Itzuli orri osora
Sàrmede euskal fantasiaz beteko da
mié, 06 oct 2010 19:30:00 +0200

Datorren urriaren 18an "Le immagini della fantasia" jaialdiaren 28. edizioa jarriko da martxan Sàrmeden (Italiako iparraldea). Ilustrazioari loturiko nazioarteko jaialdia da, eta ilustrazio eta liburu erakusketak, haurrentzako ekintzak, ikuskizunak edo tailerrak nagusituko dira, besteak beste, abenduaren 19ra arte luzatuko den jai erraldoi honetan. Mundu guztiko ipuinen, alegien eta kondairen artetik bidaia egingo dugu, beraz, 35 artista baino gehiagoren ilustrazioekin; horietan aipatzekoak bi euskaldun: Iban Berrenetxea eta Elena Odriozola.

Iban Barrenetxea, Violeta Lopiz, Elena Odriozola eta Gabriel Pacheco dira, besteak beste, 38 artistez osaturiko talde horretako partaideetako batzuk. "Le Immagini della Fantasia" jaialdiaren 28. edizio berri honetara hogei herrialde baino gehiagotatik helduko dira artistak. Hitzordua Sàrdemeko Jauregi Munizipalean dute urriaren 18an hasi eta abenduaren 19ra bitartean. Sàrmedeko jaialdiak azken urte honetan kaleraturiko mundu osoko liburuak biltzen ditu, bide batez, tendentziak eta ilustrazio garaikidearen garapena ere jasoz.

Aurtengo gonbidatu nagusia Beatrice Alemagna ilustratzaile eta idazle italiarra da. Baina beste ilustratzaile ezagun ugarik ere parte hartuko dute jaialdian, besteak beste, Iban Barrenetxea (1973, Elgoibar) eta bere El cazador y la ballena (OQO) ipuinak; Violeta Lopiz (1980, Ibiza), eta bere La coda canterinak (Topipittori); Elena Odriozola (1967, Donostia) eta Cuentos del mundo lanak (Anaya); eta amaitzeko Pecheco, (1973, Mexiko DF) eta El gran viaje (OQO) ipuinak.

Urtero 40.000 pertsona inguruk parte hartzen dute jaialdian, eta urteroko legez egitaraua tailer ugarirekin, animaziozko irakurketekin, profesionalen topaketekin eta bestelako ekitaldiekin osatuko da. Sármeden amaitu ostean, erakusketak beste herrialde batzuetara egingo du saltoa. Hala, abendutik aurrera Venezian, Madrilen, Genoan, Parisen, Sevillan, Vienan, Istanbulen, Stuttgarten, Florentzian, Erroman, eta Munichen izango da erakusketa ikusgai.

"Lehendabiziko aldia da nazioarteko erakusketa batean parte hartzen dudala, eta irrikaz nago urteetan zehar miretsi ditudan egile handiekin batera erakusketa honetan parte hartzeko. Mundu honetan hasi nintzeneko hainbat orri eta marrazki aukeratu ditut erakusketarako. Ordularia alde batera utzi eta nostalgiaz oroitzen dudan artisautza tekniken aldia erakusten dut (arkatza, pastelak...)" adierazi du Iban Barrenetxeak.

Violeta Lopizek, berriz, bere ibilbideari errepasoa egiteko aprobetxatu du: "PLAST! Ze azkar doan dena, atzo Balerio ezagutu eta, PLAST! Dagoeneko kaleratu ditugu elkarrekin hainbat gauza eta Sarmedeko erakusketaren baitan gaude! Eta, PLAST! Esku bete kana". PLAST! Untxi zuri batean berraragiztatu naiz. PLAST! Zuhaitz batean. PLAST! La coda cantarina izeneko liburu batean."

Gabriel Pachecorentzat, berriz, "Sarmede ulertzeko eta ikusteko aukera bat da, beste ideia batzuetara gerturatzeko aukera handi bat". Kokatzeko ariketa bat da, ikusteko ariketa bat, beste batzuen lanei so egiteko aukera bat. Aukera zabal honengatik konpromezua onartzea. Horrela da, une batez gelditu, ingurua begiratu, airea hartu eta berriz ere hastea".

Halako erakusketa sortzeko ideia 1982. urtean sortu zen Pragako Stefan Zavrel ilustratzailearen eskutik, izan ere, Sarmedera joan zen bizitzera. Sortu zenetik gaur egunera arte asko handitu da erakusketa eta azken urteotan mundu osoko 40ren bat ilustratzaileren 300 ilustrazio baino gehiago bildu izan ditu erakusketak, eta gutxi gorabehera 40.000 bisitari izan ohi ditu.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 4: Sàrmede mostra; 5, 6: Pencil.ilustradores)