Itzuli orri osora
Henri Matisseren "Grabatzearen artea", Bilbon
vie, 17 sep 2010 16:34:00 +0200

Bilboko BBK Aretoak Henri Matisseren (1869-1954) alderdi barnekoena erakusten duten berrogei grabatu biltzen dituen "Grabatzearen artea" erakusketa izango dA ikusgai irailaren 14tik urriaren 30era bitartean. Kolorea asko erabiltzeagatik zen ezaguna frantziarra, baina areto bilbotarrean ikusgai dagoen bildumako grabatuetan zuria, beltza eta grisa dira protagonistak. Erakusketa astelehenetik larunbatera bitartean egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara; igandeetan itxita egongo da.

Matissentzat, grabatua eta marrazketa ez ziren bere obra hedatzeko modu bat, "barne kreaziorako espazio bat baizik". Ideia hori argi ikus daiteke bildumako piezetan, Martine Soria komisarioak azaldutakoaren arabera. Bertan artistaren bi autorretratu daude, baita bere hiru biloben erretratuak ere.

"Marraztea ez dut uste trebetasun berezia eskatzen duen ariketa denik. Batez ere barneko sentimenduak eta animo-egoerak adierazteko bitartekoa da", esan zuen pintoreak berak 1939an.

Berrogei obren bitartez (bere ibilbideak egin zituen zortziehun grabatuetatik hautatutakoak), erakusketak teknika horretan Matissek egin zuen lanaren ibilbidea adierazten du, izan ere, egin zuen lehen grabatua, Henri Mattisse gravant (1900-1903), eta azkena, Trois têtes. A l'amitié (1951-1952) (bere biloben erretratua), azaltzen dira.

Azpimarragarria da, baita ere Udaberria (1938) izeneko grabatua. Lerro garbiak eta leunak azaltzen ditu, eta, agian, bildumako nabarmenena da, baina komisarioak esan duenaren arabera, ez da gai honen obra gustukoena zein den erabakitzeko, izan ere, "Matisseren garai guztiak dira interesgarriak eboluzio bat daramatelako".

Teknika aniztasuna

Matisseren bizitzatik ibilbidea egiteaz gain, pintore frantziarrak erabilitako tekniken aniztasuna ere azaltzen du bildumak. Guztira sei biltzen ditu: punta lehorra, luma-marrazkitik gertuen dagoen teknika; akuafortea, nabardurak (grisak eta tonu erdiak) eransteko aukera ematen duena; zuraren gaineko grabatua, ezbairik gabe artistek marrazki bati forma eta difusioa emateko baliatzen duten teknika antzinakoena; linograbatua; ur-tinta eta litografia.

Matissentzat interesgarriena giza figura zen, eta ez natura hila edo paisaia; hori argi azaltzen da Bilbon ikusgai dauden grabatuetan, izan ere, pertsona biluziak, jantzitakoak eta erretratuak azaltzen dira lan guztietan.

Azken talde honi lotuta, komisarioak azaldu du pintore frantziarrak bazekiela erretratuak antzekotasunekin egiten, baina berarentzat beharrezkoa zela haratago joatea, akademizismoa alde batera utzi eta bere modeloan murgiltzea bere barrentasuna irudikatzen saiatzeko, bere espresioa irudikatzeko.

Picassorekin batera XX. mendean bilakaera plastikoan funtsezkoa izan zen artista honek bere ibilbide artistiko guztian egin zituen grabatuak eta horietan, "orekazko artea, garbitasunezkoa, lasaitasunezkoa" bilatu zituen, artistaren beraren hitzetan.

Beraz, Bizkaiko hiriburuko BBK Aretora hurbiltzen direnek pintore frantziarraren alderdirik barnekoena azaltzen duten 40 grabatuz gozatzeko aukera izango dute. Henri Matisseren obra biltzen duen erakusketa joan den asteazkenetik dago ikusgai, eta urriaren 30era arte egongo da zabalik.