Itzuli orri osora
Jean-Michel Basquiat iraultzailearen graffitiak ikusgai daude Parisen
vie, 05 nov 2010 16:30:00 +0100

70eko hamarkadan New Yorkeko metroa bete zuten graffiti, tag eta pintadak, Jean-Michel Basquiat iraultzailearen lanak, Parisko Arte Modernoaren museoan daude ikusgai joan den urriaren 15etik, artista alternatibo honen atzera begirako batean. Andy Warholen ikasle zuzenena bezala hartua, jatorri puertorricoarra zuen margolaria azpikultura newyorktarraren adierazgarri nagusienetakoa izan zen, 1998an, 27 urte zituela, gaindosi baten ondorioz hil zenera arte.

Pariseko Arte Arte Moderno Museoaren hormak dotorezia eta luxu frantziarretik alde egin eta New Yorken sakondu dira, bere metroan eta Sohoan. Hain zuzen ere, bertan, arte galerien ondoan, Basquiatek "SAMO" ("Same Old Shit") bezala sinatzen zituen grafitiak ikus zitezkeen, beti ere koroa batekin eta copyrightaren ikurrarekin batera.

Heroi afroamerikarren gorespena, "belztasun" ("negritud") kontzeptuaren aldarrikapen etengabea edo elementu mitologikoen eta biblikoen nahasketa leherkorra oso garrantzitsuak dira Basquiaten obran. Horrela, datorren urtarrilaren 30era arte, Parisko XVI. barrutiko museoan artista honen obrak ikusteko parada izango da, jaio zenetik berrogeita hamar urte betetzen direla eta.

"Basquiatek 80ko hamarkadako artearen historian izan zuen oihartzun handia ezagutarazteko" asmoz, erakusketak artista amerikarraren ehun margolan, idazki eta objektu baino gehiago biltzen ditu, antolatzaileen hitzetan.

Manhattaneko downtowneko hormetako hastapenak, autoen, hegazkinen, buruen eta giza silueten gainean margotutako koadroak, edo Warholekin egin zituen elkarlanak dira erakusketak hamabi aretotan zehar biltzen dituen lan adierazgarrienak.

Basquiaten lerro arin, basati eta senezkoa argi ikus daiteke Africanos de Hollywood (1983), Atletas negros famosos (1978-1981), edo Warhol bere aitajaun artistikoarekin batera margotu zuen Brazo y martillo (1985) lanetan.

Jenio baten arte aldarrikatzailea

Bildumaren haria bere arte aldarrikatzailea den arren, hainbat modu ezberdinetan adierazten da erakusketaren aretoetan: graffiti kaletar iheskorretik hausnartzera bultzatzen duten collagetara egiten da jauzi. Collageen artean azpimarragarria da Slave Auction, pertsona zuri baten buru-hezurra zeru laranja bizi bat erakusten duten leiho ireki batzuekin agertzen den artelana.

Jenio erakargarri, hezigaitz eta basatiaren eredu, Basquiat mihiseen mugetatik haratago joan zen, eta hozkailu zaharrak, leihoak, ateak eta lisaburdinak birmoldatu zituen, gero bere lantegian gordetzeko.

Harrigarria iruditu zitzaion hau Jeffrei Deltch arte kritikariari Basquiaten estudiora egin zuen bisita batean, izan ere, "hozkailu hondatu bat diseinuzko objektuz, hitzez eta ikurrez" bete zuen Basquiatek, erakusketaren antolatzaileen hitzetan.

Parisko Arte Moderno Museoaren erakusketatik ibilalditxo bat egin ostean, artistak zuen Diogenesen sindromearekiko gustua ere ikus daiteke, baita artistaren tailerreko argazkiak ere. Basquiaten idazkiak ere biltzen ditu erakusketak, eta ez da arraroa, izan ere, berak zioen "koadro idazlea" gehiago zela "pintorea" baino.

"Kultura hiritar bortitz eta anarkikoa askatasunez eta bizitasunez puztuta", horrela definitu zuen Basquiatek berak artearen bidez adierazteko erabiltzen zuen modua.

Medikamenduak drogekin nahastuta hartzeagatik izandako intoxikazio batek moztu zuen, autopsiaren arabera, artista honen ibilbide distiratsu eta bizkorra. Bere hastapenak New Yorkeko metroan graffitiekin esperimentazioak eginez izan ziren, 19 urte besterik ez zituela, eta horrela egin zen munduan ezagun.

(Argazkiak: EFE)