Itzuli orri osora
Eskulturak eta txakolinak bat egin dute Bizkaiko upategietan
mié, 15 sep 2010 16:32:00 +0200

Asteburuan Gernikako Itxasmendi upategiko mahastietan txakolinak eta eskulturak elkar hartuko dute, UBE eskultorearen lanak ikusteko beta izango baita bertan. "Ktart" ekimenaren bitartez, eskulturaren sorkuntzaren eta txakolin produkzioaren arteko fusioa egin nahi da. Artea, zaporea eta usaimena elkarrekin izango dira eta txakolin upategia eskulturaren erakusketa areto bihurtuko da.

Garai bateko upategiekin alderatuta, ez dute zerikusirik gaur egungo upategiek. Denboraren poderioz, arkitektu handiek estilo abangoardista duten eraikuntzak egin dituzte, eta tripa betetzeko gune izatetik, ardoaren tenplu moderno eta handiak izatera pasa dira denbora gutxian. Egun hauetan Bizkaiko Foru Aldundiak, Nekaturrekin eta Dosuverekin elkarlanean, "Ktart" ekimena jarri du martxan. Proiektuak bi arteen arteko sinergia sortzeko aukera ematen du, biak ere eskuz eta kontu handiz egindakoak: eskultura eta txakolina, hain zuzen ere.

Upeltegiak, artearen areto bihurtuta

Ekimena joan den maiatzean abiarazi zuten, eta aste batzuetan zehar Bizkaiko Txakolinaren Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan eta Oizko Asola Oxinbaltza eta Bakioko Doniene Gorrondona upategietan egon eta gero, asteburu honetan Itxasmendi Upeltegian ikusi ahal izango da erakusketa. 1995az geroztik Muskizen zazpi urte lanean igaro ostean, 2003an eraikina Gernikara eraman zuten eta, egun, ardo zuria egiteko beharrezko teknologia modernoz dago osatua upategia.

Proiektu honek upategien bisita kopurua handitzea du helburu, izan ere, txakolin-upategiak ekoizpen gune soilak izateari utzi eta topaketa leku izatera igarotzen dira, era horretara arteaz eskuan txakolin on batekin gozatzeko. "Ktart"ek txakolina ere dotorea eta ezberdindua den gutizia desiratuan bihurtzen du, artea bezalaxe.

Gainera, "Ktart" proiektuak badu bestelako baliorik ere: artea ohiko tokietatik kanpora ateratzea. Bilboko Guggenheim Museoak Enolia ardo eta olioen azokaren hamargarren edizioa antolatu du aurten. Orain, berriz, artea upategietara gerturatu nahi izan dute, toki horiek eskulturaren erakusketa aretoan bilakatuz.

UBE, aukeraturiko artista

UBE eskultore bizkaitarra aukeratu dute ekimen hau aurrera ateratzeko. 1961ean Gernikan jaiotako artista autodidakta, eskulturaren inguruko hainbat ikastarotara joaten trebatu zen. Julio Muñoz pintore eta eskultore kubatarrarekin hasi zituen bere aurreneko prestaketak Ameriketako Estatu Batuetan. Handik Mexikora alde egin zuen Paul Kempeyesen eskutik eskultura ikastaroak jasotzera. Bere jaioterrira itzultzean, berriz, Txentek eman zizkion eskultura klaseak, eta 2000 eta 2001 urteen baitan Bilbao arten hainbat ikastaro jaso zituen.

Horrela, eskulturan espezializatu zen, eta garrantzia handiko guneetan erakutsi ditu bere lanak bakarka, besteak beste, Sratfordko Home of Arts-en (AEB), Cancuneko (Mexiko) Los Mitos Etxean, Austriako Galeria Herbeten edo Bizkaiko beste hainbat erakusketa aretotan, besteak beste. 1993az geroztik zenbait eskultura egin ditu eraikin publiko eta pribatuetarako. Azken hilabeteotan bere erakusketa aipatu lau upategietan ikusi ahal izango da.