Itzuli orri osora
Jesus Mari Lazkanoren pintura hiperrealistaren erakusketa, Arte Eder Museoan
vie, 15 oct 2010 19:30:00 +0200

Joan den urriaren 4tik hasita eta 2011ko urtarrilaren 16ra arte, Bilboko Arte Eder Museoak "Lazkano. Arkitekturatik naturara" erakusketa du ikusgai BBK aretoan. Jesus Mari Lazkano artista gipuzkoarraren bilduma hau bere ibilbidearen errepasoa da, eta bertan 82 koadro eta marrazki daude ikusgai. Gainera, Lazkanok bereziki erakusketa honetarako sortutako obra berriez gozatzeko aukera ere badago.

Jesus Mari Lazkano Bergaran, Gipuzkoan, jaio zen 1960an. Arte Ederretan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta orain bertan ari da lanean, Pintura Saileko Irakasle Titular bezala. 80ko hamarkadaren hasieran abiatu zuen Lazkanok ibilbide artistikoa, eta munduko hainbat herrialdetan banakako zein taldekako erakusketak egiten ibilbide handia duen pintore ezaguna da.

Teknikari dagokionez, modu geldo eta zehatzean pintatzen du, errealitate ia fotografikoa bilatzen duen birtuosismoarekin. Oinarri hiperrealistako bere errepresentazioek erromantizismoaren tradizioa eta espiritu surrealista gogorarazten dituzte, eta, aldi berean, agerian uzten dute margolariak nolako sentsibilitatea duen arkitekturaren eta paisaiaren balio plastikoekiko; izan ere, errepresentazioaren eta errealitatearen arteko jolas kontzeptual gozoa proposatzen du.

Erakusketak Lazkanoren ibilbidea errepasatzen du, eta, horretarako, neurri ertain eta handiko 82 koadro inguru eta marrazkien aukeraketa bat daude ikusgai, denak ere esparru desberdinetan artikulatuak: arkitekturarekiko eta hiriarekiko interesetik hasi, eta imajinaziozko paisaia urrunen agerpenetaraino, non naturak protagonismo handiagoa hartzen duen.

Gainera, erakusketa honetarako beren-beregi pintatutako lan multzo argitaragabe bat aurkeztuko da; hain zuzen ere, Bilboko Arte Eder Museoa eta bertako espazioak dira lan horien gai nagusiak.

Ibilbide luzea

Bere ibilbide luzean, artistak hainbat sari eskuratu ditu, horien artean azpimarragarrienak Artista Berrien Lehen Saria Donostian (1982); Euskal Artearen Zornotzako V. Bienalean Lehen Saria (1984); Gure Artea Lehen Saria eta Bizkaiko Artea Saria (1985); Madrilgo Kultura Ministerioak emandako Arte Gaztearen Saria (1986); Gure Artea Grabatuen Bigarren Saria "Los ciclos se repiten" obrarengatik (1987); eta Ibérico Dos Mil Saria (1991).

Gainera, hainbat beka ere eman dizkiote. Horrela, 1982an, 1983an eta 1984an Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sormen Artistikorako Beka eskuratu zuen eskultura alorrean; 1984an, 1985ean, 1987an eta 1988an Eusko Jaurlaritzaren Laguntza lortu zuen pintura lanak egiteko; 1986an eta 1987an Bizkaiko Aurrezki Kutxak Beka eman zion; eta 1990ean Madrilen, Banesto Sormen Artistikorako Beka eman zioten. 1995ean Indonesian, Espainiako Enbaxadaren beka jaso zuen, eta 1997an eta 1998an Erromako Arte Ederren Akademia Espainiarrak beka eman zion.

Bere jarduera artistiko luzean zehar, Lazkanok munduko hainbat tokitan azaldu ditu bere lanak, eta, noski, Euskadi osoan ere bai. Horrela, bere obraz gozatzeko aukera izan dute toki guzti hauetan: Madril, Bartzelona, Chicago eta Dallas (AEB), Lugano (Suitza), Jakarta (Indonesia), Erroma eta Milan (Italia), Amsterdam (Holanda), Argentina, Alemania, Frantzia, Brusela (Belgika), Salzburgo (Austria), Stockholm (Suedia), Helsinki (Finlandia), Istanbul (Turkia)...

Beraz, Jesus Mari Lazkanoren obraren inguruan gehiago jakin nahi dutenek aukera paregabea dute Bilboko Arte Eder Museoan, "Arkitekturatik naturara" erakusketarekin. 2011ko urtarrilaren 16ra arte egongo da ikusgai.

(Argazkiak: Bilboko Arte Eder Museoa)