Itzuli orri osora
"Izatearen isiltasuna", Koldo Etxebarriak edertasuna du hizpide
vie, 22 oct 2010 16:30:00 +0200

Lugaritz Kultur Etxeak ikusgai duen erakusketa honetan, gizakiaren barne edertasunaren inguruko hausnarketa egiten du Koldo Etxebarria artistak. "Izatearen isiltasuna" mostraren obretan, arkitektura, espazio isilak, argia, kolorea eta kontenplazio jarreran ageri den gizakia dira elementu nagusiak.

Donostiako Lugaritz Kultur Etxean "Izatearen isiltasuna" erakusketa dugu egunotan ikusgai. Koldo Etxebarria artistaren lanak biltzen dira bertan, gizakiaren kontenplazio eta edertasun metafisikoa oinarri dituen lan bilduman.

Erakusketa Bilbon, Gasteizen eta beste zenbait herritan egon da ikusgai Donostiara iritsi aurretik. Bertan, edertasun metafisikoan sakontzen du artistak, gizakiaren ezinbesteko dimentsio bezala. Dimentsio hau gizakiaren barnealdean kokatzen du egileak, sentimenduarekin, gozamen poetikoarekin eta armoniarekin batera. Bere teknika artistikoa azken belaunaldiko teknologian oinarrituta dago.

Isilik eta kontenplazio jarreran ageri den gizakiaren irudia da baliabide nagusia lan hauetan. Barne edertasun metafisikotik abiatuta inguruari zabalik dagoen gizakia dugu Etxebarriaren lanetako protagonista. Arkitekturak ere badu bere lekua, eta eraikin ezberdinen bitartez edertasuna egunerokotasunean dagoela islatu nahi du artistak: gizakiaren ohiko bizi-lekuetan, bere etxean, lanean, aisialdian... Inguru isilek giza irudia babesteko helburua dute, lasaitasun atmosfera bat ere sortuz. Argia eta kolorea, aldiz, inguruaren eta gizakiaren arteko armoniaren sortzaile dira bilduma honetan.

Koldo Etxebarriak 27 urte daramatza ETBko sail artistikoan lanean. Aurten, AEBko Los Angeles hiriko Digital Art Galleryn izan ditu bere lanak ikusgai, eta Alcala de Henareseko Unibertsitatean Oteiza, Chillida eta Ibarrolaren lanekin batera ere erakutsi ditu bere artelanak. Madrileko deARTE ferian ere erakusketak egin izan ditu. Bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu Etxebarriak, tartean Certamen Nacional del Arte y la TecnologĂ­a lehiaketan eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ertibil lehiaketan.

Teknologia, artea eta filosofia

Etxebarriak darabilen teknika azken belaunaldiko teknologian oinarrituta dago, eta hainbat programa informatiko erabiltzen ditu bere artelanak egiteko. Era berean, ekialdeko filosofian eta Zen filosofian prestakuntza sakona du, Jean Kleinekin, Ramana Maharshirekin, Antonio Blayrekin, Consuelo Martinekin eta Anthony de Mellorekin landutakoa. Horren ondorioz hainbat hitzaldi eman ditu ekialdeko filosofiaren eta artearen loturaren inguruan.

"Izatearen isiltasuna" erakusketa Gipuzkoako hiriburuko Lugaritz Kultur Etxean bisitatzeko aukera izango da urriaren 29ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era.

(Argazkiak: Koldo Etxebarria)