Itzuli orri osora
Hiri garaikidea Aitor Lajarinen ikuspuntutik, Artiumen
vie, 26 nov 2010 19:30:00 +0100

Aitor Lajarin artista arabarrak makro-hiri garaikideen fenomenoa eta hauen erronka urbanistiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertzen ditu "From Here to Everywhere. Profiling Postcity" erakusketan. Lajarinek hirietako bizitza eta espazioa aztertzen ditu azken hamarkadetan mundu mailan gertatu diren urbanizazio eta berregituratze prozesuekin lotutako alderdi garrantzitsuak abiapuntu harturik, Erakusketa Artiumen, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan dago ikusgai, 2011ko urtarrilaren 30era arte.

Lajarinen Postcity hirigintza berria osatzen duten ezaugarri guztiak biltzen dituen fikziozko hiria da. Hiri-ondokoaren soslai hori Aitor Lajarinek azken bi urteetan Artiumen diru-laguntza bati esker Los Angelesen izan duen esperientzian du jatorria. Kaliforniako hiria hiri garaikideek dituzten ezaugarri guztien bilduma gisa harturik, urbanizazio prozesuek eta eraldatze eta gatazka sozial, kultural eta ekonomikoek duten lotura nabarmentzen du batetik, eta urbanizazio prozesuek eta neoliberalismo, globalizazio eta posmodernotasun kontzeptuek dutena, bestetik.

Animazioak, instalazioak, bideoak, collageak, margolanak eta eskulturak

"Profiling Postcity" erakusketak alegiazko hiri hori aurkezten du bi pieza nagusi abiapuntu harturik: izen bereko animazioko bideo bat eta Aitor Lajarinek pelikula egiteko sortutako objektuak erabiliz eraiki duen instalazio bat. Bideoan Lajarinek, dokumental bailitzan, hiriaren izaera eta hau osatzen duten elementuak aurkezten ditu: era bateko eta besteko auzoak, eraikinak, hiri eta komunikazio bilbeak, ibilgailuak, industrialdeak, merkataritza guneak, pertsonak, edozein hiriren alde distiratsuenak eta ilunenak. Animazioko lan horren ondoren, Postcity Commercial izeneko beste batek hiriaren irudi erakargarriena besterik ez du erakusten, edozein erakunderen publizitate-iragarkiak egingo lukeen eran.

Postcity Geography Lajarinek animazioko bideoetarako sortu zituen objektuekin egin duen instalazioa da. Laukietan banatutako oholtza baten gainean, eskalan egindako mapa baten laukitegia bailitzan, artistak Postcityren halako skyline delakoa eratu du: iragarki panelak, ibilgailuak, errepide sareak, eraikinak... Haren itzala horman proiektatzen da, eta hala hiriaren soslaia argi eta garbi agertzen da ikuslearen begietan. Skyline horrez gainera, Lajarinek etxe-orratz bat irudikatzen duen eskultura bat kokatu du, agian munduko eraikin garaiena, antza denez, hiri garaikide orok beharrezkoa duen ikonoa. Artistaren esanetan, agian, horren atzean, hain mediatikoa eta ikonikoa ez den errealitate bat ezkutatzen da, duela gutxi Dubain gertatu den bezala.

Lan horien inguruan Aitor Lajarinek bideoak, collageak, neurri askotako margolanak eta eskulturak jarri ditu. Batzuek hiriaren bilbearen edota skyline delakoaren ideietan sakontzen dute. Erakusketaren hasieran dagoen eskultura batek mapamundi ez erabat esferikoa irudikatzen du, non hiri-bilbeak (hirien aireko argazki zatiak) itsasoa eta lurra estali duten. Margolan txiki batean emakume batek mundu bola hori bera du ahurraren gainean. Animazio lan batzuek eta besteek planetaren urbanizazio gero eta estuagoa dute aipagai.

Rubiken kuboa hiri modernoen konplexutasunaren sinbolo gisa erakusketako pieza askotan agertzen da, hala bideo nagusian nola erdiko instalazioan, eta protagonismoa du, era berean, erakusketaren bukaeran ere: ebazpenik ez duen kuboa, koloretako azaleren ordez hiri bilbeen aireko irudi zatiak baititu. Nolanahi dela ere, Lajarinek mega-hiriez duen ikuspegia poliedrikoa da, ez nahitaez ezkorra. Interpretazio asko egiteko bidea ematen du, ezkorrenetatik hasi eta baikorrenetaraino.

Erakusketa museo gasteiztarraren Ekialde-Behekoa aretoan dago ikusgai datorren urtarrilaren 30era arte.

(Argazkiak: Artium)