Itzuli orri osora
Peter Friedlen erakusketa Bilboko Rekalde Aretoan
jue, 18 mar 2010 15:31:00 +0100
Bilboko Rekalde Aretoak ekainaren 6ra arte, Peter Friedl, Berlinen bizi den artista austriarraren erakusketa hartuko du. Egileak berriki sortutako lanak, martxan dituen proiektuen ingurukoak, zein aurretik egindakoak biltzen ditu. Euskarriak ere anitzak dira: bideoak, paperera bideratutako argazki lanak, artxibo proiektuak eta hiru film.

Bilbao Song izena du film horietako batek, eta Rekalde Aretorako espresuki sortutako lana da. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondorekin aurkeztu du erakusketa Peter Friedlek.

Egileak berak azaldu duenez, bi irudik hunkitu zuten txikitan: Municheko Olinpiar jokoetako eraso palestinarra, eta Carrero Blancoren aurkako atentatua, azken honek ''Espainiako historia aldatu zuelako''. Bere jakin-min pertsonalak eraginda sortu du bideoa, Bilborako berariaz. Euskal historiarekin, kulturarekin eta artearekin erlazionatutako guztiaren inguruan egileak izan duen ''interes kritikoa'' islatzen omen du lanak.

Historiarenganako interesa pizten dionaren gainean galdetuta, Friedlek esan du Euskal Herriko egoera gogora ekar ditzaketen hainbat gatazka bizi izan dituen herri batetik datorrela bera ere. ''Ez naiz politika kontuetan aditua, baina beti iruditu izan zait interesgarria gatazkan bizi diren herrien egoera: akordio batera heldu edo bere identitate politiko, linguistiko edo sozial propioa definitzeko gatazkan bizi direnen kasua, alegia''. ''Argi dago -gaineratu du- kontraesan asko dituzten egoerak direla, baina beti material oso interesgarria plazaratzen dutela''.

Santurtziko Serantes Aretoan filmatu du Bilbao song. Bideoan hainbat egileren koadroak daude ikusgai, tartean momentu eta pertsonaia historikoak irudikatzen dituzten egile euskaldunen lanak ere. Aktore profesionalak eta figuranteak erabili ditu koadroetako egoerak plazaratzeko. Figuranteetako batzuk ezezagunak dira, baina bada egileak gondidatuta bertan parte hartu duen pertsonaia ezagunik ere. Prentsaurrekoan bertan jakitera eman duenez, bideoan ikusgai dira ETAko sortzaile eta geroago Aralarreko fundatzaile izandako Julen Madariaga eta Pirritx eta Porrotx Gipuzkoako pailazoak. Euskal presoen sakabanatzea salatu zuten pailazoek bideo batean.

Azken bi pertsonaia hauen parte-hartzearen arrazoiak ere azaldu ditu artistak: ''keinu bat da, modu tolesgabean gizartearen kontzientzia eragiteko''. Maitasun sentimendurik eragingo ez dion materialarekin lan egitea gustatzen zaiola ere gaineratu du artistak.

Julen Madariagari buruz, bestalde, Friedlek esan du sinpatia handia eragin dion gizona dela, ''gorabehera handiak gaindituta ere, etorkizunean irmoki sinesten duen pertsona delako''.