Itzuli orri osora
Euskal pilota arte bihurtuta
mar, 02 nov 2010 19:30:00 +0100
Hamar urte bete dira Kubo-Kutxa Aretoa inauguratu zutenetik eta ospakizunetako ohiz kanpoko egitarauari amaiera emateko, "Jai Alai. Euskal pilotaren edertia" erakusketa jarri da martxan. Euskal pilotaren jokoaren ibilbide historiko hau, artista zerrenda luze baten sorkuntzetan oinarrituta dago. Francisco de Goyaren, Fernando Beorleguiren edo Andres Nagelen lanak ikusteko parada izango da, besteak beste, datorren urtarrilaren 9ra arte Donostiako Kubo-Kuxa Aretoan.

Euskal pilota euskal kulturaren adierazpen esanguratsuenetako bat da. Artista asko sentitu dira pilotarien mugimenduen eta frontoien lerro geometrikoen artean sortzen den indarrak, edertasun plastikoak eta harreman bereziak liluratuta. Interes hori lan askotan islatu dute eta horri esker gaur euskal pilotaren jokoaren ibilbide historiko bat egin dezakegu.

Artelanetatik bidaia

"Jai Alai. Euskal pilotaren edertia" erakusketak arte plastikoko 150 lan baino gehiago biltzen ditu, eta orden kronologikoa errespetatuz hiru zonaldetan dago banatuta. Lehendabizikoan ikusleak egungo pilotaren aurrekariak ezagutuko ditu, Ertamerikan jokatzen zen antzinako pilotaren arrastoak eta beste herrialde batzuetako pilotaren aztarnak aurkituko baititu. Gainera, kirol honen garapena erakusten duten hainbat objektu eta dokumentu topatuko ditugu XIX. mendera artekoak.

Bigarren gunea areto handiena da, eta bertan kirol honekin zerikusia duten XX. mendera arteko lan ugari aurkituko ditugu. Erdialdean frontoi handi bat eraiki dute, eta zenbait fotorreportaje topatuko ditugu, baita bost ikus-entzunezko dokumental ere. Horietan Orson Wellesen irudiak nabarmendu daitezke. Inguru osoan zehar Agustin Ibarrola, Jesus Olasagasti, Aurelio Arteta, Andres Nagel, Maria Purificación Herrero, edo Ascensio Martiarena artisten margo-lanak eta eskulturak ezarri dira.

Hirugarren sailean, goiko solairuan, hain zuzen ere, azken urteotako lan artistikoak biltzen dira. Frontoi formako Fernando Pagolaren instalazio bat eta Agustina Otero eta Leopoldo Ferranen Aptitud, potencia y ocasión para ser o existir las cosas lanek osatzen dute gune hau.

Pilota, duela mende askotatik ezaguna den kirola

Euskal pilota erreferentzia garrantzitsu bat da eta izan da euskal gizartearentzat. Izan ere, pilota bere diziplinaren berezko hesiak gainditu dituen kirol horietako bat da, herri baten kulturaren zati bihurtzeko. Eta are gehiago, gure mugak gainditzea lortu du, nazioartean zabalduz. Eta kirol gisa errespetu bat merezi badu, euskal kulturaren isla gisa ere bai; izan ere, pilotan euskaldunon izateko eta sentitzeko era osatzen duten ezaugarrietako batzuk ikus daitezke.

Wilhelm von Humboldt ikertzaile alemaniarrak, 1801ean lurralde honetara etorri zenean, pilota euskaldunen "festa nagusi" gisa definitu zuen. Horrenbestez, hain geurea den "festa" honi, euskal kulturaren adierazpen nabarmen honi, bizitza luzea opatzea besterik ez zaigu geratzen. Baina aurretik ez ahaztu euskal pilotarekin hitzordua duzula Donostiako Kutxa-Kubo aretoan datorren urtarrilaren 9ra bitarte.

(Argazkiak: Sala Kubo-Kutxa)