Itzuli orri osora
Fernando Beorlegiren ibilbideari omenaldia
mar, 21 sep 2010 16:31:00 +0200

Nafarroan jaioa baina urte askotan zehar Eibarko bizilaguna, Fernando Beorlegi batez ere estilo errealista erabili zuen eta bere obra kritika soziala egiteko erabili zuen margolari eta marrazkilaria izan zen. 1974an, Daniel Txopitea, Iñaki Larrañaga eta Marino Plazarekin batera, Goruntz taldea sortu zuen. Zurgai aldizkariaren margolari izan zen beranduago. Eta 1972 eta 1976 artean Eibarko Arma Eskolan pintura eta eskultura eskolak eman zituen. Azido taldea antolatu zuen (grabadoa ikasteko) eta 1980an Elgoibarren Arte Eskola bat sortu zuen: "Egur" Arte Eskola. Eskola honetan pintura, eskultura eta grabatua irakatsi zituen.

2008an hildako artista Eibarren bizi izan zen 28 urtez, eta, horregatik, bere ibilbidea omentzeko, bere ehun artelanetik gora biltzen zituen erakusketa bat antolatu zuen udalerri gipuzkoarrak. "Fernando Beorlegi: gogoaren pintzelada garratzak" izeneko bildumak pinturak, grabatuak, marrazkiak eta eskulturak  izan zituen ikusgai; Portalea aretoan izan zen erakusketa, 2010. irailaren 17tik eta urriaren 12ra arte egongo da zabalik.

Eibarren egon aurretik, erakusketa Zarautzen ere egon zen ikusgai, eta, Eibartik pasatu ostean, Lizarrara eramango zuten. Izan ere, udalerri nafarra ere oso adierazgarria izan zen artistaren bizitzan zehar.

2010eko urriaren 28tik 2011 urtarrilaren 9ra, Kubo Aretoan Donostian,

"JAI ALAI. Euskal pilotaren edertia"

erakusketan artisten artean zegoen pintura honekin.

Fernando Beorlegi 2008ko urtarrilaren 6an hil zen eta, ordutik aurrera, bere familia bere obraren eta materialaren bilduma lanetan ibili da. Horren emaitzen ondorioz antolatu dituzte aurtengo erakusketok. Gainera, bilduma lanei esker, Beorlegiren semea, Mikel Beorlegi, artistaren ondarearen datu-basea sortzen ari da, hainbat pertsonaren laguntzari esker.

Hain zuzen, 2010ko urrian, artistaren semeak Fernando Beorlegui izeneko liburua aurkeztu zuen. Bere aitak pintatutako 500 bat koadro katalogatu ditu eta horien fitxa teknikoa egin du Mikel Beorlegik, eta bere ibilbidea biltzen duen liburua kaleratu du.

Beorlegiren ibilbidea

Fernando Beorlegi 1928ko urtarrilaren 21ean jaio zen Arrizabalagan, Nafarroan. Oraindik ere nerabe zela, 15 urte zituela, Pradoko Museoa bisitatu zuen eta Goyaren margolanek harritu egin zuten. Hain zuzen ere, Goyaren eta Gustave Doreren eragina Beorlegiren obra guztian nabarmendu zen.

Bere pintura errealista eta figuratiboa zen. Errealitatea izugarria, zatarra zela zeritzon, eta horregatik errealitatetik aldentzen zela esaten zuen. Horrela, bere obran salaketa sozialak eta kritikak garrantzia handia zuten, baita surrealismoak ere. Gainera, argiaren eta kolorearen eragina dela eta, errealismo magikorantz ere egin zuen. Izan ere, bere aburuz artistak aldaketak izan behar zituen, bilakaera bat izan behar zuen, eta ez zen beti ideia, mugimendu edo korronte berean mantendu behar.

1956an, Maria Luisa Ereña eibartarrarekin ezkondu zenean, Eibarrera joan zen bizitzera, eta bertako eta Euskal Herriko hainbat artista ezagutu eta horien lagun egin zen. Bere lagunak izan ziren, besteak beste, Daniel Txopitea, Marino Plaza, Paulino Larrañaga, Jorge Oteiza, Agustin Ibarrola eta Vicente Ameztoy.

Estatu osoan zehar egin zituen erakusketak Beorlegik, baina azpimarragarrienak Euskal Autonomia erkidegoan eta Nafarroan egin zituenak dira.

2008ko urtarrilaren 6an, gaixotasun luze baten ondorioz hil zen Irunen, 80 urte betetzeko gutxi falta zitzaiola.

 

Web ofiziala: Fernando Beorlegui Beguiristain

(Argazkiak: scribd.com)