Itzuli orri osora
Georges Rouault margolariaren lanak, ikusgai Bilbon
mar, 23 nov 2010 19:30:00 +0100
Mende erdi pasa da Georges Rouault margolari frantziarra hil zenetik, baina aditu askok honen lana modernotzat jo izan dute. Horren adibide garbia da iragan astean Bilboko Arte Eder Museoan estreinatu zen erakusketa.

Parisko Pompido Zentroarekin egindako hitzarmen baten ondorioz, Georges Roaulten 160 pieza Bizkaiko hiriburura ekartzea lortu dute. Horietako batzuk lehenengo aldiz daude ikusgai Europan, beste batzuk bukatu gabe daude, eta badira sekula erakutsi ez diren piezak ere. Aukera paregabea, bada, XX. mendeko erakusketa piktoriko originaletako batez gozatzeko.

"Georges Rouault. Sakratua eta profanoa" erakusketak sailkatzea zaila den margolari frantziar honen bilakaerari errepaso txiki bat egiten dio, eta artistak bukatutzat jo ez zituen 72 margolan ikusteko beta eskaintzen du. Erakusketa 156 lanez dago osatua, olio-pinturak eta grabatuak dira gehienak, eta espresuki Parisko Centre Geroges Pompidou zentroak ekoitzitakoak dira.

1871n Parisen jaioa, Georges Rouaultek margolan oso bereziak egin zituen eta sailkatzeko oso zailak, gainera. Erakusketa datorren otsailaren 13ra arte egongo da irekita Bilbon, eta materia piktoriko arinarekin eta ukitu kromatiko urdinxkarekin egindako lehenengo lanetatik hasi, eta kolore beroagoa eta materia trinkoagoa duten azken lanetarainoko bilakaera ikusi ahal izango dugu.

Erakusketatik ibilalditxoa

Lau ataletan banatzen da bilduma: zirkoa, amaitu gabeko artelanak, "Miserere" grabatu multzoa eta azkenik Rouaulten azken lanak. Margolariaren hasierako garaiko zirkoko pertsonaietan formarekin eta kolorearekin esperimentatzen du artistak. Era berean, pertsonaiekiko errukia ere agertzen du, eta pertsonaia hauen arima agerian utzi eta izaera arina albo batera uzteko nahia ere islatzen du.

Orain arte ezezagunak genituen 72 piezak, Rouaulten tailerretik bertatik atera zituzten 1968an, hil zenean. Artistak ez zituen bukatutzat eman artelanok, baina kalitate handikoak dira. Atal honetan topatuko ditugu, baita ere, tratamendu kromatiko berberarekin egindako paisaia multzoak ere. Aipatu piezak 1963an artistaren familiak frantziar Estatuari emandako mila obretako batzuk dira.

"Miserere" grabatu multzoa, berriz, artistaren lan-bildumaren bizkarrezurra da. 25 urtetan zehar ibili zen serie honetan lanean, eta 58 estanpek osatzen dute. Bertan, sufrimendua islatzen da. Bere ibilbideko azken lanetan, aldiz, kolore eztanda ikusi ahal izango dugu. Kolore beroak dira bertan nagusi, eta irudia sinplifikatu egiten da.

Ez galdu, beraz, artista honen lanetan murgildu eta haren ibilbidea pausoz pauso ikusteko aukera. Datorren otsailaren 13ra bitartean ikusgai egongo da Bilboko Arte Eder Museoan.

(Argazkiak: EFE)