Itzuli orri osora
Susan Hillerrek ikusten duena, Montehermoson
mar, 26 oct 2010 16:30:00 +0200

Gasteizko Montehermoso Kulturguneak Susan Hiller artista estatubatuarraren "What I see" erakusketa du ikusgai, joan den irailaren 17tik urtarrilaren 9ra arte. Belaunaldi berrientzat erreferente bilakatu da Hiller bere lanei esker.

Beatriz Herraez eta Xabier Arakistain komisario dituela, Susan Hiller arte kontzeptualeko artista britainiar garrantzitsuenetakoaren Espainiako banakako lehen erakusketa aurkeztu du Montehermosok. Haren lan artistikoa, idatziak, konferentziak edo argitalpenak direla eta, artisten belaunaldi berrien artean erreferentzia nabarmena bilakatu da Hiller.

"What I see" ("Ikusten dudana") erakusketako pieza baten eta erakusketaren beraren izenburua da eta 70eko hamarkada hasieran bere ibilbidea hasitako artistaren ekoizpeneko etapak hartzen ditu; orduan finkatu zuen bere bizitokia Londresen, AEBtik etorri ostean.

Erakusketan bere lanean ohikoak diren intereseko gaiak lantzen dituzten obra ugari bildu dituzte, besteak beste, errepresentaziorako modu hegemonikoen azterketa, zientziaren objektibotasunari egindako kritika edo artea ezagutzaren diziplina gisa berriz definitzea, "garrantzirik gabekotzat" hartu izan dena txertatzea ahalbidetzeko.

Hillerren arte-ibilbidean, telepatiari, espiritismoari, meditazioari, idazketa automatikoari edo hipnosiari egindako erreferentziak etengabekoak dira, eta horiekin batera, psikoanalisia, feminismoa, lengoaia zinematografikoa, museografia edo artxiboko materialaren katalogaziorako teknikak erabiltzen eta berriz bere egiten ditu. Jokabide horrek a priori lotu gabe dauden eta kontrakoak diren espazioen arteko erlazioen sistema berriak gaitzen ditu; adibidez, kaleen, Erresuma Batuko kostaldeko postalen edo galbidean diren hizkuntzen indexatze (zientifiko nahiz artistiko) prozesuetan eragiten duten ideologiak adierazten dituzten lanetan adierazita.

Prozesu arrazionalei atxikitako bazterketaren logikarekin borrokatze sistematikoa, baztertzeak, bazterrean utzitako hondarrak, berreskuratuz. Sedukzioa eta zorroztasuna konbinatzen dituen jarrerarekin, artistak gauzek inguruan duten "mundu ikusgarria" osatzen duten gailu kulturalak aztertzen ditu. Arrastoz eta lorratzez jositako mundua, eta horrekin, Hillerrek alfabeto alternatiboak eraikitzen ditu, inkontzientea baztertzen duen gizartea zalantzan jartzen dutenak, eta fantasmak, berekin datozen beldurrak, ezkutatuta daudenak.

Azkenaldian Susan Hillerrek (Tallahassee, Florida, 1940) izen oneko hainbat zentro eta museoetan aurkeztu ditu bere erakusketak: Index (Stockholm), Museo Serralves (Oporto) edo Kunsthalle Basel (Basilea), besteak beste. Bere lana, era berean, Berlineko Biurtekoaren 5. edizioan edo Los Angeleseko MOCAko "WACK! Art and the Feminist Revolution" erakusketan ikusi ahal izan da. Tate Britain artistaren atzerabegirako erakusketa ari da prestatzen 2011ko otsailerako.

(Argazkiak: 1-4: Montehermoso; 5: susanhiller.org)