Itzuli orri osora
Oroimenaren maleta, Gerra Zibilaren altxor fotografikoa
mar, 28 sep 2010 19:30:00 +0200

New Yorken zabaldu berri duten erakusketan Espainiako Gerra Zibilean borroka egin zuten soldaduen argazkiak daude ikusgai. Robert Capak galdu eta Mexikon aurkitu duten maleta batean zeuden. Irudi horiek "Mexikoko maleta" izeneko bildumaren zati txiki bat dira, 4.500 negatiboz osatutako hiru kaxa baitira. Mexikoko hiriburuan aurkitu zituzten orain dela bi urte 1939. urteaz geroztik desagertuta egon eta gero.

Dena 1937ko otsailean hasi zen. David Seymur, Chim izengoitia zuen argazkilaria Berriatuko baserri batean izan zen, gerrara zihoazen soldadu errepublikarren omenezko meza baten irudiak hartzen: fraideek eskainitako babesa, apaizek egindako hileta elizkizunak, pertsona askoren erretratuak...

Euskadiko irudi gogoangarriak

Irudi horiek "Mexikoko Maleta" izeneko bildumaren zati txiki bat besterik ez dira, izan ere 4.500 argazki baino gehiago aurkitu zituzten hiru kaxetan sartuta Mexikoko hiriburuan duela bi urte. Argitaratu gabeko irudi horiek Chimen eta berarekin Espainiako Gerra Zibila argazkietan jasotzen ibili ziren Capa eta Tarot argazkilarien negatiboak dira.

Errepublikarrek Euskadin zuten babesa argazkietan jasotzea eskatu zioten argazkilariari. Euskaldunen eta errepublikarren arteko harremana asko interesatzen zitzaien, elizarena eta mugimendu errepublikarren artekoa, baita herritarrek gerra nola bizi zuten ere.

Chimek hainbat aste eman zituen Amorebietan, Gatikan, Bermeon, Gernikan, Lekeition eta Bilbon. Bilbon Aya Mendi untziko arrantzaleei argazkiak atera zizkien Francorentzat armak zeramatzan Alemaniako gerra untzi bat harrapatu eta gero. Gainera, Jose Antonio Agirreri Bilbon ateratako argazkiak edo fusilatu baino bi hilabete lehenago Federico Garcia Lorcari eginiko argazkiak ere ageri dira bilduman, horiek ere lehenago sekula ikusi gabekoak.

Maletaren istorioa

Orain arte ezezagunak ziren Gerra Zibileko hainbat oroitzapen gordetzen zituen "Oroimenaren maletak". Duela bi urte horiek topatzea mundu mailako gertakaria izan zen. 1939an galdu zen materiala. Robert Capak, faxistengatik ihesi, Estatu Batuetara jo zuen eta Gerra Zibilean bildutako material grafikoa laguntzailearen eskuetan utzi zuen, Parisen.

Capak, Gerda Tarotek eta David Seymourrek ateratako argazkien negatiboak ziren, hiru kaxatan gordeta. Laguntzailea ere Judua zen, eta horrek ere ihes egin behar izan zuen, maleta Mexikoko diplomaziaren bulego batean utzita. Francisco Aguilar jeneral mexikarraren ondorengoek aurkitu zuten azkenik eta, bidean hainbat geldialdi egin eta gero, New Yorkeko Internacional Center Photography elkartera iritsi zen maleta.

Barruan 4.000 iruditik gora aurkitu zituzten, gehienak argitaragabeak, eta horietako asko eskaneatu egin zituzten. Aukeraketa sakona eginda, urtarrilaren 9ra bitartean irekita egongo den "Mexikoko Maleta" erakusketa antolatu dute. Gerra Zibilaren altxorrak datorren urtarrilaren 9ra arte egongo dira ikusgai Manhattango 42. kalean eta datorren urteko udazkenean Bartzelonan izango da ikusgai erakusketa, hiriko Arte Museo Nazionalean.

(Argazkiak: EFE)