San Frantzisko komentuko indusketak irudikatuz. Era berean, Diego Lopez de Haroren papera hartzen duen klik bat ikus daiteke hiriko Plaza Biribileko bihurgunean.

Bestalde, erakusketa ikustera hurbiltzen diren hamar urtetik beherako umeek arterako duten trebetasuna erakusteko aukera izango dute marrazki-lehiaketa batean. Museoko obraren baten marrazkia egin beharko dute, Playmobilen panpina batekin irudikatuta. Datorren urtarrilaren 9ra arte aurkeztu ahalko dituzte marrazkiak eta Playmobil jostailuak eta marrazketarako materialak irabazi ahalko dituzte.