Itzuli orri osora
Fotokazetaritzaren hiriburu bilakatuko da Gasteiz Periscopio Erakusketarekin
vie, 29 oct 2010 16:35:00 +0200

Prentsa-argazkilaritzaren hiriburu bilakatuko da berriro ere Gasteiz. Izan ere, hilabete eta erdiz irudi ikusgarri eta bitxiek hiriko txoko guztiak hartuko dituzte, argazkilaritza zaleen gozamenerako.

Abenduaren 9ra arte fotokazetaritzak Gasteizko gune ezberdinak hartuko ditu Periscopio erakusketa sortan eskainiko diren lanak erakusteko. "César Lucas. El oficio del Mirar", edizio honetako erakusketa nagusia, Caja Vital Kutxa aretoan izango da ikusgai. Cesar Lucas eskarmentu handiko prentsa-argazkilaria dugu (orain mende erdi hasi zen argazkilari lanetan) eta 120 argazki baino gehiago ekarriko ditu gurera.

Profesionalki erretiraturik dagoen argazkilari-erreportaria kamera atzean izan da azken 50 urteotan. Denok dugu gure oroimenaren erretinan berak noizbait harrapaturiko irudiren bat. Grina horri eskaini dio bizi osoko lana. Alor guztiak landu ditu kirolak salbu; zinema mundua, politika, gizarte, kultura, bidaiak, moda eta Interview aldizkariko lehen orrialdeak, besteak beste.

Horrez gainera, Montehermoso kulturunean Ian Parry beka lortzeko lehian aritu diren prentsa-argazkilari gazteen (tartean, Sebastian Liste eta Maise Crow, azken bi urteetako irabazleak) lanak ikusteko parada izango da.

Ignacio Aldecoa Kultur Etxean Eugene Richardsek "War is personal" lana erakutsiko du. 13 iruditan Irakeko gerraren ondorioz zenbait iparramerikarren bizitzak zelan txarrera egin duen erakusten digu era gogorrean eta hunkigarrian.

KREA Adierazpen Garaikidearen egoitzan "El regreso de las concubinas" erakusketa dugu, Axelle De Russeren eskutik. Urtero, 8 milioi txinatarrek nekazal guneak atzean uzten dituzte hirietara joateko eta han emakume asko sexuaren munduan sartzen dira. Axelle De Russe argazkilari frantsesak bidai hori islatu du bere irudietan.

Besteak beste, "Éxodo en Kurdistán" (Vidal Coy), "Impact" (Antonio Bolfo), "Objetos, ¿objetivos?" (Colectivo Fo-Ton), "Nuestro mundo, hoy" (Reuters agentzia) eta "Love Me" (Zed Nelson) erakusketak izango ditugu gurean. Halaber, eta aurreko edizioetan bezala, World Press Photo lehiaketan parte hartu duten argazki harrigarriek txoko berezia izango dute Periscopio ekitaldiaren baitan.

Ezin dugu ahaztu aurreko urteetako irabazleei eskainitako "Periscopio 2009. Irabazleak" atala. Gasteiz hiriak eta Arabak orokorrean argazkilaritzagatik duten interesa islatzen da bertan. Iñigo Beristain, Aitor Lopez de Audikana, Gaizka Saracibar, Josean Pablos, Gladys Sevilla, Raul Martinez de Rituerto, Jesus Mari Arruabarrena, Jorge Muñoz, Markel Cormenzana eta Ruben Carlos Lobos argazkilarien lanek Luis de Ajuria aretoa hartuko dute.

Argazkilari amateurren lehiaketan irabazle suertatzen direnen artean 7.300 euro banatuko dira. Urtero legez, eurek ateratako irudiak Arabako hiriburuko establezimendu desberdinetan jarriko dituzte: taberna eta jatetxeetan, arrandegietan, ile-apaindegietan eta arropa dendetan, besteak beste. Irabazleen izenak azaroaren 25ean ezagutaraziko dira Jimmy Jazz aretoan egingo den ekitaldian; egun eta toki berean Mark Respect and The Incoherent Band taldeak kontzertua eskainiko du. Iazko irabazle eta finalisten argazkiak Luis de Ajuria aretoan ikusi ahalko dira.

(Argazkiak: Periscopio)