Itzuli orri osora
Holandako eta Flandeseko pinturen Urrezko Aroa, Guggenheimen
vie, 08 oct 2010 19:30:00 +0200

"Urrezko Aroa: Städel Museumen Holandako eta Flandeseko pintura" izeneko erakusketan 130 pintura inguru daude ikusgai, gehienak XVII. mendean Holandako eta Flandeseko maisuek sortutakoak. Natura hilak eta vanitasak, paisaiak, erretratuak eta erlijio- eta historia-eszenak gaika antolatu dira Museoaren hirugarren solairuan zehar. Atzo irekitako bilduma 2011ko urtarrilaren 23ra arte egongo da zabalik.

Erakusketa honek Städel Museumaren funtsen selekzio zabal bat aurkezten du. Frankfurteko museo hori 1816an ireki zen eta Europako XVII. mendeko artelanen (bereziki Holandako eta Flandesko pinturen) bilduma garrantzitsuenetako bat du. Izan ere, arte estilo horrek leku nagusia izan zuen Johann Friedrich Städelen (1728-1816) bilduman, hain zuzen, haren izena duen museoaren funtsen jatorri izan zen bilduman. Erakusketan garai hartako maisu nagusien lanak aurkezten dira eta hala hausnartzen da Urrezko Aroak, historikoki eta artistikoki interes handia duenak, pintura genero berriak sortzea bultzatu zuela eta beste genero klasiko batzuk, esaterako, paisaiak, erretratuak, natura hilak eta historia-pinturak, beste modu batean zehaztu zituela.

Friedrich Städelen bilduma

Johann Friedrich Städel Frankfurteko merkatari eta banku gizona zahartzaroan hil zen bere jaiotzeko hirian 1816an, eta horrek Europako arte museo garrantzitsuenetako baten jaiotza ekarri zuen. Städelek oinordeko bakar izendatu zuen gerora bere deitura betiko hartuko zuen arte-institutu bat: Städel Museuma.

Fundazio zibil gisa sortu zen Städel Museuma Alemaniako merkataritza gune adierazkorrenetako batean eta, egun arte, Frankfurteko hiritarren eragin handia izan du. Izan ere, harreman hori nabarmena da museoaren bildumetan, azken 200 urteetan osatu baitira dohaintzei eta opariei esker, baita honako eskuratze-politikari esker ere: gutxi gorabehera 1300. urtetik egundainoko Europako pinturaren garapenaren ikuspegi orokorra aditzera ematen duten funtsezko artelanak biltzea.

Städel bizi zen garaian hasita, Holandako Urrezko Aroko (oro har, XVII. Mendeko) pinturak leku gailena izan du museoaren bilduman. Lan horiek Holandako erdiko klaseko merkatari protestanteek osatutako elitearentzat sortu zituzten batez ere, eta Frankfurteko bildumagileen gustuetara ondo egokitu zitzaizkien; finean, horien funtsak (osorik edo zati batean) Städelera dohaintzan emango zizkieten.

1568an Austriako etxearen aurka altxatu ziren holandarrak eta ondorengo hamarkadetan Holandako iparraldeko Probintzia Batuek euren lurraldeak babestu zituzten Filipe II.enak eta bere ondorengoek Habsburgotarren gobernua berrezar ez zezaten; hala XVII. mendean munduko merkataritza potentzia bihurtzea lortu zuten. Testuinguru horretan, nazio identitate eta harrotasun sentimendua piztu zen gizartean eta horixe islatu zuten Urrezko Aroko pintoreek. Garai hartako eliteko merkatariek (gehienak protestanteak eta burgesak ziren) dirutza handia egin zuten eta euren idealak eta morala jasotzen zituzten koadroak erakutsi nahi zituzten etxeko saloietan.

Obra kopuru handia

Städel Museumen Urrezko Aroko Holandako eta Flandeseko pinturen aukeraketa bikain honek garaiko Holandako artearen ikuspegi orokorra azaltzen du eta hainbaten maisulanak aurkezten ditu, esaterako: Gerard ter Borch, Adriaen Brouwer, Gerrit Dou, Jan van Goyen, Frans Hals, Cornelis de Heem, Willem Kalf, Adriaen van Ostade, Rembrandt van Rijn, Jacob van Ruisdael eta Jan Vermeer. Horietan argi nabarmentzen da nola islatu ziren Holandako elitearen gustuak eta idealak pintura historikoan eta erretratuetan, ohitura-eszenetan, natura hiletan eta paisaietan.

(Argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa)