Itzuli orri osora
Pariseko 'Belle Époque' garaia gogoan
vie, 26 feb 2010 16:04:00 +0100

Donostiako kubo-Kutxa Aretoak Paris. 100 urte izeneko erakusketarekin eman dio hasiera bere 10. denboraldiari. Joan den mende hasieran Frantziako hiriburuak bizi izan zuen bilakaera izango da ikusgai aretoan datorren apirilaren 5era arte. Claude Ghezen bilduma pribatuko lanak biltzen dituen Geneveko Petit Palais museotik erakusketa hau osatzeko bereziki ekarritako obrek osatzen dute Paris. 100 urte.

Guztira 75 dira Donostian erakusteko hautatu diren obrak: 62 pintura, 8 marrazki, 2 eskultura, 2 akuaforte eta kartel bat, hain zuzen. Renoir, Derain, Degas, Utrillo, Steilen, Picasso, María Blanchard, Foujita, Chagall, Van Dongen edo Francis Picabia dira erakusketa honetako obrak sinatzen dituzten artista aipagarrienak.

Egileen zerrenda luzea da benetan eta ez da inola ere hor bukatzen; aurrekoen aldean ospe gutxiago izanda ere, Louis Legrand, Georges Bottini, Gustave Caillebote, Camoin, Sem, Marevna, Ossip Zadkine, Albert Gleizes edo André Lhote dira erakusketan parte hartzen duten beste autore batzuk. Paris bezalako hiri batek garai batean bizi izandako bilakaeraren ikuspuntu bat hurreratzen digute, aurrera egiten hasi berria zen hiriburu baten argazkia egiten dute guretzat. Bakoitzak bere erara, XX. mende hasieran kale eta lokaletan zeramaten bizimodua eta orduan aldatzen hasi ostean desagertuko zena eta biziraungo zuenaren kontaketa helarazten digute artista hauek beren lan eta mihiseen bidez.

Lau gai nagusitan dago banaturik Paris. 100 urte erakusketa:

· 'Ikuskizuna, gaua': Jai eta festetako neurrigabekeria eta Parisen garai hartako izaerarik askeena islatzen duten obrek osatzen dute sail hau. Mende hasierako kafetegiak eta denboraren joanean mitikoa egin den "Moulin Rouge" dira eremu honetako lanen protagonista nagusiak.

· 'Barnealdeak, Barneko kontuak': Margolan hauek aro berri baten jaiotza erakusten dute, orduan hazten ari zen Montmartre auzoko bizimodu ezberdina, bohemioa eta alternatiboa oinarritzat hartuz. Auzo hartan bizi izandako idazle, artista, modelo eta beste pertsonaia anitz dira lan hauetako protagonistak.

· 'Parisko eszenatokiak': Hiriaren beraren egituraren sekretuak biltzen dira izenburu honen baitan. Haussmann baroiaren ekimenez Parisek jasan zituen hirigintza eta arkitektura aldaketez ari zaizkigu sail honetako obrak. Bilakaera honek bulebar handiak, saltokiak eta antzokiak ekarri zizkion hiriari eta honi esker, txoko orotara hedatu zen bizimodu berritzailea abiatu zen; `Belle Époque' aroa jaiotzear zegoen. Honek, hiriari falta zitzaion modernotasuna eta baikortasuna eman zizkion hasi berria zen mendeari aurrerapen eta askatasun ukitu batekin aurre egiteko.

· 'Paris, abangoardien egoitza': XX. mende hasierako hainbat artista, poeta eta arte-merkatari biltzen dira sail honetako koadroetan; garai hartan egongela handiek pertsonaia hauentzat eta, orokorrean, hiriko bizimaila kulturalarentzat zuten garrantzia argi uzten duten lanak dira guztiak ere. Testuinguru honen baitan jaio ziren gerora horren esanguratsu egingo ziren fauvismoa edo kubismoa bezalako korronte artistikoak.

Garai hartako Paris egiatan zena ezin hobeki islatuz ixten dute 49 argazkik Paris. 100 urte. Erakusketaren izen bera darama baita aretoan eskuratu daitekeen liburu batek. Bildumaren jabea den Claude Ghezen hitzak eta María Dolores Jimenez Blancok (erakusketako komisarioa) lan guztien inguruan egindako azterketa sakonak jaso dira bertan, erakusketako obretako bakoitzaren kopia zehatzekin batera.

Argazkiak: Kubo-Kutxa Aretoa