Itzuli orri osora
Artea erruz, Iruñeko Arte Plastikoen XII. Bienalean
mar, 19 oct 2010 16:31:00 +0200

Iruñeko Conde de Rodezno erakusketa aretoak "Iruña Hiria" Arte Plastikoen XII. Bienalerako aukeratutako 39 obra ditu ikusgai. Mostrak bideoak, pinturak, argazkiak, instalazioak, eskulturak eta litografiak biltzen ditu bere baitan, urriaren 15ean ireki zuten eta abenduaren 8ra arte mantenduko dute zabalik. Bertan, bertoko, Nazioko eta Nazioarteko artista handien lanak daude ikusgai. Gainera, horietako batzuk Udaletxeak erosi egin ditu Arte garaikideko bere bilduma osatzeko.

Biurtekoaren hamabigarren edizio honetara 20 herrialde ezberdineko 490 artistak eman zuten izena, eta guztira 1.900 lan aurkeztu zituzten. Artistetatik 448 Espainiakoak ziren: 106 madrildarrak; 87 nafarrak; 56 euskaldunak; 50 kataluniarrak eta 37 valentziarrak. Atzerritik 42 artistek eman zuten izena, eta horien jatorria, besteak beste, Frantzia, Portugal, Italia, Errumania, Erresuma Batua, Txile, Argentina, Venezuela, Mexiko, Ekuador, Brasil, etab.

Artelanak hautatu dituen epaimahaiaren kideak honako hauek dira: Paz Prieto Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziaren ordezkaria; Teresa Lasheras Kultura Alorreko zuzendaria; Fernando Frances Malagako Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria; Silvia Lindner Würth La Rioja Museoko zuzendaria; Javier Riaño BilbaoArteko zuzendaria; Teresa Luesma CDANeko (Beulas Fundazioa) zuzendaria, eta Angel Arbe Arte Plastikoen Udaleko teknikaria.

Bienalak egungo artista plastikoen sormena bultzatu nahi du, eta haien lanak sustatzea eta jendartean zabaltzea du helburu. Hori horrela, Iruñeko Udalak aurkeztutako lanen balorazioa egin du, eta behin haien artean hautaketa egin eta gero, interesgarrien iritzitakoak erosi ditu, gehienez ere 42.000 euroko gastua egin arte. Modu horretan, Udalaren Arte Garaikidearen Bildumara obra gehiago gehitu dizkie.

Erakusketako artelanen zerrenda

Hau da Udaletxeak erositako obren zerrenda: "The misted glass" serieko Izenik gabea, Elssie Ansareo Nuñezena; Jesus Zuritaren No saberse; Jorge Gomez Perianesen Izenik gabea; Almale Bondiaren In situ 2: Marcel Duchamp. Etant données; Patxi Araujo Baronen 19 anillos; David Rodriguezen 25 Mayo; Jose Medina Galeoteren Stamping on Island; eta Izaskun Alvarez Gainzaren Jardins qui menènt a toi, je prendrais toujours soin de toi ma chérie.

Gainera, erakusketan beste 32 artelanez gozatzeko aukera ere izango da: Mª Angeles Agrela Romeroren 31 lección de anatomía; Elena Rato Tasconen Tercer día del tercer mes; Luis Candaudap Guinearen Incubo; Anton Cabaleiro Fontenlaren The Empire State Essays 1; Gustavo AlfredoMarrone Quirogaren Pintura con chat; Iker Serranoren Jaque al peón; Ana Perez Peredaren Intervalos; Noelia Garcia Banderaren Identidad; Michael Kaehneren Fight 1, fight 2, fight 3; Maria Zarazua Astigarragaren A proposito de Eri 03; Abigail Lazkoz Saezen Antihumanismo; Amaia Lekerikabeaskoa Gaztañagaren Izenik gabea; Julio Garcia Falaganen Entretenos con algo; Asuncion Goicoechea Fernandezen Coronitas; Francisco Javier Muro Sanz de Galdeanoren Game over; Juan Jose Lazcano Mayorren Izenik gabea; Felix Ortega Martinezen Corazón de Tokio N. 16; Cecilia De Val Arrueboren Wolves Lambda print; Yann Leto Redondoren You'll never walk alone so where do we go; Juan De la Rica Olasoren Diana; Patxi Araujo Baronen Origin of Species; Nerea De Diegoren Fauna residual; Carlos Mª Puig Ayestaranen Nieve cerca de la ciudad; Alfonso Ascunce Izuriagaren Estudio para gramas (Teresa); Jorge Rubio Pineroren Mi casa. Mi castillo; Ivan Perez Vidalen Gervasio; Irene Andessnerren I.A. Mozart (?);Matias Sanchez Marinen Le Dèjeuner sur l'herbe o el almuerzo de los rumanos; MP eta MP Rosadoren La intimidad; Fernando Villena Irigorasen Izenik gabea; eta Amaia Gracia Azquetaren Banco no blanco.

Erakusketaren ordutegia astelehenetik ostiralera 18:30etik 21:00etara da, eta igandetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

(Argazkiak: Iruñeko Udala)