Itzuli orri osora
Berrikuntzak Ekainberriko ikasturte berrian
vie, 24 sep 2010 16:35:00 +0200

Uda garaian museoak nahitaezko geldiadi bilakatzen dira publiko guztiarentzat. Eta horren adibide garbia Ekain kobazuloko erreplikak dira, aurten ere bisitariak ez baitira falta izan Ekainberrin. Museoak bi urte bete berri ditu, eta dagoeneko 2010/2011 ikasturte berriarekin indarberrituta dator.

Ekainberri, Ekain kobazuloko erreplikak, irailaren 11n ospatu zuen bere bigarren urteurrena, eta bigarren urte honetan ere 40.000 bisitari izan ditu erreplikak, lehenengo urteko datu eta ezaugarri oso antzekoekin.

2008ko irailaren 11n Ekainberri inauguratu zenetik 80.000 pertsonak bisitatu dituzte euskal paleolitiko aroko ondare artistiko hauek. Azken uda honetan zehar, bere webgunearen bitartez sarrerak erosteko sistema martxan jarri du erreplikak.

Balorazio positiboa

Sistema informatiko baten bitartez egindako inkestak, Ekainberrik 9ko nota bat lortzen duela ikusi da, beraz, bisitarien balorazioa oso ona izan da. Baina, honetaz gain, bisitarien komentarioek kultur proposamen hau arrakasta lortzen ari dela erakusten dute.

Honi guztiari Ekain kobazuloan izandako azkeneko indusketetako aurkikuntzek berriro gizateriaren ondare honen garrantzia areagotzen dutela ikusten da. Oraindik bizirik dagoen kobazuloak ondoan duen erreplika behin eta berriz elikatzen du bertan ikerlariek aurkitutakoarekin.

Ikasleak, leial erreplikei

Bi taldetan banatzen dira Ekainberrira joan diren bisitariak: bakarkakoak eta ikastetxe taldeak. Lehendabizikoen artean gipuzkoarrak dira gehiengoak, bizkaitar eta arabarren aurretik. Ondoren nafarrak eta Estatuko beste herrialdeetako bisitariak: katalanak, madrildarrak eta andaluziarrak. Atzetik datozenenen artean frantsesak, ingelesak eta holandesak dira gehiengoak.

2009ko irailean abiatu zen 2009/2010 ikasturtean zehar, Ekainberrira 7.094 ikasle etorri dira 397 taldetan banatuta. %93ak euskaraz egin du bisita eta tailerra. Gehien etorri diren ikasleak LH5 eta DBH2 artekoak dira. Ikasleek pinturak ezagutu eta historiaurreko bizimodua nolakoa zen ikasi ahal izan dute.

Ikasturte berrirako ekintza berriak

Bigarren urteurrena ospatu ondoren, berehala hasi da ikasturte berria Ekainberrin ere. Iazko urtean Ekainberrik lau eskaintza ezberdin zituen LH1 eta goi ikasketa arteko ikasleentzat. Aurten, ordea, lau izatetik zazpi eskaintza izatera pasatuko da. Honekin batera, Haur Hezkuntzarentzako eskaintza berezia ere prestatu dute Ekainberrin, ikastoletako txiki txikientzat (4-5 urte).

Ekainberrik gure lurraldean orain dela 13.000 urte bizi izan ziren gizaki haien ezaugarri eta bizimodua erakusteko eta helarazteko lanetan jarraituko du, Gizateriaren Ondare diren margoen atzean dauden eta gu bezalakoak ziren gure arbaso haiek gaur eguneko gure gizartera hurbilduz. Ekainberrik bere Eskaintza Didaktiko guztia bere webgunean du ikusgai. Gainera, erreplikara hurbildu aurretik egiteko ariketak ere proposatzen dira.

(Argazkiak: Ekainberri)