Itzuli orri osora
Rubens, garai guztietako pinturaren jeinu handienetako bat, Prado Museoan
vie, 19 nov 2010 19:30:00 +0100
Bisitaria liluratuta geldituko da Rubensekin. Izan ere, Prado Museoak margolari bikain honen laurogeita hamar artelan jarri ditu ikusgai. Erakusketak Flandesko artistaren begirada eraberritu bat aurkezten digu. Ondorioz, hiru hilabetez Rubensen mundua ezagutzeko parada izango da, izan ere, emakume lodiak margotzeaz gainera, beste hainbat lan ere egin zituen margolariak.

Datorren urtarrilaren 23ra bitarte, Prado Museoak Rubensen erakusketa bat jarri du abian. Kronologikoki antolatuta, film bateko sekuentziak bailiran, Prado Museoan mantentzen diren artistaren koadroak eta tailerra bata bestearen alboan jarri dituzte. Horiek garai bateko harrera-gelak nolakoak ziren erakusten digute, eta bisitaria margolariaren unibertsoan murgilduko da honen talentua eta indarra ezagutuz.

Artista emankor honen 1.500 koadro mantentzen dira Prado Museoan, eta munduan dagoen Rubensen bildumarik handiena eta onena da. Hori dela medio, ibilbideak bere estiloaren eboluzioa nolakoa izan den erakusten digu. Gainera, berrikuntza gisa, Prado Museoko erakusketa Rubens, el espectáculo de la vida dokumental didaktikoarekin osatzen da, margolanen jeinu honen ibilbide artistikora eta arte piktorikora apur bat gehiago hurbilduz.

Bi areto, bi aldi

Erakustearen muntaia bi areto handitan dago banatuta. Lehendabiziko aretoan (A) bisitariak artista goiztiarrarekin egingo du topo, eta nabarmena da Michelangeloren kutsua. Antzinako eskultoreen eragina nabari da, eta formen eta indar espresiboen boterea transmititu nahi du lanetan. Lucha de San Jorge y el dragón lana gaztetako aldi honen handitasunaren adibide garbia da, irudi indartsu eta irmoekin.

Hamarkada baten ostean aurreneko aldiz, erakusketak Felipe IV-ak Pardoko ehizeko pabiloi baterako enkargatutako artelanak erakusten ditu. Gainera, areto honetan bere ibilbideko azken urteetan egindako lan guztiak biltzen dira, koadroen potentzia narratiboan eta horien eduki poetikoetan oinarritzen dena. Gai ezberdin ugari jorratu zituen artistak: mitologia, erlijioa, gai historikoak, erretratuak edo paisaiak, besteak beste. Horien artean aipatzekoak dira, esaterako, La adoración de los Magos (1609), San Pablo (1611), El jardín del amor (1633), Las tres Gracias (1635) edo Hércules y el Cancerbero (1636).

Erakusketa honekin, Prado Museoak 2010eko egitaraua itxiko du, eta hau amaitzean Rubensen artelanak Velazquezen eta Tintorettoren lanen ondora itzuliko dira, Pradoko Galeria Zentralera, 16 B aretora, alegia

Rubens, Felipe IV.aren artista gustokoena

Pedro Pablo Rubens (1577-1640) garai hartako Europako margolari miretsiena izan zen. Honen margolanetan antzinako poeten balore oso antzekoak topatzen ditugu. Lan ugari egin ditu bere ibilbidean zehar (bereak diren mila eta bostehun koadro daude gordeta). Europako monarkia nagusienentzat lan egin zuen, baita aristokraziarentzat, Elizarentzat eta kontinente guztiko elite kultural eta komertzialentzat ere.

Rubens Felipe IV.aren margolari gustukoena zen, eta hamaika koadro enkargatu zizkion Madrilgo hainbat jauregi apaintzeko. Margolariaren heriotzaren ostean, gainera, margolariak bere estudioan utzitako artelan ugari erosi zituen. Bera da Prado Museoak artistaren lanen bilduma handiena gordetzeko arrazoi nagusia, laurogeita hamar margolan inguru baitaude bertan. Ondorioz, Prado Museok Rubensen unibertsoan murgiltzeko aukera bikaina eskaintzen du.

(Argazkiak: Prado Museoa)