Itzuli orri osora
Anish Kapoorren sorkuntza-lan sorta eta kolorez betetako kanoikadak, Guggenheim Bilbao Museoan
vie, 09 abr 2010 15:18:00 +0200

Artistaren lanari Espainiako Estatuan eskaini zaion lehen erakusketa monografiko handia da. Kapoorrekin lankidetzan egituratuta dago, eta azken 30 urteotan, 1970eko hamarkadatik gaur arte, egin dituen hainbat lan biltzen ditu. Tiroak txokoan (Shooting into the Corner) izenekoa gailentzen da beste ororen gainetik. Kanoi batek argizari gorria jaurtitzen du aretoko horma baten kontra. Heldu den urriaren 12ra arte izango da ikusgai.

Martxoaren 16tik urriaren 12ra bitartean dago ikusgai Guggenheimen Anish Kapoor artistaren (Mumbai, India, 1954) lanari Espainiako Estatuan eskaini zaion aurreneko erakusketa monografiko handia. Bere belaunaldiko artisten artean garrantzitsuenetakoa da, eta sekulako eragina dauka. Formaren eta espazioaren inguruan egin dituen ikerketek eta kolore eta material ezberdinen erabilera bitxiak goitik behera astindu dute egungo eskultura.     

Londresko Royal Academy of Arts akademiak  eta Guggenheim Bilbao Museoak antolatu dute, eta Kapoorrekin lankidetzan instalatu eta egituratu dute. Artistaren lan egiteko eraren eta sorkuntza-prozesuaren hausnarketa sakona eskaintzen du 70eko hamarkadatik gaur arte egindako bilduma ezberdinen parte diren 20 lanen bitartez. Ikusmenaz haratago doazen esperientzia psikologikoen bidez, bisitariari Kapoorren eskultura-lengoaia eta mintzaira poetikoa ezagutaraztea du xede.

1000 izen (1000 Names, 1979-84) bilduma da Bilbon ikusgai daudenen artean zaharrena. Lurzorutik edo paretetatik atera direla diruditen forma geometrikoek osatzen dute, eta pigmentu-hautsa daramate atxikita. Egilearen hitzetan, ''objektu horiek beti bertan egon direla dirudi, euren kasa sortu direla, alegia''.

Lehen behar horien ostean, hutsaren ideia aztertzeko aurreneko ahaleginak egin zituen, Adam (1988-89) eta Titulurik gabea (1990) obrek argi erakusten dutenez. Kapoorrek objektuak zulatu zituen eta haien barnealdea kolore ilunekin margotu zuen. Hori dela eta, badirudi eskulturak hustu gabe daudela. ''Badirudi hustu arren, espazioa ez dela husten, are gehiago, bete egiten dela dirudi'', dio artistak.

Guggenheim Bilbao Museoko erakusketak beste hiru lan erraldoi ere biltzen ditu: Horia (Yellow, 1999), horma hori batean hondoratzen den zulo erraldoia; Ene aberri gorria (My Red Homeland, 2003), paisaia gorri bat kolore bereko 25 tona argizari mugitzen dituen metalezko hegal batekin; eta Mundua azpikoz gora, Urrea (Turning the World Upside Down, Gold, 2009). Azken horretan, ispiluen gainazal ahurrek bisitarien islak buruz behera jartzen dituzte, eta inguruko soinu-uhinek hartzen duten espazioa aldatzen dute.
 

Tiroak txokoan (Shooting into the Corner, 2008-09) artelanak museoaren areto oso bat hartzen du. Kanoi batek argizari gorria jaurtitzen du horma baten aurka. Urriaren 12an erakusketa ixten duten arte, 30 tona argizari bilduko dira bazter horretan.

Aipatzekoak dira, era berean, Greymanek negar egiten du, xamana hiltzen da, ke kiribilak, deitutako edertasuna (Greyman Cries, Shaman Dies, Billowing Smoke, Beauty Evoked, 2008–09) eta Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree & the Eye, 2009) lanak. Lehena Kapoorren artelanik berriena da, eta formaren ohiko kontzeptua apurtzen duten zementuzko zenbait eskulturek osatzen dute. Bigarrena, berriz, Guggenheim Bilbao Museoaren iparraldeko urmaelean dago, ibaiaren alboan. Altzairu herdoilgaitzezko 80 esferaz eginda dago, eta inguruko irudiak islatzen eta ugaritzen ditu, isla fraktalak sortuz.

Artistaren hiri-proiektuak ardatz dituen ''Didaktika'' sailak eta irudi zein testuen bitartez Kapoorren bilakaera artistikoa erakusten duen katalogo batek biribiltzen dute erakusketa.

(Argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa)