Itzuli orri osora
Ibilaldia Florentziako museoetan barrena (II)
vie, 21 may 2010 15:40:00 +0200

Iragan astean Florentziako museorik garrantzitsuenetako batzuk bisitatu genituen, gure ibilbidearen lehen zatian. Galleria degli Uffizi, Museo Nazionale del Bargello, Galleria dell'Accademia edo Museo Nazionale di San Marco museoetan artearen munduko maisulan handienetako batzuk ikusteko aukera izan genuen; Botticelliren La Primavera eta La Nascita di Venere edo Leonardoren Adorazione dei Magi margolan ezagunak edota Michelangeloren David eta Pietà Bandini eskulturak, besteak beste. Aste honetan, hiriko beste hiru museo ospetsu bisitatuko ditugu gure ibilaldiari amaiera emateko: Palazzo Pitti, Medici-Riccardi Jauregia, Museo dell'Opera del Duomo.

Palazzo Pitti, museorik dotoreena

Arno ibaiaren hegoaldeko erriberan, Ponte Vecchio ezagunetik gertu, Palazzo Pitti izeneko jauregi errenazentista ikusgarria dago. Luca Pitti bankariaren aginduz altxatuta, jauregiak hainbat erabilera izan ditu historian zehar: Medici familiaren egoitza ofiziala XVI. mendean, Napoleon I.aren base militarra XIX.ean, edota Italiako Errege-erreginen egoitza ofiziala. Azkenik, XX. mende hasieran jauregia eta barruan zegoen guztia Florentziako herriari eman zioten oinordetzan. Hartara, Palazzo Pitti Florentziako museo garrantzitsuenetako bat eta handiena bilakatu zen.

Jauregiak 32.000 metro koadroko azalera du eta zenbait gelatan banatzen da: Jauregiaren Galeria (Rafael, Tiziano, Correggio eta Rubens artisten lanak daude ikusgai bertan), Errege Apartamentuak, Arte Garaikidearen Galeria, Zilarraren Museoa, Portzelanaren Museoa, Jantzien Galeria edo Gurdien Museoa.

Pitti Jauregiaren atzean, Giardino di Boboli izeneko lorategi historikoa dago. 45 hektareako azalerarekin, lorategi hau zentzumenen gozamenerako toki aproposa da oso. Bertan, ninfen omenez altxatutako monumentu bat, aire zabaleko antzoki bat edota Neptunoren eskultura bat, iturri ikusgarri bat aurkituko ditugu, besteak beste.

Via Cavour kalean, Basilica di San Lorenzotik gertu, Medici-Riccardi Jauregia bisitatuko dugu. Hiriko jauregi handientsuenetako bat da, eta artelan garrantzitsuak erakusten dituen museo bat hartzen du. Benozzo Gozzolik egindako fresko multzo bi dira, zalantzarik gabe, museoak eskaintzen duen erakargarritasun nagusia: Angeli in adorazione eta Cavalcata dei Magi.

Pietà Bandini, jenioaren milagarren maisulana

Piazza del Duomo plazan, Museo dell'Opera del Duomo museoarekin egingo dugu topo. Bertan, Michelangeloren beste maisulan entzutetsu bat dago: Pietà Bandini. XVI. mendean eginda, bi metrotik gorako altuera du. Eskulturaren protagonista nagusia Kristoren gorpua da, Nicodemok eutsi eta Ama Birjinak eta Andre Maria Magdalenak besarkatzen ari direna. Dirudienez, Michelangelok bere autorretratua egin zuen Nicodemoren aurpegian. Artistak bere hilobia izateko altxatu zuen eskultura, baina azkenean saldu egin zuen.

Eskultura ezagun horrez gain, Museo dell'Opera del Duomon beste obra interesgarri batzuk aurkituko ditugu: Brunelleschik altxatutako Katedralaren maketak, edo Donatellok egindako bi eskultura: La Maddalena eta Profeta Abacuc.

(Argazkiak: Wikipedia)