Itzuli orri osora
Gainditu zure beldurra Artiumen
vie, 15 oct 2010 19:30:00 +0200

Artiumek beldurraren inguruko erakusketa pedagogikoa aurkeztu du. Zentro-museoaren Bildumako lanek osatutako erakusketa honek gutako bakoitzak bizi dituen beldurren jatorriari eta izaerari buruzko gogoeta egiten du. Nondik datoz beldurrak? Ikasten den zerbait da? Kulturarekin lotuta daude? Galdera horien guztien erantzuna Gasteizen topatuko dugu 2011ko ekaina bitarte.

Gainditu beharreko lehendabiziko beldurra arte garaikidearen ataria zeharkatzea da. Artium, Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak "Beldurra" erakusketa aurkezten du, Hezkuntza Sailak Bildumako lanekin osatua.

Erakusketaren helburua, besteak beste, Artiumen era guztietako taldeekin, hala eskolako haurrak nola bisitari helduak, garatzen diren jarduera eta lantegi pedagogikoetarako lagungarri izatea da. Gainera, erakusketa honen bidez beldurrari itxura bat eman nahi zaio, eta horretarako elkarrizketarako gune bat sortu dute jarduera eta lantegietan gutako bakoitzak beldurraren aurrean ditugun sentipenak hitzez adierazteko eta gauzatzeko.

Sei artelan biltzen ditu "Beldurra" erakusketak, eta tartean margolanak, marrazkiak eta eskulturak daude, eta horietako bakoitzak galderak egiten ditu, bai orokorrak, baita zehatzagoak ere. Erakusketa honen abiapuntuan, beldurra sentipen orokorra den ustea dago. Gutako bakoitzak bere beldurrak ditu: iluntasunari, urari, besteari, minari, maitasunari, bizitzari, zomorroei, geure buruari, beldurrari... Egia esan, pertsona bakoitzaren haurtzaroko iruditeria sorgin gaiztoen eta ogroen istorioz beteta dago, zintzo itxurak eginez hurbildu eta gero printzesa, haur eta maitagarriak izutzen dituztenak.

Artelanetatik ibilbidetxoa

Tamaina handiko triptiko bat dago erdiko gune nagusian, egunkarietako izenburu zatiekin egindako collagea, eta komunikabideetan askotan agertzen diren albiste tragikoen berri ematen du. Erakusketan badira beldurra sortzen duten bestelako egoerak ere, esaterako, minaren inguruko Elena Blascoren Izenik gabe 6 urtinta, edota Mayte Vietaren eskultura bat Cicatrices izenekoa; Charo Garaigortaren Cotton mouth, animalia batzuekiko fobiaren ingurukoa; gaixotasunaren inguruko Marina Nuñezen "La locura" serieko izenik gabeko bat; edota ezagutzen ez dugunak eta naturaz gaindikoak eragiten digun beldurra, Pedro G. Romeroren Angel.

Artiumen bildumako funtsetik egiten diren formatu txikiko erakusketa hauek arte garaikidea modu erraz eta dinamikoan ezagutarazteko diseinatuta daude, eta gai zehatz baten ingurukoak izaten dira, artelanen esanahi ugariak analizatzen eta interpretatzen ikasteko.

(Argazkiak: Artium)