Itzuli orri osora
Ibilaldia Florentziako museoetan barrena (I)
vie, 14 may 2010 15:41:00 +0200

Errenazimentuaren sorleku, Florentziak balio handiko altxor artistiko anitz ditu. Artearen historian euren izenak zizelaz edota pintzelaz betirako grabatuta utzi zuten artista askoren maisulanak hartzen ditu Toscanaren bihotzean kokatutako hiri honek. Giotto, Brunelleschi, Botticelli edo Michelangelo dira euren sinadura Florentzian utzi zuten jenioetako batzuk. Ondare artistiko amaigabe horren lekuko izateko, hirian dauden museo ugarietako batzuk bisitatu besterik ez da egin behar. Artearen tenplu horietan gordetako maisulan ospetsuak dira, hain zuzen, Florentziak eta Errenazimentuak artearen historian duten garrantziaren adierazgarririk onenak.

Galleria degli Uffizi da museo guztien artean ikusgarriena. Piazza della Signoria plazan kokatuta, Palazzo Vecchioren aldamenean, pintura errenazentistaren inguruko munduko museorik garrantzitsuena da. Pinturaren tenplua da zinez, eta bertan munduko arte-bildumarik ezagunenetako bat dago ikusgai; hori dela eta, bisitari gehien hartzen duen Florentziako tokietako bat da Galleria degli Uffizi.

Palazzo degli Uffizi jauregia XVI. mende erdialdera altxatu zen, Medici dinastiaren sortzailea izan zen Cosme de Mediciren aginduz. Jauregia magistraturaren bulegoak hartzeko eraiki zuten, izan ere, Palazzo Vecchio txiki geratu zen. Dena dela, denboraren joan-etorriarekin jauregia Medici familiaren bilduma pribatu eta baliotsua gordetzeko erabili zuten. Gaur egun, museoaren arte-bilduma amaigabea da zinez, eta eraikina hainbatetan handitu arren, oraindik ere ezin dute museoren arte-lan guztiak ikusgai jarri.

Jauregiak bi solairu ditu, eta bietan zabaltzen da erakusketa, kronologikoki ordenatuta. Ibilbide ahaztezin horretan, pinturaren historiak utzitako maisulan entzutetsuenetako batzuk ikusteko aukera izango dugu, besteak beste, honako hauek: Botticelliren La Primavera eta La Nascita di Venere, Leonardoren Adorazione dei Magi eta Annunciazione, Michelangeloren Tondo Doni, Rafaelen Madonna del cardellino, Tizianoren Venere di Urbino, Caravaggioren Bacco, Giottoren Madona Ognissanti, Filippo Lippiren Madonna col Bambino e angeli edota Paolo Uccelloren Battaglia di San Romano.

Davidekin aurrez aurre

Via Ricasoli kalean kokatuta, Basilica di San Marco elizatik gertu, Galleria dell'Accademia museoa gorriz markatuta dago Florentziara hurbiltzen diren turista ororen mapan; izan ere, eskulturak eta pinturak ikusgai dituen museo honek Errenazimentuko eta artearen historiako eskultura ezagunetako bat hartzen du: Michelangeloren David. 1501 eta 1504 urteen altxatutako obra honetan David Erregea ikus dezakegu, Goliatekin borrokan hasi aurreko uneren batean; momentuaren tentsioa oso ondo erakusten du Daviden aurpegiak.

1910. urtera arte, estatua ikusgarri hau Piazza della Signoria plazan zegoen, Palazzo Vecchioren aldamenean, baina, urte hartan, Galleria dell'Accademiara eraman zuten eta, plazan, tamaina bereko kopia bat jarri zuten, hura ere marmolez egindakoa.

Gainera, museo honetatik paseatzerakoan, Botticelliren Madonna del Mare, Pontormoren Venere e Cupido edota Filippino Lippi eta Ridolfo Ghirlandaio artisten pinturak ikusi ahal izango ditugu.

Palazzo Bargello jauregia nahitaez bisitatu behar dugun beste museo bat da. XIII. mende erdialdera altxatu zuten, Florentziako udaletxea izateko. 1865etik aurrera, Museo Nazionale del Bargello hartzen du. Gehienbat eskulturak daude ikusgai bertan, besteak beste, Michelangeloren Bacco edo Donatelloren David.

Piazza di San Marco plazan, Galleria dell'Accademiatik gertu, Museo Nazionale di San Marco museoa aurkituko dugu. San Marco komentu ikusgarrian dago museo honek hainbat artelan ezagun erakusten ditu: Fra Angelicoren Deposizione dalla Croce eta Madonna dei Linaioli, edo Domenico Ghirlandaioren L'ultima cena.

(Argazkiak: Wikipedia)