Itzuli orri osora
'Ni eta bestea', Artiumek Indiari eskaintzen dion begirada
jue, 31 dic 2009 10:01:00 +0100

Gasteizko Artium Museoak, "Ni eta bestea. Erretratua Indiako argazkigintza garaikidean" izeneko erakusketan, Asiako herrialde honen errealitate ezberdinei so egiten die bertako 16 argazkilari esanguratsuenen lanaren bitartez; erretratua da ibilbide osoko protagonista nagusia. Bartzelonako Palau de la Virreinarekin batera antolatu den erakusketa hau museoko Iparra Aretoan egongo da ikusgai 2010eko otsailaren 10era arte.

"Ni eta bestea"n erretratua da identitate zeinu eta esanahi-eramaile nagusia, egun herrialdeak bizi duen eguneroko gogor eta korapilatsua munduari ulertarazteko bidea. Ikusgai dauden 180 obra hauek, artistaren kontzientzia subjektiboan sortzen diren irudi ezberdinen adierazpena dira; azken finean, herri baten errealitatea edo errealitateak ikusarazten ditu artista adierazkor anitzen begiraden bitartez. Erakusketaren azpitituluak, "Erretratua Indiako argazkigintza garaikidean", Indiako bizimoduaren gizarte-sare konplexuko aldaketei, dikotomiei eta bestelako gorabeherak erakusten dituen ikuspegiari egiten dio aipamen.

Artxibo zaharretatik oraintsu berreskuratutako irudiak dira bilduma honetako gehienak; batez ere, etxe-giroan eta familia artean egindakoak. Bereziki deigarriak dira bi argazkilarik (Richard Bartholomew (1926-1985) eta Umrao Singh Sher-Gil (1870-1954)) beren seme-alabei egindako erretratuak. Umrao Singh Sher-Gil, Indian "mise-en-scène" (eszenaratze, frantsesez) generoaren aitzindaria izan zen. "Ni eta bestea" erakusketak bere 30 autorretratu ikusteko aukera eskaintzen du, "vintage" estilokoak batik bat. Achinto, Anay Man, Anup Mathew Thomas, Anita Khemka, Pushpamala N, Prashant Panjiar, Ketaki Sheth, Mahendra Sinh, Deelep Prakash, Sunil Gupta, Gauri Gill, Vidura Jang Bahadur eta Nikhil Chopra dira beste argazkilarietako batzuk.

Guztiak ere, argazkigintzaren alor ezberdinetan dira adituak; kazetariak, dokumentalistak edo beren lana argazkigintzan oinarritzen duten artista plastikoak dira. Bildumako lan ezberdinak serie oso edo zatitutan ikus daitezke. Antolaketa honi esker, bakoitzak garatzen duen gaian eta bere esanahian sakontzeko aukera ahalbidetzen zaio bisitariari.

Ikusteko laguntza

"Ni eta bestea" osatzen duten 180 erretratu eta autorretratuak ikustera Gasteizera hurbiltzen diren bisitariek, gainera, Artiumek eta Mondragon Korporazioak elkarlanean abiatu duten proiektu batean parte hartzeko aukera izango dute; museoko dendan salgai dagoen 2010eko Agenda erosiz lagundu ahalko dute. Salmentetatik lortutako dirua, India bezala, garapen-bidean dauden herrialdeetako biztanleei betaurrekoak helarazteko erabiliko da.

Indiarren ikusmen arazoak konpontzea da aipatutako proiektuaren helburu nagusia. Izan ere, Asiako herrialde hartan asko dira ikusmen arazoak dituzten pertsonak; oso gutxik dute, aitzitik, honi aurre egiteko baliabide nahikorik. Josh Silver fisikari nuklearrak sortutako "betaurreko solidarioei" esker aurkitu nahi diote konponbidea egoera honi. Izan ere, hauek ez dira ohiko betaurrekoak, berezitasun bat dute: ikusmen arazo ezberdinetara (berdin dio miopia, hipermetropia edo presbizia izan) erraz moldatzen dira, erabiltzaile bakoitzak bere kabuz egokitu baititzake norberak behar duen graduazioa zehaztuz.

Horrez gain, erakusketako obrak ikustean izan dituzten iritzi, sentipen eta esperientziak islatzeko aukera ere izango dute bisitariek. Txartel batean esaldi laburren, hitz soilen edota marrazkiren baten bidez nahi dutena adierazi ahalko dute. Bildutako hausnarketa guztiak Artiumeko gelaurreko hormetako batean jarriko dira ikusgai.

(Argazkiak: Artium)