Itzuli orri osora
Artelan arkitektonikoak Guggenheimen
lun, 16 nov 2009 14:01:00 +0100

Franck Lloyd Wrighten (1867-1959) obrari eskaini dio Bilboko Guggenheim museoak bere erakusketarik berriena; arkitekturaren munduan joan den mendeko maisu handietako bat dugu egile hau. Horrela ospatu nahi da bere eraikin garrantzitsuena altxatu zueneko 50. urteurrena: New Yorken dagoen Solomon R. Guggenheim Museumaren eraikuntza. Bertan izan da, hain zuzen, orain arte erakusketa hau ikusgai; museoaren historia osoan bisitari gehien lortu dituena da. 2010eko otsailaren 14ra arte izango dugu Bilbon ikusteko aukera.

Museoko bigarren solairua hartuko duen erakusketa hau, orain arte Ameriketako Estatu Batuetako arkitektoari Europa mailan eskaini zaion zabalena eta sakonena da. Guztira 63 proiektu daude ikusgai: etxe pribatuak, udal eta gobernuentzako eraikuntzak, eraikin erlijiosoak eta baita, inoiz eraikitzerik izan ez zuen zenbait estruktura original ere. Hauekin batera, hamabi maketa, marrazkiak eta animazio digital anitz aurkituko ditugu; Lloyd Wrighten ia hirurogeita hamar urteko ibilbidea hobeen islatzen duen materiala dela esan daiteke.

Wright izan zen arkitektura organikoaren maisu nagusia. Guneak zatikatzearen aurka zegoen. Espazio zabalak maite zituen, argi naturala ahalik eta gehien erabili eta terrazen bidez barrutik kanpoaldearekiko dagoen harremana areagotu ohi zuen. Bere eraikuntzak beti zeuden eraikiak ziren garaira, kokapenera eta horiek erabiliko zuten pertsonen nahietara eta ohituretara moldatuak.

Erakusketa osatzen duten proiektuen artean, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumaren proiektuak deitzen du bereziki arreta. Lloyd Wrightek inoiz egin zuen obrarik "borobilena" dela diote askok. 50. hamarkadan burututako eraikinaren maketa originala kokatu da erakusketako gunerik interesgarrienetako batean, eta inguruan jarri dizkioten marrazki handiek, proiekzioek, argazkiek eta beste hainbat pieza nabarmenek museoa eraiki zuteneko garaia ezin hobeki islatzen dute. Esan behar, egileak ez zuela bere gailurreko proiektua bukatuta ikusterik izan, inaugurazioa (1959an) baino sei hilabete lehenago zendu baitzen.

Ikusi daitezkeen maisuaren lehen lanetatik argi izan zuen eraiki behar zuen edozein eraikuntzaren diseinuak, eraikuntzak berak beteko zuen funtzioaren araberakoa izan behar zuela. Hau izan zen egileak bere ibilbide osoan mantendu zuen filosofia. Honen adibideak dira Unity Temple eraikuntza (Illinois) edo, egun eraitsita dagoen Larkin Company enpresaren eraikuntzaren (New York) proiektua. Horietaz gain, inoiz eraiki ez zen Gordon Strong Planetario ikusgarriaren, Pensilvanian (AEB) dagoen Fallingwater eraikinaren, eta Wrightek Bagdaden egin zuen proiektu baten maketak bildu dituzte.

Maketa artean ia berrehun marrazki originalekin topo egingo dugu Bilboko erakusketa horretan; batzuk ez zaizkio lehenago inori utzi eta ikertzaileei baino ez zaizkie erakutsi izan. Dena den, gutxi dira zirriborroak, dena buruan gordetzen zuela eta ideia ororen ikuspegia berehala paperean islatzeko gai zela baitzioen arkitektoak.

Bilboko Guggenheim museoak hainbat ekitaldi prestatu ditu era berean, erakusketa honen osagarri gisa. Esaterako, Lloyd Wrighten bizitzaren inguruko zinema zikloa eta zazpi hamarkadako ibilbide luzean garatu zuen lanean sakonduko duen Arkitektura topaketa bat.

Erakusketa osatzen duten ia obra guztiak arkitektoaren izen bera daraman fundazioak utzitakoak dira. New Yorkeko erakusketarako erabilitako material berberak erabili dira baina oraingoan, obren antolamendua erabat bestelakoa da. Horrela, hainbat medio nahastu dituen muntaia interesgarri bat egitea lortu da eta honi esker, gaian adituak ez diren bisitarientzat ere erakusketa erakargarri bilakatzea lortu dute.